“Nekez aurkituko dugu gu bezain erotuta dagoen jendea”

“Nekez aurkituko dugu gu bezain erotuta dagoen jendea”

Kerman Garralda Zubimendi

Mont Blanceko ultratrailarekin txundituta gelditu zen Mikel Valdivielso (Beasain, 1977), eta proba hura etxera ekartzea erabaki zuen. Burubelarri lanean ibili da ordutik, eta izen handiko lasterketa bat sortzea lortu du azkenean: Ehunmiliak. “Lasterketa bat baino gehiago da: tresna bat da”. Uztailaren 12tik 14ra jokatuko dute aurtengo Ehunmiliak proba, hamargarrena.

Gero eta errazagoak al dira horrelako lasterketa baten prestaketa lanak?

Ez, ez; gero eta gehiago kostatzen zait niri. Egia da esperientzia lagungarria dela, baina beti saiatzen gara kalitate goreneko lasterketa antolatzen, eta horrek etengabe hobetzera behartzen gaitu.

Ibilbidea bera izan arren, beraz, urtero ia hutsetik hasi behar izaten duzue lanean?

Ezohiko zerbait gertatu ezean, eutsi egiten diogu ibilbideari, baina horrek ez du esan nahi lanak aurrez eginak egoten direnik. Diru kontuek uzten diguten neurrian, ahalik eta hobekuntza gehien egiten saiatzen gara urtetik urtera. Aurten, sare sozialak, izena emateko plataforma, denborak eta abar hobetzera bideratu ditugu gure sosak. Buruhausteak sortzen dizkigu beti hobetu nahian ibiltzeak.

Nork amaitzen du nekatuago, lasterkariek ala zuek?

Guk, dudarik gabe. Azken txanpan sartu gara jada, eta gogor ari gara lanean. Ez dugu korrika lan egiten, baina berdin pilatzen dugu neke fisikoa. Eta, gainera, beste handikap bat ere badaukagu guk: psikologikoa. Korrikalarien, boluntarioen, zaleen eta abarren segurtasunaz eta ongizateaz ere arduratu behar izaten dugu. Orduak joan eta orduak etorri erne egon behar horrek psikologikoki ahitu egiten gaitu.

Zuek ezin zarete lasterketatik erretiratu.

Gehiago ezin duenean, korrikalariak “etxera noa” esan dezake, baina guk jarraitu egin behar izaten dugu, nahitaez. Liberazioa sentitzen dugu igande arratsaldean sariak banatutakoan.

Sekula pentsatu al duzu uztea?

Beti izaten dira halako egunak. Gainera, ez dute zerikusirik proiektuaren hasieran neukan egoera pertsonalak eta egungoak. Lehen, Ehunmiliak probari eskaintzen nizkion laneko orduak ez beste guztiak. Antolaketa lanen zama bera da orain, baina ezin diot eskaini hainbeste denbora. Jendeak ez dit sinesten, baina egunero egiten dut lan Ehunmiliak probaren alde. Berdin dio Urtezahar edo Urteberri eguna izatea; egunero dago zerbait egiteko. Bat bukatzerako, datorrenarekin hasi behar izaten dugu lanean, eta horrela gabiltza hamahiru urteko atsedenik gabeko lasterketan.

Atzetik ba al dator erreleboa hartuko duen norbait?

Ez dakit norbait prest egongo den guri erreleboa hartzeko. Sakrifizio handiko lana da, eta nekez aurkituko dugu gu bezain erotuta dagoen jendea: guk Ehunmiliak probaren inguruan antolatu dugu hamarkada oso bateko bizimodua.

Halere, heldutasun maila bat lortu du lasterketak.

Bi semealaba ditut. Hiru urte eta erdi ditu batek, eta 13 besteak. Gure proba heldutasun maila batera iristen ari da, baina, hasieran, inor gutxik sinesten zuen proiektu honetan. Erotuta geundela esaten ziguten, ezinezkoa zela, eta, pertsona jakin batzuen babesa salbu, nahiko bultzada eskasa jaso genuen. Zama horrekin hasi ginen lanean, jendeari posible zela ikusarazi nahian, eta izugarria izan da maila honetara iritsi izana; halere, egia da maila honi luzaroan eusteko beharbeharrezkoa dela belaunaldi aldaketa bat. Azken hiru urteotan, 20 urte inguruko gazte asko animatu da boluntario lanak egitera; prestutasun handiarekin, gainera. Baina pauso handia dago hortik erantzukizuneko lanak hartzera.

Kezkatzen al zaitu kontu horrek?

Proba amaitu bezain laster, kazetariek horixe galdetzen dute urtero: ea hurrengoan zer egingo dugun. Sekula ez dugu bermatzen hurrengo ediziorik izango denik. Hausnarketa bat egiten dugu lasterketa amaitu eta hamabost egunera, dena nola joan den ikusteko. Babesleekin ere elkartzen gara, gurekiko konfiantzak jarraituko duen jakiteko. Baina, geure burua indartsu ikusten badugu, eta ahalbide ekonomikoa badaukagu, aurrera egingo dugu.

Zenbateko aurrekontua du Ehunmiliak probak?

270.000 eurokoa. Diru asko da. Nahiko laguntza txikia jasotzen dugu erakundeen aldetik, eta hara eta hona ibili behar izaten dugu produktuak saltzen eta babesle bila. Hasieran, proiektua ekonomikoki bideragarria izateko egiten dugu lan, eta bildutako diruarekin antolatzen dugu lasterketa.

Erakundeek, beraz, proba ez dute babesten behar bezala?

Kirol proba bat dela esaten digute, eta, hein batean, hala da. Bistakoa da. Baina lasterketa bat baino gehiago da: tresna bat da. Elkarlanean, gure lurra, gure kultura, gure arazoak, euskara eta abar plazaratzeko aukera bat da. Eta funtzionatzen duela uste dugu. Esan izan digute atzerrian hazteko gaztelaniari garrantzi handiagoa eman beharko geniokeela, baina, Euskal Herrian gaudenez, argi dugu euskaraz egin behar dugula. Honekin ez dut esan nahi garatu behar ez dugunik eta aldaketei uko egingo diegunik. Baina argi daukagu gure filosofia, eta hortik ez irteten saiatzen gara.

Esan duzu Ehunmiliak probaren antolaketa lanetara bideratzen duzula denbora guztia. Izaten al duzu tarterik mendira joateko?

Nahi baino gutxiagotan joaten naiz mendira. Ume txiki bat daukat, ama ere adinean gora doa eta hura zaintzea ere tokatzen zaigu… Irizar enpresan ere nire lan orduak sartu behar izaten ditut. Ia gelditu ere egin gabe ibiltzen naiz egun osoan.

Nora joatea gustatzen zaizu aukera suertatzen denean?

Edonora. Oso gustura ibiltzen naiz inguruko mendietan; Alpeek zoratu egiten naute; Pirinioak dira nire tontorrik kutunenak… Himalaiara joatea da nire ametsetako bat. Jada ez daukat gaitasunik zortzimilako bat egiteko, baina desiratzen nago ibilaldi luze bat egiteko. Oporretara joan izan naizen toki guztietan eskaini izan diot tarte bat mendiari, eta beti itzuli izan naiz maiteminduta.

Mendi bakarra aukeratu behar izanez gero?

Oso zaila da hori! Baina Bisaurin esango nuke. Pirinioetan igo nuen lehenengo tontorretako bat izan zen, eta estimu berezia diot.

Zein plan duzu nahiago: lagun artean mendira patxada ederrean igotzea motxilan txorizoa eta ardoa hartuta, ala ordulariari begira eta jaki energetikoak janez joatea?

Biak. Ni mendizalea izan naiz mendi korrikalaria baino lehenago. Ultrarunning moda honetan, mendira lasai joate horren falta sumatzen dut. Jende asko pasatu da ezer ez egitetik edo asfalto gainean korrika egitetik mendian korrika egitera. Eta asko nabaritzen da batzuek ingurunea ez dutela kontrolatzen. Gainera, ez dugu ahaztu behar mendia oso arriskutsua dela. Ez beti, baina, orokorrean, arinkeriaz jokatzen duten korrikalari hasiberriek sortzen dituzte arazoak.

Mendi korrikalaria ere bazara, eta ultratrail batzuetan parte hartutakoa, ezta?

Bi urtez jarraian hartu nuen parte Mont Blanceko ultratrailean, eta maitemindu egin nintzen lasterketarekin. 2005. urte inguruko kontuez hizketan ari naiz. Garai hartan oso jende gutxik egiten zituen halako lasterketak; halere, gelditu egin behar izan nuen, belauneko lesio baten ondorioz. Ohituta nengoen egunean hiru, lau… bost ordu entrenatzera, eta bat-batean gelditu beharra… Buruari eragiten hasi nintzen, eta, frantziarrek halako proba bat antola bazezaketen, guk ere antzekoren bat antola genezakeela pentsatu nuen, osagai guztiak ditugulako Euskal Herrian: mendia, zaletasuna, lehiarako grina… Proiektua martxan jarriko zuen norbait bakarrik falta zen.

Enkarterri Xtrem, Deiadar Xtrem, Deiadar Ultra, Euskalraida, Hiru Handiak… Moda bat sortu duzu?

Guk ez dugu sortu, baina lagundu egin dugu sortzen. Halere, gu hasi aurretik ere bazeuden mendi martxak, eta baita lasterketaren bat edo beste. Esaterako, Zegama-Aizkorri mendi maratoiko lehen edizioan parte hartu nuen nik, eta martxa guztietara joaten ginen mendi lasterketak prestatzeko. Oinez egiten genuen batzuetan, eta erdi korrika besteetan. Aitortzen dut martxa horiek korrika egitean apurtu egin genuela horien filosofia, baina orduan ez zegoen lasterketa askorik entrenamenduetako lana egiteko. Egun, bestelakoa da egoera. Nahi adina lasterketa dago beste proba batzuk prestatzeko, eta jada ez du zentzurik mendi martxak korrika egiteak.

Nahikoa korrikalari badago hainbeste lasterketa egiteko?

Ez; egia esan, ez dago merkaturik. Badakit inork inori ezin diola galarazi lasterketa bat antolatzea, baina, boom honekin, norbaitek esku hartu beharko luke. Ez dakit Mendi Federazioa den, diputazioak diren, Eusko Jaurlaritza den… Atzerrian probak mugatzen ari dira parke naturaletan eta biosferan eragiten dituzten kalteak txikitzeko, eta Euskal Herrira ere laster iritsiko dira halako neurriak. Hiru Handiak, esaterako, ekainetik urrira pasatu behar izan dute ingurumen arrazoiengatik.

Erabat alde nago ni; zaindu egin behar ditugu natura eta mendiak. Baina dena kontatu behar da: urte guztian lan asko egiten dugu mendien mesederako. Eguraldi oneko asteburu batean mila lagun igo daitezke Txindokira, baina badirudi horiek ez dutela eragiten kalterik, kaltea laurehun laguneko lasterketa batek eragiten duela. Denok elkartu egin beharko genuke debekuak iritsi aurretik, baina ez dago horretarako borondaterik. Eta kudeaketa arazo bat egongo da debekuak hastean: nor bai eta nor ez? Eta nola?

Merezi du hainbeste lan egitea?

Bi edo hiru hilabete behar izaten ditut Ehunmiliak proba bakoitzak ematen didana barneratzeko. Dena jaso behar izaten da lasterketa amaitu bezain pronto; balorazioak egiten ditugu jarraian, memoriak, babesleekin bilerak… Ez dut izaten denborarik deskonektatzeko. Denbora behar izaten da atzera begiratu eta guztiari neurria hartzeko. Baina merezi du. Boluntarioen irribarre aurpegiak, lasterkarien helmugako aurpegiak… ikaragarri betetzen zaitu horrek. Hori bai, zorte handia izan dut familiarekin: emaztea beti egon izan da nire alboan; anaiarengana jotzen dut edozein arazo dudanean; izeba, koinatua, amaginarreba… Laguntzeko prest daude denak, eta ezinezkoa litzateke babes hori gabe.

Antolatzaile gisa, zerk kezkatzen zaitu gehien?

Segurtasunak. Nik ez dut jakiten lasterketa nola doan; pertsonak dira denak, eta, lehenengoa edo azkena joan, edo ikuslea edo boluntarioa izan, haien ongizatea bermatu behar izaten da beti. Lasterketaren aitzakian mendian elkartzen diren asko ez dira jabetzen, gainera, inguruan dauden arriskuez. Iaz, esaterako, ekaitzen aurkako protokoloa aktibatu behar genuela esan nuenean, askok ez zekiten horrek zer esan nahi zuen, eta protokolo horren berri izateak bizitza salba diezazuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.