“Batzuk harritu egiten dira pailazo izateagatik pagatzen didatelako”

“Batzuk harritu egiten dira pailazo izateagatik pagatzen didatelako”

Aitziber Arzallus

Azpeitian eta inguruko herri askotan Ekain-Txou ikuskizunak egin du ezagun Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996), baina handik kanpo ere ezagutzen dute askok, ETB3ko 3zpa4 saioan Amets hezurmamitu duelako bi denboralditan. Lan horiek amaituta, gaur egun zirkuan ari da lanean: Gure Zirkuko malabarista da.

Nolako uda aurreikusten duzu?

Bete-betea. Maiatzean hasi genuen denboraldia, eta abendu aldera arte herriz herri ibiliko gara Gure Zirkuarekin. Baina gustuko lana da, eta pozik nabil.

Zer egitea duzu gustukoen?

Pailazoarena. Zer naizen galdetzen didatenean, pailazoa naizela esaten dut beti. Dena sartzen da hor. Pailazoak egin ditzake imitazioak, eskujokoak, magia…

Zer erantzuten zenuen handitzean zer izan nahi zenuen galdetzen zizutenean?

Pailazoa izan nahi nuela.

Zer esaten zizuten etxean?

Lehenik eta behin, ikasteko, eta gero egingo nuela nahi nuena.

Kasurik egin zenien?

Ez.

Zer ikasi zenuen?

Batxilergoa bukatu nuen lehenengo, eta Haur Hezkuntza ikasten hasi nintzen ondoren, baina utzi egin nuen.

Pailazoa jaio egiten da ala egin egiten da?

Jaio egin behar dela uste dut. Edozeinek jantz dezake ileorde bat eta margo dezake aurpegia, baina bokazioa behar da. Lehengoan Ikerrek [Galartza] esaten zuen gure lana ezin duela edonork egin, baina ofizioa duenari ez zaiola lanik faltako. Eta arrazoia du; gurea hori da, ofizioa daukagula. Jakin nahiko nuke zenbat ingeniari dauden orain lanik gabe; eta guk, zirkua eroriko balitzaigu, Donostiako Bulebarrera joan, txapela pasatu eta ogitarteko baterako lain, behintzat, lortuko genuke.

Zer behar da pailazo ona izateko?

Gustatu egin behar zaizu egiten duzuna, eta ahalik eta gehiena prestatu behar zara gero, gure lanbidean beharrezkoa delako baliabideak izatea.

Nola prestatu zara zu?

Beste pailazoak ikusiz, batez ere. Clown ikastaroak egiten dituzte batzuek; nik ere probatu dut pare bat aldiz, baina ez zaizkit gustatu gehiegi. Clown ikastaro batean, adibidez, ez dizute irakasten klarinetea jotzen edo eskujokoak egiten. Norbere kasa landu beharreko gaitasunak dira horiek.

Zuk badakizu klarinetea jotzen. Txikitan ikasi zenuen?

Ez. Duela pare bat urte hasi nintzen musika eskolan, baliagarri izango zitzaidala pentsatuta.

Eta nolatan hasi zinen eskujokoak egiten?

7 bat urterekin, TVEko El Gong Show programa ikusten ari nintzela sartu zitzaidan harra. Parte hartzaileetako batek esku batekin Rubik kuboa eta bestearekin bi pilotarekin eskujokoak egiten zituen. Rubik kuboarena ez, baina bestea lor nezakeela pentsatu nuen, eta halaxe hasi nintzen, bi pilotarekin. Handik denbora batera, ludotekan nengoen batean, herriko bi artista ikusi nituen kanpoan eskujokoak egiten, eta haiei eskatu nien hiru pilotarekin egiten irakasteko. Gero, urte batzuetan, Erdi Aroko azoka antolatu zuten herrian, eta etortzen ziren titiriteroei aholku eske ibiltzen nintzen: bata nola egiten zuten, bestea nondik erosi zuten… Pena ederra hartu nuen azoka antolatzeari utzi ziotenean!

Gaur egun, zenbat pilota bota ditzakezu airera?

Zortzi bota izan ditut, eta bederatzi ere bai.

Ordu mordoa sartuko zenuen entrenatzen, ezta?

Bai. Udan igerilekura joaten ziren lagunak, eta nik han jarduten nuen parkean, bero galantarekin.

Non erosten duzu materiala?

Hasieran, norberak egitea da normalena, tenisko pilotei arroza sartu eta puxika batekin estaliz eta. Bestela, Interneten. Hor ere modak daude: markak, tamaina, materiala… Diru mordoa gastatu izan dut materialetan.

Asko irabazi gabe, agian…

Ez pentsa; zirkuan lanean jarduteko, etxetik gertu eta zirku txiki-txiki bat dela kontuan izanda, ez gaude kexatzeko moduan. Autonomoa naiz ni, horrek dituen gastu guztiekin, eta nahiko ondo kobratzen dugu. Gastatzeko ere ez daukagu denbora askorik eta…

Eskujokoak egitea berez zaila bada, meritu bikoitza duzu zuk, ikusmen arazo bat duzulako: Stargardt-en gaixotasuna duzu. Zer da zehazki?

Gaixotasun genetiko bat da, jaiotzetikoa. Normalean, nerabezaroan hasten da garatzen, eta etapa desberdinak izan ditzake. Nolabait esatearren, begiaren erdiko partetik ez dut ikusten. Nire kasuan, zorionez, nahikoa geldirik dago azken urteetan, baina gehiago garatuta ere, ez da ailegatzen begi osoari eragitera.

Eta nola moldatzen zara?

Moldatzen ikasten da.

Ekain-Txou-rekin atera al zinen lehenengoz plazara?

Ez. Bost lagunek Txantxalgara pailazo taldea sortu genuen aurretik: Xanti Agirrezabalak, Ignacio Arakistainek, Ignacio Azkuek, Mireia Galartzak eta nik nauk. Emanaldi batzuk egin genituen, eta Uztarria aldizkariko Kontuk eta komeriyek atala ere egiten genuen orduan. Gustura ibiltzen ginen, baina ikasketengatik-eta bere bidea hartu zuen bakoitzak. Nik orduan sortu nuen Ekain-Txou ikuskizuna.

Eta handik eta hemendik hoska hasi zitzaizkizun…

Bai, asko espero gabe, uda bikaina atera zitzaidan, astean bi emanaldirekin eta.

Gero sortu zitzaizun Katxiporreta elkartearekin lan egiteko aukera…

Bai. Aurretik ezagutzen nuen Joxe Mari [Agirretxe]; Azpeitira etorri zen hitzaldi bat ematera, eta kasu egitera joan nintzen ni. Handik gutxira deitu zidan Pupu eta Loreren ikuskizunean parte hartzeko aukera eskaintzeko.

Lore hezurmamitu zenuen, hain zuzen ere. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Polita. Ikasteko balio izan zidan; clown ikastaro batek baino askoz gehiago. Ikuskizuna eman behar genuen lekura ailegatu, muntatu, antzeztu eta desmuntatu egiten genuen. Orduan, Pupu eta Lore ginenak elkarrekin ari gara orain zirkuan; malabarista naiz ni eta trapezista bestea.

Txetxu Urbietak deitu zizun gero Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saiotik, eta imitazioak egin zenituen han.

Ordura arte, lagun artean ibiltzen nintzen irakasleak-eta imitatzen, baina ezagutzen ez nituenak imitatzea ere egokitu zitzaidan irratian, eta denak ez nituen ondo-ondo egingo, baina… Joxean Tolosa, adibidez, Zestoako azentuarekin egiten nuen. Txetxuri esan nion horrela ateratzen zitzaidala, eta lasai egoteko esan zidan, Tolosaren aitona Endoiakoa zela esango zuela berak. Hamabost bat saiotan parte hartuko nuen.

ETB3ko 3zpa4 saioan ere ibili zara, Ametsen paperean. Nola iritsi zinen hara?

Castinga egitera joateko deitu zidaten, eta ez zaizkit asko gustatzen, baina animatu egin ninduen Alaitz Olaizola saioko gidoilariak. Hartu egin ninduten azkenean.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Gustura ibili naiz, eta esperientzia polita izan da, baina puntu eta aparte bat egiteko beharra sentitu dut. Ez dut uste denboraldi batean telebistara itzuliko naizenik; aukeraren bat sortuz gero, ondo pentsatu beharko nuke.

Jarraipenik izango al du 3zpa4 saioak?

Ez. Eta egia esan ez dut oso ondo ulertzen zergatik; jende askok ikusten zuen ETB3 izateko, kateko programarik arrakastatsuenetakoa zen, eta ETBko nagusiak oso gustura genituen. Baina egun batetik bestera kentzea erabaki zuten. Orain, herriz herriko ikuskizunarekin ari dira beste hiru lankideak, baina ni ez, zirkuan ari naizelako.

Herrian aspalditik zara ezaguna, baina telebistan ateratzen zarenetik edozein tokitan ezagutuko zaituzte. Nola daramazu famaren kontua?

Gaizki. Orain, lasaiago, baina gain hartu zidan momentu batean. Nik ulertzen dut telebistan azaltzen naizen momentutik nire lanaren parte dela jendearekin argazkiak ateratzea eta hori guztia, eta norbaitek argazki bat ateratzeko eskatu izan didanean, sekula ez dut jarri izan oztoporik. Baina harrapatu izan dut jendea ezkutuan argazkiak ateratzen-eta, eta gauza horiek ez zaizkit batere gustatzen. Asko erre nau kontu horrek.

Orain, Gure Zirkuan zabiltza buru-belarri. Nola iritsi zitzaizun han parte hartzeko aukera?

Iker Galartzaren Poxpolo eta konpainia pailazo taldeak urte bukaeran emanaldi berezia egiteko ohitura zuen Tolosako Leidor antzokian, eta bideo bat bidali nien han parte hartzeko neure burua eskainiz. Proba bat egitera joateko esan zidaten, eta eurekin lau emanaldi egiteko aukera izan nuen. Gogoan dut Donostiako Antzoki Zaharrean izan zela lehenengoa, eta zer-nolako zirrara sentitu nuen. Ekain-Txou ikuskizunarekin nenbilen ordurako, eta ohituta nengoen kalean eta Sanagustin kurturgunean-eta emanaldiak eskaintzera, baina beste kontu bat izan zen hura. Hantxe estreinatu nintzen malabarista moduan. Handik hiru egunera, 2016ko urtarrilaren 5ean, beste hiru emanaldi egin genituen Leidorren; Poxpolo eta konpainiaren agurrekoak izan ziren haiek. Iker ordurako zirkuaren kontuarekin bueltaka zebilela uste dut, eta, dagoeneko ezagutzen ninduenez, deitu egin zidan; eta, noski, baietz erantzun nion. Umetako ametsa nuen zirku batean lan egitea, eta ametsa betetzen ari naiz.

Zenbat lagun zaudete Gure Zirkuan?

11-12 artista gaude, eta, horiez gain, laguntzera etortzen direnak, Ikerren familiakoak eta. Zirku txikia da gurea, eta familia giroan ibiltzen gara. Karabana bat erosi dut nik ere, eta han bizi naiz orain. Etxean egoten naiz astelehenetik asteazkenera, eta zirkuarekin gauden herrian bestela.

Zirkuaz gain, baduzu beste proiekturik esku artean?

Ekain-Txou-rekin jarraitzen dut, zirkuak uzten didan heinean. Buruan baditut ikuskizun berrirako ideiak, eta luze baino lehen jarri nahi nuke martxan.

Orain zer esaten dizute etxean?

Gustura daude, oso pozik ikusten nautelako, eta, batez ere, gustukoa eginez bizimodua ateratzeko gai naizela ikusten dutelako.

Zer da orain arteko ibilbideak eman dizun gauzarik ederrena?

Jende eta leku asko ezagutzeko aukera izan dudala. Gauza ederra da emanaldia bukatu eta ikusleak eskerrak ematera etortzen zaizkizula ikustea, eskerrak guk eman beharko genizkiekeenean.

Eta zer da txarrena?

Errepidean ordu asko pasatu behar izaten ditugula, eta oraindik badela gure lanari duen baliorik ematen ez dion jendea. Batzuk harritu egiten dira pailazo izateagatik pagatu egiten didatela esaten diedanean.

Badiozu beldurrik etorkizunari?

Ez. Argi dudana da ez dudala unibertsitatera bueltatu nahi, eta Gure Zirkuaz gain beste leku askotan ere lan egingo nukeela. Ile zuriarekin eta zimurrekin ere honetan jarraitu nahi nuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.