Kaleko ikuskizunen erakusleiho izango da Kalerki jaialdia

Kaleko ikuskizunen erakusleiho izango da Kalerki jaialdia

Unai Zubeldia

“Gero eta zailagoa da kale antzerkia topatzea”. Eta, Olatz Azkue Zarauzko Udaleko kultur dinamizatzailearen hitzetan, horregatik da hain garrantzitsua gainerako diziplinei ere lekua egitea. “Zirkuaren alorrean askoz zabalagoa da eskaintza, eta, aurten, horregatik erabaki dugu antzerkiarekin batera dantza, musika eta akrobazia ere sartzea”. Antzerki jaialdi soil bat baino “askoz gehiago” delako Kalerki Zarauzko kaleko antzerki jaialdia. “Kaleko ikuskizun jaialdi bat dela esaten dut nik beti”, zehaztu du Azkuek. Atzo eskaini zituzten lehen lau emanaldiak, eta etzi amaituko da jaialdia, urtero zezen puzgarriekin egiten duten entzierroarekin —18:30ean hasiko da, udaletxe aurrean—. “Jendeak asko estimatzen du ekitaldi hori”, zehaztu du udaleko kultur teknikariak.

Alproja Zarauzko antzerki taldea dago Kalerki jaialdiaren oinarrian. “Herrian antzokirik eta antzezlanik ez zegoela ikusita, Alproja antzerki taldearen inguruan zebilen hainbat lagun elkartu egin zen, 1994an”. Azkuek jakinarazi duenez, antzokian ezin bazen, kalean jaialdi xume bat bultzatu beharra zeukatela erabaki zuten talde hartako kideek. Zarauzko tabernetan eta Musika plazan hasi ziren emanaldiak eskaintzen. “Eta diru pixka bat biltzeko txapela pasatzen zuten amaieran”. Azkueren hitzetan, Alproja antzerki taldearen lanari eta Zarauzko Udalaren diru laguntzari esker, “pixkanaka hazten” joan zen jaialdia. Eta, ibilian-ibilian, 26. urtea beteko du aurten. “Euskal Herrian erreferente bihurtu da denborarekin”.

Hogei urteko lan eskergaren zama bizkar gainean zuela, Alproja taldeak duela sei urte udalaren esku utzi zuen Kalerkiren antolaketa lana. “Eurentzat gero eta zailagoa zen emanaldiak antolatzea”. Segurtasun arau zorrotzak bete behar izaten dituzte kaleko ikuskizunek. “Eta hor zeuden kontratu kontuak ere”. Hori bai, ekimenaren bultzatzaileek hasierako urteetan egindako lana aitortuta, “garai bateko lan ildoari jarraipena ematen” saiatzen ari da udala.

Aurten, Euskal Herrikoak izango dira Kalerkin parte hartuko duten konpainien erdiak, baina, horiez gain, Zarautzen izango dira, besteak beste, Frantziako Cie Dé-Chaînée eta Kenyako The Black Blues Brothers konpainiak ere. “The Black Blues Brothers taldeko kideak Europan bizi dira egun, Italian, eta akrobaziak egiten dituzte”. Alde horretatik, eta garai bateko ikuskizunekin alderatuta, Kalerkik “jauzi handia” egin duela uste du Azkuek. “Eta, noski, urte guztiko lana eskatzen du horrek. Jarraipena egin behar izaten zaie taldeei, beste jaialdi edo azoka batzuetara ere joaten gara emanaldiak bertatik bertara ikusteko, ingurukoekin kontaktuak egiten saiatzen gara…”.

Eguneroko jardun horretan, beste jaialdi batzuekin harremanak estutzen ere saiatzen dira Zarauzko Udaleko ordezkariak. “Konpainiak banaka kontratatu beharrean, merkeagoa delako inguruko beste batek kontratatzean aukera hori baliatzea eta konpainia horiek gure herrira ere ekartzea”. Horren adibide, The Black Blues Brothers taldeak Torrelavegan (Kantabria, Espainia) eskainiko du emanaldia asteburuan. “Eta aukera hori baliatuko dugu talde hori Zarautzera ekartzeko”.

Urtero bezala, aurten ere doakoak izango dira Kalerki jaialdiko emanaldi guztiak. “Doakoak eta ikusle guztientzat egokiak. Gauez dira saio batzuk, eta horiek, berez, ez dira umeentzat, noski, baina baten bat agertzen bada, ez da ezer gertatuko; aspertu egingo dira gehienez”. Aurten, berezitasun gisa, “edukiera mugatuko emanaldi batzuk” zerrendatu dituzte egitarauan. “Ezaugarri bereziak behar dituztelako horietako batzuek. Nolabaiteko intimitatea eskatzen dute ikuskizun batzuek, muntatze lanetan nolabaiteko zailtasuna daukatelako eta horietan garrantzitsua delako ikusle gutxiago izatea”.

Zarauzko Udaleko kultur dinamizatzaileak azaldu duenez, hiru emanaldi izango dira edukiera mugatukoak: Jean Philippe Kikolasen Calor, “estruktura baten barruan gorpuzten delako saioa, eta emanaldiaren parte delako estruktura hori”; Javier Arandaren Vida. “Eskuekin egiten du antzerkia Javierrek, eta gertutik ikusi beharra dago emanaldi hori”; eta El Mono Habitado taldearen Benditas. “Bi emakume artzainen istorioa kontatzen du antzerki emanaldi horrek. Artaldearekin iritsiko dira, Ama Birjina agertuko zaie arbola batean, eta elkarrizketa sortuko da guztien artean. Gertutik ikusi beharra dago emanaldi hori ere”. Txartelak eskuratu beharko dira hiru emanaldi horiez gozatu ahal izateko, eta Modelo aretoan jaso ahal izango dira sarrerak, egunero, 17:00etatik aurrera.

Urtez urte indartzen ari da Kalerki jaialdia. Jendeak “izugarri ondo” erantzuten duela azpimarratu du Azkuek, eta, horren eraginez, “gero eta gune zabalagoak” bilatu behar izaten dituztela. “Jendea, jada, ez da kabitzen Musika plazan”. Kaleko jarduna izanik, eguraldiak asko baldintzatzen du jaialdia. “Baina badirudi alde horretatik, behintzat, aurten ez dugula izango arazorik”. Hori bai, azken unean eguraldiak txarrera egingo balu, kiroldegira edo Modelo aretora eramango lituzkete emanaldietako batzuk. “Baina, printzipioz, ikuskizun guztiak kalean eskaintzeko asmoa daukagu”.

Etxeko ekoizpenei begira

Azkuek azpimarratu duenez, etorkizunera begira Euskal Herrian egiten diren ekoizpen guztiak Kalerki jaialdian ikusi ahal izatea da euren erronketako bat. “Aurrekontuaren eraginez, gaur egun ezinezkoa baita lan guztiak gurera ekartzea”. Alde horretatik, aurrekontua handituz gero, aukerak ere “areagotu” egingo liratekeela onartu du udaleko kultur dinamizatzaileak. Euskal Herrian kale antzerkiaren errealitatea “mugatu samarra” dela uste du Azkuek. “Konpainia batzuek urte asko daramatzate lanean, eta kalitatea bermatzen dute horiek: Hortzmugak, Markeliñek… Horien estreinuak gurera ekartzen saiatzen gara beti”. Baina kale antzerkia baino gehiago, Euskal Herrian zirkua egiten dela uste du kultur dinamizatzaileak. “Konpainia, talde eta bakarkako asko daude. Antzerkia bere horretan, ordea, garai batean gehiago zegoela uste dut”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.