“Aurten futbola utziko banu ere, oso gustura nago eginikoarekin”

“Aurten futbola utziko banu ere, oso gustura nago eginikoarekin”

Imanol Garcia Landa

Une honetan, talderik gabe dago Mikel Arruabarrena futbolaria (Tolosa, 1983), baina horrek ez du urduri jartzen. Dagoeneko, ibilbide luzea egin du futbolean, eta, onartzekotan, “betetzen duen eskaintzaren bat” onartuko duela adierazi du.

Zer egoeratan zaude oraintxe?

Futbolari asko bezala. Bukatu zait Pontevedrarekin neukan hitzarmena, eta inoiz ezin da esan zer gertatuko den. Talderik gabe nago, merezi duen zerbait sortuko zain. Izan ere, familia izanik, gauzak beste modu batera ikusten ditut orain. Futbolean egun batetik bestera aldatzen dira gauzak, eta itxoin egin beharko dugu zer gertatzen den ikusteko.

Nola moldatzen zara halakoetan? Zeure kasa entrenatzen zara? Telefono deiaren zain beti?

Orain lehen baino gutxiago egoten naiz telefono deiaren zain. 36 urte ditut, eta pixka bat lasaiago hartzen dut dena. Aurreko urteetan, talderik gabe nengoenean, sasoian egoteko lana egiteaz gain, telefonora begira egoten nintzen beti; ea zerbait sortzen zen, gustukoa ote zen, noraino joan beharko ote genuen… Urduritasun handiko hilabeteak izaten ziren uztaila eta abuztua, baina azken hamabost urteotan, zorionez, ez dut izan arazorik taldea aurkitzeko. Aurten, ikusiko dugu zer gertatzen den.

Athleticen harrobian hasi zenuen ibilbidea. Izan ere, gazte mailan joan zinen Tolosatik Athleticera.

Tolosako haur guztiak bezala, herriko taldean jokatzen hasi nintzen ni ere. 16 urterekin eman nuen lehenengo pauso garrantzitsua: etxea eta familia utzi, eta Bilbora joan nintzen. Ez zen erabaki erraza izan, baina gazte guztien ametsa lortzeko aurrerapausoa zen. Bilbora joan nintzen amets hori lor ote nezakeen ikustera, eta, zorionez, hogei urte egin ditut profesionaletan, talde eta maila askotan.

Bakarrik joan zinen Bilbora? Nola gogoratzen duzu garai hura?

Tolosatik ordubetera dago Bilbo; familia dezentetan etortzen zen bisitan, eta nik ere buelta asko ematen nuen autobusean. Han pasatzen nuen aste osoa, eta han egin nituen batxilergo ikasketak ere. Etxera etorri eta lagunekin egoteko aprobetxatzen nituen asteburuak. Esperientzia berezia izan nuen taldekideekin: Derioko egoitza batean bizi ginen etxetik kanpo geunden guztiak, eta oroitzapen onak dauzkat. Lagun asko egin nuen, eta gerora telebistan ikusten nituen horietako batzuk. Urte politak izan ziren, baina baita gogorrak ere, etxetik kanpo nengoelako. Baina, gustuko gauzak egiten dituzunean, errazagoa da dena.

Vasconian eta Athletic B-n ere jokatu zenuen, gazte mailatik beste pauso bat emanda.

Futbola inbutu bat da beti. Zenbat eta gorago jokatu, orduan eta zailagoa da talde on batean egotea. Eta, noski, gero eta hobeak dira ondoan dituzun taldekideak eta aurkariak. Athletic B-ra iristean, artean ez nuen lortu umetako ametsa, baina oso gertu ikusi nuen. 19 urtetik 21 urtera, bi denboraldi oso on egin nituen, eta pena izan zen Espainiako Lehen Mailara ez iritsi izana. Oso gertu egon nintzen, baina, azkenean, beste bide batetik iritsi zen aukera. Beti esan izan dut talde batean, agian, ez duzula ematen zure onena, baina hurrengora joan eta, batzuetan, orduan jotzen duzula goia. Inoiz ez da etsi behar, beraz. Hori da nire eredua, eta oso harro nago orain arte egindakoarekin.

Athleticen ez zenuen aukerarik izan lehen taldera igotzeko, eta ezta Osasunan ere.

Lehen taldera iristea zen nire ametsa, bai Bilbon eta baita Iruñean ere. Hamalau gol sartu nituen Osasunaren bigarren taldean. Kuko Ziganda zen entrenatzailea, eta lehen taldera igo zuten. Osasuna behin bakarrik aritu da Txapeldunen Ligako atarikoan, eta ni Hanburgora joan nintzen taldearekin. Gero, azkenean, ez nintzen sartu deialdian. Lehen Mailatik oso gertu egon nintzen orduan ere, baina ez nuen lortu. Hori bai, horri esker eman nuen pausoa futbol profesionalera; Espainiako Bigarren Mailan jokatzeko aukera izan nuen.

Xerezen eta Tenerifen jokatu zenuen Osasunatik atera ondoren, etxetik are urrunago.

16 urterekin hasi, eta joan-etorri asko izan zen hasieratik, baina etxetik gertu ibili nintzen hasieran, eta familiaren babesean. Gogorragoa izan zen Xerezera joatea, etxetik mila kilometrora nengoelako. Baina, amestu duzun hori egiten duzunean, errazago hartzen dira horrelako erabakiak. Asko lagundu zidaten; beti izaten dira momentu txarrak, baina nik beti nahiago izaten dut momentu onekin geratu. Beste aukera batzuk sortu zitzaizkidan talde horietan jokatuta.

Poloniara joatea, hain justu, Legia Varsovia Lehen Mailako taldera.

Poloniako Ligako talderik indartsuenean eta Europan jokatzeko aukera eman zidaten. Beste behin ere, erraza izan zen erabakia, urtetik urtera maila hobetuz joan nintzelako. Hori bai, hiru urterako kontratua sinatu nuen, eta sei hilabetera itzuli egin nintzen. Leku guztietan dena ez da polita izaten. Egokitzeko arazoak izan nituen; bakardadea sentitzen nuen, eta jokatu ere gutxiago jokatzen nuen. Oso itxiak ziren poloniarrak, euren hizkuntzan bakarrik hitz egiten zuten gehienek, eta ez zuten asko laguntzen. Orduan erabaki nuen nik ez nuela halakorik egingo; beste kultura bateko taldekide bat etorriz gero, eta hizkuntzarekin arazoak izanez gero, nik lagundu egingo niola taldera egokitzen. Poloniatik Eibarrera etortzeko aukera sortu zitzaidan gero, Espainiako Ligako Bigarren Mailara.

Poloniako esperientziak erakusten du alde onak eta txarrak dauzkala futbolak.

Futbolean, zenbat eta maila altuagoan jokatu, orduan eta lehiakortasun handiagoa dago beste taldeekin, baina baita taldekideekin ere. Ez da erraza talde batean denak gustura egotea, aldagelan giro ona izatea; hori da futboleko gauzarik zailena.

Oso urte bereziak izan zenituen Eibarren. Lehen Mailara igo zineten, kapitaina zinen… Horiek izan ziren zure urterik kutunenak?

Zalantzarik gabe. Momentu txar asko ere izan genituen, eta, alde horretatik, aurreneko urteak ez ziren errazak izan. Denborarekin lortu nuen dena polita izatea, lagun asko egitea, eta jendeak egindakoa eskertzea. Eibarren lortu nuen umetatik desio nuena: Lehen Mailan jokatzea eta futboletik bizitzea. 31 urterekin lortu nuen 20-21 urterekin posible izan ez zena. Burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten Eibarrekin Lehen Mailara igotzea; ez niri eta ezta beste inori ere. Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igo ginen lehenengo, eta Lehen Mailara hurrengo urtean; ni kapitaina izanik, gainera. Oso urte polita izan zen; bederatzi gol sartu nituen, eta oraindik buruan daukat bizi izandako guztia; ahaztezina da.

Eibarrek Lehen Mailan egindako bigarren denboraldian, baina, Huescara joan zinen, sei hilabetez, utzita.

Hori dauka futbolak. Aurreko zazpi urteetan bizi izan nuenaren ondoren, nork esango zidan Eibarretik Huescara joango nintzela? Baina aldatu egiten dira entrenatzaileak, eta erabakiak hartu behar izaten dira. Huescara joan nintzen, azkenean, eta talderik gabe gelditu nintzen gero. Orduan sortu zitzaidan Hong Kongera joateko aukera. Lau egunez izan nintzen han, dena lotuta zegoen, baina zerbait gaizki atera zen, eta bueltatu egin behar izan nuen. Oso txarra izan zen hilabete hura. Talderik gabe egon nintzen ekainetik abuztura, eta abuztu bukaeran iritsi zitzaidan Ziprera joateko aukera. Hori bai, Australiara joatea erabakita neukan egun bat lehenago. Ez da erraza futbolariaren bizitza: 24 orduan aldatzen da norakoa, eta zuritik beltzera pasatzen da dena. Azkenean, asmatu egin genuen Ziprera joanda; oso gustura egon ginen han bi urtez.

AEL Limassol taldean jokatu zenuen Zipren, ligako talde onenetako batean, eta Europan lehiatzeko aukera ere izan zenuen.

Bi urterako kontratua sinatu nuen. Oso ona izan zen lehen urtea, eta baita bigarren urteko lehen sei hilabeteak ere; beste bi urterako kontratua sinatu nuen, aurten arte, baina familia edukitzeko geunden, eta Espainiako Ligako talde batera joateko aukera sortu zitzaidan. 34-35 urte izanik, bigarren maila batera pasatu zen futbola; familia izateko erraztasunagatik, ligaz eta mailaz aldatzea erabaki nuen, eta Fuenlabradara joan nintzen. Ez nuen espero Zipren bizi izandakoa; bizi kalitatea oso ona da han, eta nahiko handia da futbolaren kalitatea ere.

Urtebete egin zenuen Fuenlabradan, eta Pontevedran jokatu duzu azken denboraldian. Aldaketak berriz ere.

Oso zaila da Eibarren bizi izan nuena errepikatzea; hau da, zazpi-zortzi urte jarraian talde berean egotea. Eta, tira, Fuenlabradatik baino etxetik urrunago egon naiz Pontevedran, baina futbolean jokatzen jarraitu dut 36 urterekin. Une onak eta txarrak igaro ditut, baina, hala ere, zortzi gol sartu ditut Bigarren B Mailan. Ea orain zer gertatzen den.

Ez daukazu datarik jarrita erretiroa hartzeko?

Hasieran esan dudana errepikatuko dut: ea zer aukera sortzen diren, aztertuko ditut, eta orduan erabakiko dut baten bati baietz esango diodan. Futbolak buelta asko ematen ditu hamabost-hogei eguneko tartean, eta ikusiko dugu. Agian, aurten utzi beharko diot futbolari izateari, eta, hala balitz, oso gustura utziko dut hogei urteotan egindakoarekin.

Nola laburtuko zenituzke futboleko une txarrak eta onak?

Bizipen eta lorpen polit guztiak dira onak: partidak irabaztea, goiko borrokan ibiltzea, mailaz igotzea… Ezagutu dudan jende guztia ere azpimarratuko nuke, eta aldagelan bizi izandako uneak. Txarren kasuan, berriz, taldeei begiratuko nieke gehiago. Ezberdinak dira Euskal Herri inguruko taldeak: umilagoak dira, taldekideekin ez dago hainbesteko lehiakortasunik, eta errazago barneratzen da dena. Bakarrik sentitu naiz batzuetan, etxetik urrun, taldekideren batekin arazoak izan ditut… eta, tira, gauza batzuk alde batera utzi behar izan ditut ametsa egia bihurtzeko. Baina bizipen onei heldu nahi diet bereziki. Historiara igaroko da Eibarrekin lortutakoa, eta horren parte sentitzea da lortu dudan gauzarik handiena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.