Igerilarien Behobia-Donostia

Igerilarien Behobia-Donostia

Aitziber Arzallus

Gipuzkoako igerilariek ez dute atseden hartzeko astirik. Igerilekuetako txapelketen denboraldia bukatzerako hasi dute itsas zeharkaldiena. Duela bi asteburu, Mutrikutik Debara igeri egin zuten Debako Itsasmilia zeharkaldiaren XII. ekitaldian; iragan asteburuan, I. San Anton Bira egin zuten Getarian; eta bihar eta etzi Getaria eta Zarautz artean ariko dira igerian. Getaria-Zarautz zeharkaldiaren 49. ekitaldia izango da igandean, eta bihar lehenengo aldiz egingo dute Zarautz-Getaria-Zarautz zeharkaldia.

Biharkoa “froga modura” antolatu dutela adierazi du Iñigo Ugarte Zarautz Balea Igeriketa elkarteko presidenteak. “Getaria-Zarautz zeharkaldiaren 50. ekitaldia izango da datorren urtean, eta urteurreneko ospakizunei begira jarrita gaude dagoeneko”. Hortik sortu da distantzia luzeagoko proba antolatzeko ideia. “Getaria-Zarautz zeharkaldia Europako laugarrena da parte hartzeari dagokionez, baina hainbat luzeratako probak izaten dituzte gainerakoek, sei eta zazpi ere bai batzuek, eta guk, berriz, hiru distantziako probak bakarrik genituen orain arte”. Haurren mailako bi —400 metrokoa eta 800 metrokoa—, eta Getaria eta Zarautz artekoa, 2.850 metrokoa. Aurtengoa ondo ateratzen bada, distantzia luzeagoko proba jokatzeko aukera ere eskainiko dute aurrerantzean: 5.200 metro ditu Zarautz-Getaria-Zarautz probak.

Ohiko zeharkaldiak ez ezik, “oso harrera ona” izan du berriak ere. “Apustuak ere egin genituen geure artean”, jakinarazi du Ugartek. “Batzuek zioten ez ginela iritsiko 250 parte hartzailera, eta bostehun gara azkenik”. Afizionatuez gain, punta-puntako igerilariek ere parte hartuko dute, ur irekietako Espainiako Kopako proba izango baita biharkoa. Getaria-Zarautzen, berriz, 3.100 lagunek eman dute izena, eta, azken orduko hutsegiteak tarteko direla, 3.000 lagun inguruk hartuko dute parte. Gipuzkoarrak izango dira erdiak baino gehiago —%56—, eta inoiz baino handiagoa izango da emakumeen parte hartzea, %30etik gorakoa.

Badira bi egunetan igeri egingo dutenak ere; “ehun bat lagun”, Ugarteren hitzetan. Bera da horietako bat, eta Asier Zulaika zestoarra eta Leire Zeziaga oñatiarra dira beste bi, biak ala biak Azpeitiko Izarraitz igeriketa elkarteko kideak. 17 urte ditu Zulaikak eta Getaria-Zarautz zeharkaldia egingo duen bigarren aldia izango da aurtengoa. “Gogotsu” dago, iaz “ikaragarri” gustatu zitzaiolako proba. Oraintsu bukatu du txapelketen denboraldia, baina egun batzuez entrenatzen jarraitu du sasoi puntuari eusteko. Iazko denbora hobetu nahi luke —38 minutu eta 59 segundo—, “baina horretan zerikusi handia izango du itsasoaren egoerak”.

Zeziagak ere iazko denbora hobetu nahi luke —41 minutu eta lau segundo—. “Urte guztia entrenatzen pasatzen dut sasoiari eusteko, eta neure burua ondo ikusi nahi nuke, baina denborarekin itsutu gabe”. Esperientzia handiko igerilaria da Zeziaga. 7 urterekin hasi zen igerian —45 ditu orain—, eta duela hogei bat urtetik itsas zeharkaldietan bakarrik parte hartzen du. Udan ia astero izaten du probaren bat, eta aste batzuetan baita bi ere. “Hamargarren aldiz-edo jarraian” egingo du aurten Getaria-Zarautz, gehiagotan ere parte hartu izan duen arren.

Zeharkaldiak han eta hemen

Urteekin proba “asko” aldatu dela dio azpeitiarrak. “Orain, izenagatik da erakargarria, sona handia lortu baitu, korrikalarientzat Behobia-Donostiak eta txirrindularientzat Quebrantahuesosek bezala. Herrikoiagoa zen lehen, erakargarriagoa nire ustez; orain, lehiakortasun handiegia dago nire gusturako”. Urtero azken aldia izango duela esaten dio bere buruari. “Baina gero pena ematen dit ez etortzeak”. Egunpasa eder bat egiteko aitzakia izaten da Zeziagarentzat.

Pablo Etxeberria igerilari azpeitiarrak, ostera, etziko proban bakarrik parte hartuko du. 21 urte besterik ez dituen arren, Getaria-Zarautz zeharkaldia egingo duen seigarren aldia du; aurrez, beste hirutan egin zuen haurren mailako proba. Igerilekuko denboraldia iragan igandean bukatu zuela eta “sasoi puntu onean” dagoela aitortu du Izarraitz igeri elkarteko kirolariak. Horregatik eta “etxetik gertu egiten den itsas zeharkaldirik garrantzitsuena” delako, gustuko du Getaria eta Zarautz artekoan parte hartzea. Aurten irabaztera doa, gainera. “Behin irabazi nuen haur mailan, eta bigarren geratu nintzen Getaria-Zarautzen parte hartu nuen lehen aldian”. 14 urte zituen. “Ordutik barruan sartuta daukadan arantza atera nahi nuke”. 34 minututik jaisten saiatuko da.

Aurten, bikain ibili da Etxeberria, eta etzi irabaztea “denboraldia biribiltzeko modua” izango litzateke harentzat. Oporrak hartuko ditu gero, “luze joan delako denboraldia”, eta atsedena behar duelako. Zulaikak, berriz, badu beste zeharkaldiren batzuetan parte hartzeko asmoa; eta, zer esanik ez, Zeziagak. Gogoa duenak, badu non aukeratua: abuztuaren 3an, IV. Itzurun-Arranpla zeharkaldia egingo dute, Zumaian; abuztuaren 15ean, 51. Paseo Berriko igerialdia, Donostian; abuztuaren 18an, XVI. Txingudi itsas zeharkaldia, Hondarribian; abuztuaren 25ean, 22. Irlako igeriketa zeharkaldia, Donostian; eta irailaren 7an, 76. Kontxa Badiako igerialdia, Donostian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.