Udako trantze latzak

Leire Narbaiza

Uda bueltan trantze gutxi izango dira bainujantzia erostera joatea bezain latzak. Normalean, sasoi hasieran egiten da erosketa hori, eta, horregatik, zuri-zuri egoten gara, negu osoan arropapean ezkutatutako azala guri eta bizigabe bezala egoten delako. Probagelan sartu, arropa erantzi, eta hondartzarako janzkia jantzita ispilu aurrean, tente, gure gorputzak dituen inperfekzio guztiez jabetzen gara: irten zaizkigun girgiloak, irabazi dugun tripa, nabarmendutako barizea, azaldutako azal-ildoak, haragi eroriak… Zelan erosi horrela hondartzarako ezer? Gainera, depilatu barik joanez gero, akabua! Argentinara ospa egiteko gogoa pizten da, udarik berriro ere ez bizitzeko.

Jakina, bigarren trantze latza izaten da erositako bainujantzi hori soinean dugula hondartza edota igerilekuan luzitzea! Batez ere inguruan ezagunak badaude. Lehenengo momentu hori itzela da, zeren probagelan, bakarka, ikusitako guztiak hortxe jarraitzen du —agian, depilatuta gaude, baina beste dena bere horretan dago—. Gure gorputzaren miseriak agerian publikoki, begiradapean, epai zain.

Batek baino gehiagok drama hori guztiori irakurrita pentsatuko du arazo gutxi ditugula, lehenengo munduko problemak direla horiek, eta bainu-sasoiko kontuez karaktereak alferrik galtzen nabilela EAEn pobrezia %46 hazi denean hamarkada baten —hari izugarri argigarria egin zuen Jule Goikoetxeak Twitterren, benetan irakurri beharrekoa—. Itxura kontuekin dihardudala euskal oasiko 130.965 biztanle benetako pobrezian bizi diren bitartean.

Bai, fribolitatea da, handia. Baina nago guztia sistema beraren isla dela. Sistema bihozgabe bat, non gure gorputzek ere lotsa eman diguten. Naturala dena, ukatu. Gorputzak zein bizimodu duina. Kontentagaiztasun etengabean bizitzeko, menpekotasun absolutua helburu duena.

Kontua da gorputz-perfekzioa eskatzen zaigula, kanon batzuen araberakoak izan behar dugula. Hori ezinezkoa da, ordea, perfekziorik ez dagoelako. Gainera, perfekzio hori azalutsa da, itxurakeria, besterik ez. Hala eta guztiz ere, zeharo barneratua dugu, eta helburu hori lortze aldera, denetatik egiten da. Gurpil zoro baten sartuta gabiltza, imajinaren erresuman murgilduta, beti asegaitz, beti ezinean eta lotsatuta. Beti eredu anker horren esklabo.

Gobernatzen gaituen edertasun kanonak menpeko gauzka, eta sakon-sakonean eragiten digu, zeren onartua izateko kanonera ahalik eta gehien hurreratu behar dugu. Jakina, beteezina denez, geure buruarekin gustura ez egotera garamatza, insatizfazio hutsera, beti deseroso, gauza terribleak egitera. Esate baterako, naturalak diren ileak, arbuiatu eta erauztera modu biolentoan, mina jasanda. Izan ere, luzitzeko sufritu behar da leloa oso barneratua dugu, eta luzitze aldera —kanonaren barruan, betiere—, dena da onargarria.

Onargarria dirua gastatzea tratamendu, krema eta abarretan. Kanonak atzean duena kontsumoa delako, gastua eta enpresa batzuen irabaziak gure lotsen kontura. Sistema bete-betea, pobretzen gaituena, eta kontsumoaren sorgin-gurpilean prekaritatera bidaltzen gaituena. Konbo perfektua!

Eta laster txanda eskatu behar dut depilatzeko, hazten hasi zaizkit-eta ileak. Ai, ene!

Leave a Reply

Your email address will not be published.