“Berezkoaz gain, sakrifizioa ere behar da musikan”

“Berezkoaz gain, sakrifizioa ere behar da musikan”

Unai Zubeldia

Aitaren esanak entzunda, “inoiz ez zahartzeko” aukeratu zuen musikari izatea Joxemari Oiartzabalek (Andoain, 1946). Hiru arrebak ondoan zituela, 5 urte betetzerako hasi zen solfeoa ikasten, eta berehala nabaritu zuen barrua mugitzen ziola musikak. Tronpetari helduta egin zuen bidearen zatirik handiena, eta tartean Lasarte-Orian akademia bat irekita, Donostiako Musika Kontserbatorioan jo zuen goia. Raimundo Sarriegi musikariaren pianorako partiturak gainerako instrumentuentzat moldatuta, andoaindarrak ekarpen handia egin dio Donostiako kantugintzari. 2010ean erretiroa hartuta ere, musikarik gabeko errealitaterik ez duela ulertzen aitortu du Oiartzabalek.

Zein nota ageri dira Joxemari Oiartzabalen bizitzako partituran?

Joxemariren semea naiz ni; musikari handia izan zen nire aita, eta hortik egin dut bidea nik ere. Asko gozatu dut eta gozatzen dut musikarekin.

Musikaria, konpositorea, moldatzailea… Nola gustatzen zaizu aurkeztea zeure burua?

Tronpeta jotzailea izan naiz urte askoan. Instrumentuekin sentimenduak azaltzea gustatu izan zait beti, baina ikasketak behar dira sentimendu horiek azaltzeko. Prestaketa lan handia egindakoa naiz ni.

Musikari buruz hizketan hasi, eta aita aipatu duzu berehala. Ezinbestean, ezta?

Bai, bai. Musikaria inoiz ez dela zahartzen, eta nik ere musikari heldu behar niola esaten zidan beti. Kirolari handia zen aita, eta palan-eta ibilitakoa naiz ni ere, baina musika oso presente zegoen gure etxean. Andoainen, Alberto Agirrerekin hasi nintzen solfeoa ikasten; 5 urte betetzerako hasi nintzen klaseak hartzen, eta etxean ere gainean izaten nuen aita, tronpetarekin eta soinuarekin. Garai hartan elizan ere aritzen ginen kantuan; La Sallera joan ginen gero ikasketak egitera, eta han ere dezente lantzen zen musika… Mundu horrek lotu egin ninduen pixkanaka, eta oso ondo sentitzen nintzen errealitate horretan. Gogoan daukat aitak nola esaten zidan beti: “Ondo prestatuta joan behar duzu, Joxemari”.

Gogor egiten al zizun aitak? Uneren batean musika zama bihurtu al zen zuretzat?

Ez. Fabrikan egiten zuen lan aitak, eta etxeko lanak ere egin behar izaten zituen gero: behiak, txekorrak… Eguneko lanak amaituta, gau partean elkartzen ginen aita eta biok, 20:00ak aldera, soinuarekin bera eta tronpetarekin ni; ikasketa gozagarria izaten zen hura.

Bigarren Mundu Gerra amaitu eta urtebetera jaiotakoa zara zu, 1946an. Nolako errealitatea zegoen zuen etxean? Miseria ezagutu al zenuten?

Zorionez, aitak diru pixka bat ekartzen zuen fabrikatik, eta, horrez gain, baimena ematen zioten herriz herri soinua jotzeko. Diru pila bat irabazten zuen horrela, eta, etxean baratzea-eta bageneuzkanez, jatekoa ere ez zitzaigun falta izaten. Alde horretatik, ez genuen izan arazorik.

Zein da musikarekin lotuta daukazun lehen irudia?

Solfeoa eta kantua ikasita, 8-9 urterekin hasiko nintzen tronpetarekin, eta Andoaingo Santakrutz jaietan izan zen. Camino Verde izeneko pieza jo behar izan nuen tronpetarekin, bolero bat, eta jendetza zegoen begira. Txaloka hasi ziren denak, eta ni gustura. Aurretik, 7 urterekin sartu nintzen La Sallen, eta norbaitek abesten ba ote zekien galdetu ziguten lehen egunean. Nik bakarrik altxatu nuen eskua, eta Mi abuelito tenía un reloj de pared kantatuko nuela esan nien. Harrituta gelditu ziren denak eta ondoko gelara ere eraman ninduten haien aurrean ere kantatzeko. Garrantzitsu sentitzen nintzen horrelakoetan; asko gustatzen zitzaizkidan kantua eta musika.

Musikari onak berezkoa behar duela esaten da beti, baina berezkoa bakarrik?

Ez, ez. Jende askok dauka berezko hori, baina gero ordu asko eskaini behar izaten zaizkio instrumentuari. Gauza bera gertatzen da kirolarekin; futbolean fenomeno asko ikusi ditut 14-15 urterekin, baina sakrifizioa behar da gero; musikan ere bai.

Ordurako bidea eginda, 30 bat urterekin erabaki zenuen musikari erabat serio heltzea, ezta?

Elizako orduak, solfeoa, musika ikasketak… Ia konturatu ere egin gabe eman nituen pauso gehienak, eta neure kabuz joan nintzen Donostiako Musika Kontserbatoriora ere. Taldeetan jotzen hasi ginen segidan, Andoainen bertan lehenengo; Juan Heredero y Su Formidable Orquesta taldean ere bai gero, Donostiako hainbat hoteletan; eta udan egunero Zarauzko Euromar hotelera joateko aukera sortu zitzaigun ondoren. Soldaduskara joan behar izan nuen gero, eta handik bueltan erabaki nuen ez nuela gehiago parte hartuko horrelako emanaldietan, euskarazko eskaintza egingo genuela guk. 1972an sortu genuen Euskaros taldea, eta dantzalekuetan hasi ginen, batera eta bestera. Hitzekin arazoak eduki izan ditut beti, eta Nemesio Etxanizekin, Antonio Mercero aitarekin… haiekin aritu izan naiz lanean.

Barruraino sartuta zeneukan, beraz, euskararekiko maitasun hori, ezta?

Bai. Eta asmatu egin genuela uste dut. Benito Lertxundik-eta ere kantatzen zuten, baina musika aldetik laguntza behar izaten zuten gehienek. Izugarrizko bidea egin zuten Benitok-eta, eta nik aukera izan nuen Herri Gogoa diskoetxean batari eta besteari konponketak-eta egiteko. Garai hartan, euskaraz kantatzeko giroa sortu zen, zorionez.

Pausoka-pausoka, 1987an nolatan sentitu zenuen Raimundo Sarriegiren piezak egokitu beharra?

16 bat urte neuzkala, Donostiako Egia auzoko Ur-Zaleak elkartera joan ginen Andoaingo bandako kideak. Sarriegiren piezak jotzen hasi ziren han, eta nik ahots bakarrean entzuten nuen dena; ez zegoen barruko harmonizaziorik. Gerora, Donostiako banda zuzentzen hasi nintzen kontserbatorioan tronpetan katedradun titulua lortu eta gero, eta disko bat egiteko agindu zidaten. Ordura arte belarriz jotzen zuten musikari guztiek; belarriz eta gaizki, oso gaizki. Horregatik, aukera ona geneukala pentsatu nuen. Piezak egokitu eta milaka kopia atera genituen; bonbardinoak zer egin behar zuen, tronpetek zer… Trajea jarri genion Raimundo Sarriegiren partiturari, pianorako bakarrik prestatuta baitzeuden pieza haiek guztiak. Beti esaten dut Sarriegi begira egongo dela aulkiren batean eserita, “segi-segi, Joxemari, lanean, segi”, esanez [barrez]. Eta Juan Antonio Antero Groseko kaldereroen antolatzailearen ekarpena ere azpimarratu nahiko nuke, hark ere lan handia egin baitu garai bateko piezak berreskuratzen.

Raimundo Sarriegik badauka monolito bat Donostian, eta han badago lekua zuretzat ere…

[Barrez] Ez, ez… Alderatzerik ere ez dago hark egindako lana eta guk egindakoa, baina, tira, lan pixka bat egin dugu guk ere.

Aitaz gain, musikaren bide horretan nor izan duzu maisu?

Konposizio aldetik, [Francisco] Escudero izan zen nire maisu handia, eta Tomas Aragues ere izan nuen irakasle kontserbatorioan. Ikasketak amaituta, zortea izan nuen Douglas McClure amerikarra zegoelako Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, solista; haren etxera joaten nintzen klaseak jasotzera. Argi neukan prestaketa behar nuela, eta ahal izan nuen guztia egin nuen ondo prestatuta egoteko.

Gaur egungo gazteek ba al daukate ikasteko grina hori?

Bai, bai; badaude. Luis Fraca Andoaingo zuzendariak beti esaten zuen mila ikasletik pare batek egiten zutela aurrera eta gauza berbera gertatuko zitzaidala niri. Ez da erraza musikan aurrera egitea; soinua jotzen, gitarra jotzen… Jende asko hasten da bidea egiten, eta jendez lepo daude musika eskolak. Baina zein iristen da Euskadiko Orkestrara, adibidez? Oso zaila da. Hori bai, musikak arlo asko dauzka, zorionez.

Ofizialki, 2010ean hartu zenuen erretiroa, baina musikaria erretiratzen al da noizbait?

Nik inoiz ez dut utziko musika. Gora Kale Txiki Andoaingo txarangarekin entsegua egitera joaten naiz ostiralero. Villabona-Amasan kontzertua daukagu igandean; Sorzanora joango gara gero, Errioxa inguruko herri batera… 14 urtekoak eta 80tik gorakoak gaude taldean, eta oso giro ona daukagu.

Zuri aitarengandik datorkizu musikarekiko pasioa, eta zu ere saiatu zara alabei har hori barruraino sartzen, ezta?

Hala da, bai. Hemen dago Alaine, tronpeta solista gisa [paretan zintzilik dagoen argazki bati begiratu dio]; Andoainen ari da orain andereño lanetan. Eta Larraitz da bestea [ondoko argazkiari begiratu dio], fenomenoa. Hemen ikasketak amaitu, lehen saria jaso, eta Kolonian egin zituen ikasketak [Alemania]. Handik bueltan, berehala hartu zuten gero Euskadiko Oskestran. Harro nago alabek egindako bidearekin. Musikariak berezkoa eduki behar duela aipatu duzu lehen, eta hala da, baina saiatua izan behar da, eta oso saiatuak izan dira nire alabak.

Inoiz tematu al zinen alabek musikaren bidean jarrai zezaten? Edo horixe zen haien borondatea?

Alaba zaharrenaren kasuan, Larraitzen kasuan, nik nahi nuen aurrera egin zezan, eta ikaragarri bultzatu nion. Alaineren kasuan ere bere maisuak esaten zuen bera zela inoiz izan zuen tronpeta jotzailerik onena; erraztasun handia zeukan. Baina Alaineri bere bidea egiten utzi nion gehiago. Gogoan daukat Larraitzek BUP ikasketak amaitu eta hamabost egun zeuzkala zer egin nahi zuen erabakitzeko. “Musika aukeratu dut” esan zidan egun batean, eta kolapsatuta gelditu nintzen, izututa bezala; uste dut gusturago geldituko nintzela Euskal Filologia aukeratu izan balu, banekielako musikaren atzean zer zegoen, banekielako bide horrek zenbateko lana eskatzen zuen. Sufritu egin nuen, baina oso harro nago alabek egindako bidearekin.

Zer behar du konposizio on batek?

Koadro baten modukoa da musika. Oso koadro desberdinak egoten dira museoan, eta norberaren egoeraren arabera sortzen du sentsazio bat edo bestea. Musikarekin zerbait adieraztea gustatzen zait niri; sentimendua da, azkenean. Antzeko zerbait gertatzen da bertsoarekin ere. Zein da bertso ona? Ondo iristen dena. Eta antzeko eragina dauka musikak ere.

Nola sortzen duzu zuk?

Andoaingo ereserkia sortzeko, esaterako, eskema bat egin nuen lehenengo. Aitona ikusten nuen, amona, ingurukoak, eskola, herriko gertakariak, Sanesteban jaiak, Sorabillako festak, sanjoanak, santakrutzak… Zer behar zuen horrek guztiak? Lehenik eta behin, bertso on bat, eta Aitor Mendiluze etorri zitzaidan burura berehala. Letraren gainean sortu nuen musika; hala egiten dut normalean. Oso gustura gelditu nintzen egindako lanarekin.

Omenaldi mordoa egin dizute jada, eta polita izango da jendeak norberaren lana eskertzen duela ikustea, ezta?

Oso hunkigarria da, bai. Sanjoanetan ni ez nintzen izan herrian, baina alabak deitu zidan izugarria izan zela esanez. Kantuan aritu ziren denak, eta badakit jendea hunkitu egiten dela, adibidez, ereserkia entzunda. Betiko gelditzen dira gauza horiek. Alde horretatik, lagun handi bat badaukat Andoainen, Jose Ramon Berrondo; hainbat elkarterentzat hitzak egiten hasi zen bera, eta asko lagundu dit bidea egiten.

Zure etxeko armairuren batean ba omen daude oraindik argitaratu gabeko hainbat pieza. Noizbait erakutsiko al dituzu denak?

Asko dauzkat, bai, asko; laurehun bat izango dira denera. Ez dakit CDren bat osatuko dugun, baina aukera hor dago.

Esker oneko hitz asko jasotzen ari zara azken urteotan. Noren hitzak iritsi zaizkizu, bereziki, barruraino?

Niretzat fenomeno handia izan da Jose Ignazio Ansorena. Sentimendu handiko gizona da, musikari aparta, txistulari izugarria, piano jotzailea, hizlaria, aurkezlea… Elkarrekin aritu ginen ETB1eko Funtzioa saioan, eta oso hitz politak eskaini zizkidan 1990 inguruan. Barruraino iritsi zitzaizkidan, eta gordeta dauzkat oraindik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.