Betaurreko inklusiboak festetan ere

Betaurreko inklusiboak festetan ere

Udane Arbeo

Norberak egoera bat barrutik bizi arte, ez da aintzakotzat hartzen. Behar bereziak dituztenen lekuan jarri beharrean, bakoitzak bereari begiratzen dio. Gizartean bigarren mailan gelditzen dira behar bereziak dituzten horiek, baina gainontzekoek bezainbeste eskubide dituzte herritar gisa. Alde horretatik, lehenengo pauso txikia ematen hasi dira Azpeitian. Festak inklusiboagoak izan daitezen lanean ari dira, eta behar bereziak dituzten pertsonak ikusarazteko egitasmo berria jarri dute martxan. Haur horiek ere barrakez goza dezaten, jaietako bi arratsaldetan ez dute musikarik jarriko. Horrez gain, txartel batzuk banatuko dituzte behar bereziak dituzten pertsona horientzat, barraka gunean lehentasuna izan dezaten.

Mikel Odriozolari (Azpeitia, 1981) bururatu zitzaion ideia, festa batzordeko zinegotziari. Espainia hegoaldeko herri batean behar bereziak dituztenentzako ekintza bat egin zutela ikusi zuen Twitterren, eta Azpeitira eramatea erabaki zuen. “Kopiatu egin diegu azkenean, baina oso kopia polita dela uste dut”. Gipuzkoan lehen aldiz egingo dute horrelako egitasmo bat, eta Azpeititik beste herrietara zabaltzea nahi du festa batzordeko buruak.

Pausoak emanez, Marea Urdina aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren aldeko elkartearekin harremanetan jarri zen Odriozola; behar bereziak dituzten umeen guraso elkartea da. “Oso pozik” hartu zuten ideia. Elkartekoek bizi izan dituzten esperientziez eta barraketara joateko zailtasunez hitz egiteko bildu ziren. Arauz kanpoko funtzionaltasuna dute haur horietako batzuek, eta barraketan ezin dituzte ilarak egin. Asko mugitzen dira, “deserosoa” baita haientzat. Beste batzuek zaratarekiko hipersentsibilitatea dute. Zaratak gogaitu egiten ditu musika dagoen toki batera joaten diren bakoitzean. Umeekiko daukaten eragina ikusita, Marea Urdina elkarteak eta Odriozolak adostu zuten barraketan musikarik ez jartzea pare bat egunetan, uztailaren 27an eta 31n, 17:00etatik 19:00ak arte. “Keinu txiki bat da, baina gauza handi bat egin dezakegu horrela”, aitortu du zinegotziak. “Sentsibilizazio ekintza polita izango da jendea ume horiek dituzten beharrez kontzientziatzeko”.

Eurei ideia “zoragarria” iruditu zaiela azaldu du Aritz Orbegozok (Azpeitia, 1975), Marea Urdina elkarteko gurasoetako batek. Elkartearen helburua da herritarrek betaurreko inklusiboak jartzea egunerokotasunean egiten dituzten ekintzetan.

Barraken jabeak, pozik

“Guretzat, azkenean, barraketara edo puzgarrietara joatea tortura da; musikagatik zein sortzen diren ilarengatik”, baieztatu du Orbegozok. Behar bereziak dituzten haurrek ere festetan disfruta dezaten erraztasunak eskatzen zituzten gurasoek, azkar eta erraz har daitezkeen neurrien alde egiteko.

Mugimenduarekiko esker ona adierazi dute herritarrek, eta barraketako arduradunek ere arazorik gabe egin dute bat proiektuarekin. Juan Pablo Sanz Atracciones Sanz enpresako kideak (Beasain, 1979) adierazi du horrelako egitasmo gehiago egin beharko liratekeela. “Jendea kontzientzia dadin, ikusgarri egin behar dira egitasmo horiek. Egiteko merkea eta erraza da, gainera”.

Festa inklusiboen aldeko borrokan beste keinu txiki bat egitea ere pentsatu dute udalean. Jaietan festara joaten dira batzuk, eta lanera beste batzuk; kaleko saltzaileak, adibidez. “Kalean lo egiten duten horiek ez dute aterperik izaten, eta gune bat prestatu dugu, lo egiteko eta dutxatzeko aukera izan dezaten”.

Hemendik aurrera gauzak aztertuz eta garatuz joango direla aipatu du zinegotziak, jai esparruetan hobera egiten saiatzeko. “Lehen pausoa besterik ez da barrakena eta kale saltzaileena”. Baten batek kexaren bat edo ideiaren bat baldin badu, udalera joan dadila eskatzen dute, hitz egiteko ateak irekita dituztela; elkartasunean eman nahi dituzte pausoak.

Haurrek parte har dezaten, inklusibotasuna esparru guztietan lantzea da Marea Urdina elkartearen erronka; ikastetxeetan eta kirol, aisialdi eta kultur ekintzetan, batez ere. Gabezia handia ikusi dute orain arte, baina pixkanaka kontzientziatzen eta ume horiekin gogoratzen ari direla nabari dute, jaietan egingo duten ekintza hori kasu. “Gure umeentzako lekutxo bat egiten ari gara, eta esker ona besterik ez dugu egitasmo inklusibo honekiko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.