Festa berdinzaleagoen alde, denak elkarrekin arraunean

Festa berdinzaleagoen alde, denak elkarrekin arraunean

E. Goenaga Lizaso

Sexu erasoen kontrako protokoloak ohikoak dira herrietako festetan; ez da hain ohikoa, ordea, herriko festen antolakuntza genero irizpideak kontuan hartuta egitea. Anoetako Udalak irizpide horiekin antolatu zituen iaz herriko festak, eta baita aurten ere. Berdintasun protokoloa osatua dute, eta horri erreparatuta antolatzen dituzte bai herriko jaiak, eta baita herrian antolatzen diren bestelako festa eta jarduerak ere. Protokoloaren edukiak badu pisua, baina, batez ere, protokoloa lantzeko moduan jartzen dute azpimarra Josune Eizmendik eta Saioa Tolosak, Anoetako Udaleko Parekidetasun zinegotziek; aurrekoa eta gaur egungoa, hurrenez hurren.

2017ra jo behar da prozesuaren abiapuntua topatzeko. “Jaien lanketan berdintasun irizpideak txertatu behar zirela erabaki genuen orduan”, dio Eizmendik. “Gai sakona zela esan ziguten Foru Aldundiko Berdinbidean zerbitzuko aholkulariek, antropologia aldetik aztertu behar zela, genero ikuspegitik aztertu behar zela… aholkularitza beharko genuela”.

Farapi Kooperatiba Elkartearekin egin zuten prozesua, eta, lehenik eta behin, behaketa bat egitea proposatu zieten. “Herri aktibazioa ezinbestekoa zela ere esan ziguten; herriko eragileak, udal langileak, brigadako langileak, tabernariak… aktibatu behar genituela”. Eta lortu zuten herritarrak eta herri eragileak gerturatzea: herriko bi elkarteak, gaztetxea, ikastola, musika eskola, herriko talogileak, dantza taldea, txosna batzordea, Matraka emakume taldea… Talogile taldeko kidea da Saioa Tolosa; orain zinegotzia den arren, herriko eragile gisa parte hartu zuen prozesuan.

Ondo oroitzen du hasiera. “Antropologia mailako formakuntza bat eman ziguten, eta lanean jarri gintuzten berehala”. Lehen ariketa izan zen 2017ko festetako behaketa egitea. “Betaurreko moreak jarrita eta argazki kamera eskuetan genuela ateratzea eskatu ziguten. Jende oso ezberdina geundenez, eta festetako ordutegi eta ekitaldi guztiak hartzen genituenez, bakoitzak konpromisoa hartzen zuen argazki bidez ikusten genuena islatzeko”.

Aurretik hainbat gaitan kezka bazutela diote Tolosak eta Eizmendik (zaintza, sexu erasoak, kirol probetako sariak…), baina argazkietan ageriago gelditu ziren gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak. “Adibidez, oso esanguratsuak izan ziren suaren inguruko argazkiak. Gizonak agertzen ziren sua manipulatu behar zen jarduera orotan —suziriak botatzea, parrilako lana…—; eta emakumeak eltzeko suarekin lotutako lanetan —txokolate janean, adibidez—. Oholtza ere oso maskulinoa zela konturatu ginen”. Oharkabean igarotzen diren irudi asko zeudela diote.

Diagnosia egin, indargune eta ahulguneak identifikatu, hobetu beharrekoak zerrendatu eta hurrengo urterako landu zuten berdintasun protokoloa. Hori lortu arte, urte guztia elkarrekin lanean eman zuten eragileek, eta hor kokatzen dute arrakastaren gakoa. “Oso aberasgarria izan zen prozesua bera, eta ia denek jarraitu genuen amaierara arte. Herri osoa ordezkatuta egon zela esan dezakegu. Eta elkarlan horrek eman dio baliorik handiena egin duten protokoloari, partaideek euren sentitzen dutelako protokoloan jasotzen dena; horrela errazagoa da aurrera egitea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.