Iparra galdu gabe, iraganari keinuka

Iparra galdu gabe, iraganari keinuka

Unai Zubeldia

Donostiako Musika Hamabostaldiak 36ko gerra amaitu berritan ekin zion bideari, 1939an, hiriko ostalarien eta merkatarien kezkari erantzunez, eta, ondorioz, 80. urteurrena izango du aurten. Abuztuaren 1etik 31ra iraganari keinuka ariko da jaialdia. “Baina etorkizuna izango dugu gogoan”, zehaztu zuen Patrick Alfaya zuzendariak ekainean, aurkezpen ekitaldian. Aurten, 90 proposamen baino gehiago eskainiko ditu Musika Hamabostaldiak, eta hurrengo astean gozatu ahal izango da lehen hogei eskaintzekin.

11:00etatik 22:15era, hiriko hainbat txokotan doako bederatzi emanaldi izango dira hurrengo ostegunean, inaugurazio egunean. Horrez gain, Mahler Chamber Orchestraren saioa ere izango da, Kursaal jauregian, 20:00etan, Jacob Hrusa zuzendari txekiarraren gidaritzapean. Seong-Jin Cho Hego Koreako piano jotzaile gaztea lehen aldiz ariko da Musika Hamabostaldian —Chopin Piano lehiaketako irabazlea izan zen 2015ean—. Biharamunean beste kontzertu bat eskainiko du Mahler Chamber Orchestrak, ordu eta leku berean, baina Donostiako Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza izango ditu ondoan bigarren emanaldi horretan. Sarrerak salgai daude bi saioak ikusteko.

Abuztuaren 3an, larunbatean, Khatia Buniatixvili piano jotzaile georgiarrak eskola magistrala emango du 11:00etan, Musikenen, Donostiako goi mailako musika ikastegian, eta bi egun geroago eskainiko du bere emanaldia, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Franz Schubert, Franz Liszt eta Igor Stravinski konpositoreen obrak interpretatuko ditu Buniatixvilik.

Urtero bezala, etxeko txikienek ere izango dute zerekin gozatu, eta, urrutira joan gabe, abuztuaren 3an Kantu Kontari formatuko lehen emanaldia eskainiko dute Kursaalean. 3 urtetik 10 urtera arteko haurrentzako saioa da, eta abuztuko larunbat guztietan izango da jardueraren bat. Leire Cano ipuin kontalariaren eta Carmiña Dovale biola jotzailearen txanda izango da hurrengo larunbatean, 11:30ean. Ipuinak eta musika uztartzen dituzte Kantu Kontari formatuan. 3 euro ordaindu beharko dira eta aurretik izena eman beharra dago. Andra Mari ganbera abesbatzaren eta Ensemble Zimaren emanaldiak ere izango dira hurrengo larunbatean, Donostiako San Bizente elizan, 20:00etan, eta Guardiako San Juan Bataiatzailearen elizan, 20:45ean.

Hurrengo asteetako eskaintzari dagokionez, Ainhoa Arteta sopranoak, Lucia Lakarra dantzariak eta Juanjo Mena zuzendariak, esaterako, Donostiako Musika Hamabostaldian egin zituzten lehen urratsak, eta jaialdian izango dira hirurak. Abuztuaren 13an eta 15ean, 19:00etan, Giacomo Pucciniren Madame Butterfly antzeztutako operan parte hartuko du Artetak, pertsonaia nagusiari ahotsa jarrita; Victor Ullate Balletaren Antigona ikuskizunean Lakarra izango da protagonista, abuztuaren 17an eta 18an, 20:00etan; eta London Philharmonic Orchestraren emanaldian zuzendari lanak egingo ditu Menak, abuztuaren 30ean eta 31n, 20:00etan. Kursaalean izango dira emanaldi horiek guztiak.

EOSen emanaldiak

EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ere izango du tarterik Musika Hamabostaldian. Abuztuaren 13an eta 15ean Giuseppe Finzik gidatuko du EOS Madame Butterfly obra lirikoan, abuztuaren 14an Getarian eskainiko du kontzertua, 22:00etan, Salbatore elizan, eta abuztuaren 24an, besteak beste, Bela Bartoken Bizarrurdinen gaztelua opera interpretatuko du, Andra Mari abesbatzarekin batera. 20:00etan hasiko da saioa, Kursaalean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.