Kalera ateratako liburutegia

Kalera ateratako liburutegia

Beñat Alberdi

Datorren ikasturtean hamar urte beteko ditu Angiolillo liburutegiak. Bergarako gaztetxean, kartzela zaharra gisa ezagutzen denean dauka gune nagusia, eta izenarekin zerikusi zuzena du liburutegiaren kokapenak. Michele Angiolillo anarkistarengatik jarri zioten izen hori liburutegiari. 1897an, Antonio Canovas del Castillo Espainiako Gobernuko presidentea hil zuen Angiolillok, Arrasaten. Angiolillo gaztetxea dagoen eraikinean eduki zuten preso, liburutegiaren gelan. Eraikinaren aurrean hil zuten.

Egitasmo berritzaile gisa, kalean liburuak eskuragarri jartzea erabaki dute liburutegiko arduradunek, baina proposamen horrek ez dauka loturarik urteurreneko ekintzekin. Ideia garatu, pausoa eman, eta espero ez zuten harrera egin diote herritarrek. “Ideia ez zen sortu bilera batean”, azaldu du Aser Polvorosa Mujikak, Angiolillo liburutegiko koordinatzaileak. “Lagun batek proposatutako ideia da”, zehaztu du. “Esperimentu bat” egin nahi zutela argitu du koordinatzaileak, liburuak herritarren esku utzi nahi zituztela, zer gertatzen zen ikusteko. Neurri handi batean, herriari “jasotakoa itzultzeko” ere balio zuen egitasmoak. Izan ere, liburutegia jendearen ekarpenekin osatuta dago gehienbat.

Kontua ez da Angiolillok inprimakiak sobera zituela edo liburutegia ixteko asmoa zeukala. Liburu sorta bat gutxi erabiltzen zen. “Eta, neurri batean, autoak bezalakoak dira liburuak; Ferrari bat ez dugu erosten garajean geldi edukitzeko”. Zenbaitek liburuak errepikatuta zeuzkatela ere jabetu ziren, eta horrela hasi ziren ideia gorpuzten.

Kutxa batean sartu, eta hirurogei bat liburu jarri zituzten eskuragarri uztaileko bigarren asteburuan, herriko hiru gunetan: Irala kalean, Espoloian eta igerilekuan. Haurrentzako eta umeentzako euskarazko literatura banatu dute gehien. Saiakerak eta gizarte gaiekin lotura daukaten liburu ugari daukate liburutegian, “eta gaztetxean badute gurasoek antolatutako beste txoko bat ere”, baina, Polvorosak azaldu duenez, normalean gaztetxoak falta izaten dira bertan. Hori bai, kutxetan ez dituzte sartu haurrentzako eta umeentzako liburuak bakarrik. Esaterako, Karl Marx eta Friedrich Engelsen Manifestu Komunista liburua ere sartu dute, komiki formatuan. “Harrigarria dirudi, baina norbaitek hartu du liburu hori ere”.

Hartu eta irakurri, ez dago besterik egin beharrik. Ez dago txartel beharrik, eta ezta kontakturako bestelako daturik eman beharrik ere. Mezu sinple bat jarri dute kutxetan eta liburuetan: “Liburu hau askatu dugu. Irakurri ondoren, norbaiti oparitu!”.

“Horrelakoetan, ez da jakiten zer gertatuko den. Gerta liteke hurrengo egunean liburu guztiak lurrean botata edo txiki-txiki eginda egotea”, nabarmendu du koordinatzaileak. Baina herritarrek egitasmoa “guztiz” errespetatu dutela jakinarazi du Polvorosak, paper bat ere ez dutela aurkitu tokiz aldatuta. Poteorako kale batean jarri zuten kutxetako bat. “Eta, tartean pintxo-pote eguna tokatu arren, ez da izan kalterik”.

Egitasmorako “interes handia” erakutsi dute herritarrek. Uztailaren 13an eta 14an kalekoak ziren postuetako bi, eta horietan jendeari kosta egiten zitzaiola nabarmendu du Polvorosak, baina bestelakoa izan zen igerilekuaren kanpoaldean jarritako txokoak izandako harrera: “Lehen egunean, 11:00etan jarri genituen liburuak herritarren eskura, eta 18:00ak aldera, jada, ez zegoen bakar bat ere”. 11:00etan jarri zituzten hurrengo egunean ere, eta bi bakarrik gelditzen ziren arratsalderako. Koordinatzailearen hitzetan “antzekoa” gertatu zen hurrengo bi egunetan ere.

Gunearen arrakasta azaltzeko bi gako azpimarratu ditu Polvorosak. “Batetik, filosofiako liburuen ordez, literatura arina eskaini izana, eta, bestetik, tokia bera. Arratsalde-pasa igerilekura doanak eskertuko du irakurtzeko zerbait egotea”. Ahoz aho iritsi zaie jendea ikusi dutela kutxetako liburuak irakurtzen, baina oraindik goiz da bukatu ostean oparitu edo trukatuko dituzten jakiteko.

“Balorazio ona” egin dute sustatzaileek, eta, aldaketak aldaketa, egitasmoa berriz egiteko aukera egon daiteke etorkizunean. “Polita litzateke, adibidez, autobus geltokietan eskaintzea. Kasu horretan, auskalo liburuak non bukatuko duen; Benidormen akaso!”.

Liburutegiaren sorrera

Angiolilloren aurretik, beste hiru proiektu abiarazi zituzten Bergarako gaztetxean liburutegi bat sortzeko, baina bertan behera gelditu ziren denak. Hori bai, saiakera horietarako liburuak pilatu izanak balio izan zien ondorengo urratsak egiteko. Bereziki jendeak oparitutako liburuekin osatu dute liburutegia. Inprimakien %10-15 inguru erosi dituzte liburutegiko arduradunek, eta saiakerak edo gizarte gaiekin lotura daukaten gaiak lehenesten dituzte; finean, ohiko liburutegietan aurkitu ezin diren aleak. Hala ere, ez dute baztertzen libururik.

Gaztetxeko liburutegira sartzeko, ez dago baimenik eskatu beharrik; nahikoa da zabalik dagoen orduetan bertaratzea. Eta liburu bat hartzeko ere aski da orri batean idaztea zer liburu, nork eta noiz hartu duen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.