Bidea egiten ari da bide zaharra

Bidea egiten ari da bide zaharra

Kerman Garralda Zubimendi

Ignazio Loiolakoak, Santiago de Compostelara jo beharrean Manresatik [Herrialde Katalanak] igaro eta erromesaldia Jerusalemera egin zuenean, aurkako noranzkoan zihoala sentituko zuen askotan. Bostehun urteren buruan, Donejakue bidearen senide txikia da oraindik ere Ignaziotar Bidea, baina aldatzen ari da joera hori. “Bidea betidanik hor egon den arren, 2012an gorpuztu zen Inaziotar Bidearen ideia. Proiektu berria da oraindik, eta jendea orain hasi da ezagutzen”, azaldu du Amaia Reta Zumarragako Udaleko turismo teknikariak.

Retak Antioko interpretazio zentroan du bere bulegoa, Urola Garaia eskualdeko turismo agentziaren egoitzan, baselizaren alboan. “Legazpiko Mirandaola burdinolarekin batera, Antio da eskualdean bisita gehien izaten duen tokia. Loiolatik Manresarainoko bidea egin ez arren, askok egiten dute hiru tenpluak lotzen dituen zatia: Loiola, Antio eta Arantzazu. Horregatik izaten dugu hainbeste bisitari; gero eta gehiago”.

Madrildik iritsitako 16 eta 24 urte arteko berrehun gazte errezoan ari dira Antioko Ama Birjinaren aurrean. “Urtero antolatzen dugu erromesaldi bat gazteekin, bakoitzak bere burua ezagutu eta pertsona gisa garatzeko”, azaldu du Luis Melchor Madrilgo artzapezpikutzako haurren eta gazteen apezpiku ordezkariordeak. Araiatik (Araba) Loiolarako bidea egiten ari dira, Ignazioren urratsen atzetik. “Maitasunak beti irabazten du da gure aurtengo leloa. Ignazio Loiolakoarekin lotura handia du, bera gerlaria izan baitzen Jainkoaren zirrara sentitu arte. Handik aurrera, bakearen eta ongiaren alde egin zuen lan”, gogoratu du Melchorrek.

Ohiko erromesen profila betetzen dute gazte madrildar horiek, Retaren arabera atzerritik etortzen diren gazte fededunen talde handiak izaten baitira ohiko bisitariak. Hori bai, uztaileko azken egun hauek oinez ibiltzeko ez direla onenak ohartarazi du: “Maiatz amaiera eta ekain hasiera izaten dira aproposenak bidea oinez egiteko. Aizkorri igaro behar izaten da, eta neguan ez da erosoa izaten, elurragatik, haizeagatik eta hotzagatik. Udan, aldiz, bero handia egiten du”. Goizean goiz irteten direla azaldu dute erromes gazteek, berorik handieneko orduak saihesteko asmoz. “Isilik egiten dugu lehen ordua. Gogoetarako eta ingurunearekin konektatzeko baliatzen dugu”.

Adinean gora doazen turista batzuekin nahasian jarri dira erromes gazteak, baina helduek ez dute gazteen indarrik eta energiarik. Valladolidetik iritsi dira, Espainiatik, eta autobusez igo dira Antiora. “Horrelako bisitariak ere asko izaten ditugu. Erretiratuen taldeak izaten dira, egunpasa etortzen direnak. Egun bakarrean bisitatzen dituzte hiru tenpluak, bidean bazkaltzen dute… Aurretik antolatua izaten dute dena”, argitu du Retak. Normalean, fedeak baino gehiago, Loiolako, Antioko eta Arantzazuko parajeen edertasunak erakartzen du jendea.

“Azken urteotan hazi egin da autokarabanan presarik gabe etortzen diren bikote erretiratuen profila ere”, gaineratu du turismo teknikariak. “Denbora eta diru gehiago izaten dute, eta Gipuzkoako barnealdea ikusteko aprobetxatzen dute. Bisitariak, normalean, egun gutxi batzuetarako joaten dira kostaldera, lau gune zehatzetara, gainera. Gipuzkoara bigarren aldiz datozenak edo denbora gehiago dutenak etortzen dira barnealdera”, zehaztu du Retak.

Badago zer hobetua

Atzerritarrak dira bisitari gehienak, eta Retak zehaztu du tokiko bertako askok ezagutu ere ez dutela egiten Ignaziotar Bidea. “Horregatik, bideak zeharkatzen dituen hiru eskualdeetako turismo bulegoek —Urola Erdikoak, Urola Garaikoak eta Debagoienekoak—, bidearen osagarri diren bisita gidatuak, kontzertuak… antolatzen ditugu martxotik abendura, bertakoak ere Ignaziotar Bidera gerturatzeko”.

Azpiegituretan ere badago zereginik. Santa Barbaran dago erromesentzako aterpetxea, Urretxun; Antiotik ordubete inguru behar da oinez. “Ez da erosoa bidea oinez egiten ari direnentzat, bidetik atera egin behar dutelako”, azpimarratu du Retak. “Eta Antio albo batean gelditzen da Urolako tren zaharraren bide berdetik datozen erromesentzat ere; Zumarraga eta Urretxu zeharkatuta, zuzenean Legazpi aldera jotzen du bideak, eta handik Arantzazura”.

Retaren hitzetan, itsu-itsuan bidean aurrera egin nahi duen bakarren bat besterik ez da gelditzen Antiora igo gabe, baina izaten dira halakoak ere. “Estatubatuar batek udaberrian korrika egin zuen bidea. Bidea gero eta ezagunagoa dela erakusten du horrek”.

“Bidea ez da hemen amaitzen”, abisu eman du Melchorrek. Izan ere, Lourdesera (Okzitania) eta Balbastrora (Espainia) joango dira segidan. Turismo teknikariek ere euren egin dituzte Melchorren hitzak, argi daukatelako aurrerantzen ere garatu egingo dela Ignaziotar Bidea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.