“Enpresari askori euskarak, oraindik, traba egiten die lanerako”

“Enpresari askori euskarak, oraindik, traba egiten die lanerako”

Beñat Alberdi

Nongoa den galdetuz gero, “idiazabaldarra” erantzuten du Joxemari Muxikak (Getxo, Bizkaia, 1937). Jaio, Bizkaian jaio zen; Olaberrian hazi zen 11 urte bete arte; Idiazabalen heldu zen gero, soldaduska garaira arte; eta Arrasaten bizi da gaur egun. Belgikan ere egin zituen ikasketak tartean. Baina, joan-etorri horiekin ere, argi dauka izatez idiazabaldarra dela. Eta, neurri berean, beti argi izan du euskara sustatzeko lanean murgilduko zela; hala erakusten du bere ibilbideak.

Gerra giro betean jaiotakoa zara zu. Horrek izan al zuen eraginik zure gaztaroan?

Durangoko bonbardaketaren ondoren jaio nintzen, eta Gernikakoa baino lehen. Gurasoak ihesean iritsi ziren Getxora. Ama nebaren etxera itzuli zen gero, Olaberrira, eta aita ihesean joan zen.

Aita ezagutzeko betarik izan al zenuen?

Aita 12 urterekin ezagutu nuen. Donostiara joaten ginen Kontxako estropada garaian. Topo egiteko, gu Donostiatik joaten ginen gure txalupan, eta aita Iparraldetik etortzen zen berarenean. Gogoan daukat nola esaten zidaten “txapela daukana da zure aita”.

Betidanik izan al duzu konpromiso sendoa euskararekin? Frankismo garaian ez zen erraza izango, ezta?

“Ni euskalduna naiz, eta kito”, hori da euskaldunen kontzientzia. Giro euskaldunean hazi nintzen Olaberrian, baserri giroan; lagunak ere euskaldunak nituen. 8 urterekin iskanbila izan nuen eskolako irakaslearekin. Hark esaten zidan ni Múgica nintzela, eta nik ezetz, j-rekin eta k-rekin idazten zela nire abizena, guk horrela idazten genuela. Baina ez nuke esango orduan, oraindik, euskaldun kontzientzia hori neukanik.

Garai hartan aukerarik bazenuten mobilizatzeko?

Kristau mugimenduak zeuden garai hartan: Juventud Obrera Católica (JOC) eta Juventudes Independientes Católicas (JIC). Baserri giroko mugimendu kristauan ibili nintzen ni.

Zer antolatzen zenuten?

Arazoei aurre egiten laguntzen genion jendeari. Gazteentzako aisialdia antolatzen genuen; pilota txapelketak, txirrindulari lasterketak… Horrez gain, eta adibide gisa: behin, alargun gelditu zen baserritar bat, eta ez zeukan indarrik eguneroko lanei aurre egiteko. Lagun talde bat antolatzen genuen aste bukaeretan laguntzeko: belarra atondu, garia bildu… Aste barruan, berriz, lan egiten genuen.

Belgikan amaitu zenituen ikasketak. Nola sortu zitzaizun aukera?

Beka bat eskaini zidaten. Ez neukan batxilergo ikasketarik, eta, niretzat, noizbait liburu dendaren batean ikusitako izenak ziren Aristoteles eta Platon. Industria soziologia ikasi nuen.

Alde handia egongo zen diktadura batetik irten eta beste errealitate batera joanda, ezta?

Alde galanta zegoen hango irratien eta hemengoen artean. Guztia kontrastatzen zuten han. Denek hitz egiten zuten albiste baten berri izateko; politikariek zein sindikalistek. Hemen, berriz, bertsio bakarra eskaintzen zen.

Flandriako departamentuan egin zenituen ikasketak. Kontzientzia politikoa pizteko balio izan al zizun horrek?

Hemendik eraman genituen euskaldun izaera eta klase kontzientzia. Sindikatu batera afiliatuta nengoen jada. Flandrian geundenez, nederlanderaz hitz egiten zuten hangoek. Bi eremu zeuden unibertsitatean: frantsesa eta flandriarra; flandriarrek mobilizatzera deitzen zuten aldiro. Guk eurengana jotzen genuen eremu frantsesean egon arren. Ardura geneukan, eta harremana egin genuen hango sindikalistekin. Ikasketa osagarriak izan ziren.

Unibertsitateko kontuez gain, zer ikasi zenuten Belgikan?

Euskal Herriko historia, adibidez.

Euskal Herrira itzuli zinen behin ikasketak amaituta. Balio izan al zizuten Soziologia ikasketek?

Ezkondu ere egin nintzen tartean. Emazteak ere Soziologia ikasketak egin zituen Belgikan. Baserri giroko kontuekin lotura zeukaten lanekin hasi nintzen, eta Fagor taldearen barruko enpresa batean aritu nintzen lanean gero.

Pertsonalburu bukatu zenuen Fagor taldearen barruan. Espero zenuen lana al zen hura?

Pertsonalburu izendatu ninduten lehenengo, baina komertzial lanetan ere jardun dut gerora, erretiroa hartu arte. Enpresara informazio eske joan nintzenean galdetu zidaten ea zer egiten nekien nik. Ez nintzela katekoa esan nien, eta eurek bideratu ninduten pertsonalera.

Fagorren bertan abiatu zenuten euskara sustatzeko plana, ezta? Nolatan?

Lanean ari nintzela hil zen Franco. Askapena lortzeko mugimendua zegoen orduan, eta 1978an lagun talde bat hasi ginen gaia aztertzen: “Zergatik ez dugu sartuko hemen euskararen kontua?”, galdetu genion geure buruari.

Zer neurri bultzatu zenituzten?

Profilak definitu genituen, lehenik eta behin. Harremanetarako posturik garrantzitsuenak zeintzuk ziren identifikatu genuen, eta langile horiek euskaraz jakitea eskatu: hala nola telefonistak eta harrerakoak. Zuzendaritzari bideratu genion proposamena. Baimena eskatu genion postu horietan zeudenek euskara ikas zezaten. Ohartu orduko, Fagor talde osoarentzako plana zen hura.

Zeintzuek osatu zenuten proposamena?

Fabrikako langileok, euskararekin arduratuta geundenok. Natural-natural sortu zen dena, ez genuen egin behar izan bestelako lanik; hamabost bat lagun ibiliko ginen horretan.

1979an kudeaketa planean sartu zenuten proposamena, eta 1980an, barne araudian. Zer aldaketa gauzatu ziren dokumentuetan?

Euskara ofiziala zela zehaztu zen, eta euskaraz funtzionatuko genuela. Euskarako klaseak antolatzen ere hasi ginen aurretik. Fabrikak tokia uzten zigun horretarako, eta irakasleei soldata ordaintzen laguntzen zigun. Irakasle lanetan aritu behar zuena klase orduan erreleboan bazegoen, libratzeko baimena izaten zuen, baina beste guztiek ez. Lanorduetatik kanpo izaten ziren eskolak. 1982an edo 1983an bostehun ikasle zeuden Fagorren. Alfabetatzearen kontua fabriketara eramatea lortu genuen.

Langileek nola erantzuten zuten aldaketa zela eta?

Askok aipatzen ziguten askok gobernuak esan behar zuela euskara ofiziala zela, eta ez guk. “Hemen, guk hartzen ditugu erabakiak”, esaten genien guk.

Fabrikak lagundu zizuela aipatu duzu. Bitartekoak eskaini al zizkizueten arduradunek?

Ikasleak zein irakasleak, langileak ziren denak, baita antolakuntza lanetan zebiltzanak ere. Baina ez zen lan boluntarioa bakarrik; Fagorrek berak langile bat liberatu zuen, adibidez. Eta beste kooperatibetan ere liberatu zituzten langileak lan hori egiteko.

Errotuluak ere euskaratu zenituzten. Garrantzitsua al zen fabrikako paisaia aldatzea?

Bai, eta dena euskaratu genuen guk. Lanpostuen izenak euskaraz jarri genituen, eta komunak izena ere jarri genuen komunen sarreran. Baina laneko profiletan euskara eskatzeak eta lanpostuetan euskaldunak jartzeak eragin zuen benetako aldaketa. Ordurako, euskaraz ari ginen lanean, noski. Hori zen eraldaketarako gakoa. Dotorea da paisaia euskalduntzea, baina zer eragin dauka horrek?

Zer mailatan zegoen euskararen erabilera?

Ikaragarria zen. Euskaldun peto asko egon arren, gazteleraz egiten ziren fabrikako harremanak. Ni harrituta gelditzen nintzen gizarte euskaldun batetik iritsi eta euskaraz zekitenek harremanak gazteleraz egiten zituztela ikusita.

Proiektu hori nolatan gelditu zen bertan behera?

Lan horretan ari ginela, gobernua sartu zen, horren harira eurek ere zerbait antolatuko zutela esanez. Zuzendaritzak ebatzi zuen hori jada ez zela gure lana, horretarako erakundeak bazeudela, eta ez zegoela gure beharrik. 80ko hamarkada hasieran gobernuak indartu zirenean, fabrikak bertan behera utzi zuen euskararen aldeko ordura arteko lana.

Erakundeen proposamenak betetzen al zuen proiektu hura gelditzeak sortuko zuen hutsunea?

Hurbildu eta proiektua kentzeko eskatu zidan pertsonal zuzendariak, enpresarentzat kostua zelako. Nik horregatik esaten dut enpresari askori euskarak, oraindik, traba egiten diela lanerako. Ikertu egin behar da zenbaterainoko traba egiten dien, eta nola gauzatzen duten traba hori; baina ez dugu egiten lan hori. Beti esaten dugu “ea lagunen artean erabiltzen dugun euskara”. Baina ikertu egin behar dugu lantegietan nola sar dezakegun gure hizkuntza eta zein den pauso hori ez emateko oztopoa.

Fagorreko proiektua bukatuta, Arrasate Euskaldundu Dezagun [AED] taldean hasi zinen lanean. Zer lanketa egin zenuten?

Ez genuen eman gerra handirik Fagorrekoa gelditu zutelako. 1983an sortu genuen AED. Gure leloa zen, paristarrek frantsesez bezala, arrasatearrek euskaraz egitea. Bi gauza eskatzen genizkion udalari: euskara teknikari bat jartzea eta itzulpen zerbitzua eskaintzea. Hortik aurrera, aisialdian euskaraz aritzeko aukerak eskaini nahi genituen. Horrela sortu ziren bi prozesu: Ekin, emakumeekin lan egiteko, eta Txatxilipurdi, haur eta gaztetxoen aisialdia lantzeko. Gerora, berriro sortu zen enpresetan euskara sustatzeko egitasmoa: Euskalan.

Arrasaten txikia al zen euskararen erabilera?

Ezin dut zenbakirik aipatu, baina oso txikia zen, bai. Fabrikara joan, eta gazteleraz aritzen ziren euskaldunak. Euskara traba zen egoera politiko hartan.

Herriko euskal komunikabideak ere sustatu zenituzten egoerari erantzuteko: Arrasate Press eta Arrasate Telebista.

Txosten bat egin genuen, eta dokumentu hark zioen euskarazko komunikabideak garrantzitsuak zirela hezkuntzarako, haurren garapenerako eta herritarrentzako. Hezkuntzako mugimendu guztiek parte hartu zuten, eta Arrasateko hainbat elkartek ere sinatu zuten txostena. Jokoz kanpo utzi genituen agintariak. Momentu horretan, ez zegoen legerik; alegala zen proposamena, baina gertu geneuzkan poliziak. Presio hari buelta erdia ematea lortu genuen.

Herritarrek harrera ona egin al zioten proposamenari?

Kanpaina egin genuen, eta bai, bai, noski. 1992an sortu genuen Arko, Arrate Komunikabideak. Aurreko beste proiektu guztiekin egin bezala, hura ere bereizi egin genuen juridikoki; autonomoak egitea zen ideia, eta euren arazoak eurek konpontzea. Hainbeste proiekturekin, bestela, ito egingo genukeen AED.

Oraindik indarrean jarraitzen al du Euskalanek?

Ez, bertan behera gelditu zen. Emun sortu zuten, eta lanerako eremurik gabe gelditu zen. Gaur egungo ikuspegiarekin, ordea, argi daukat herri mugimenduak bere etorkizuna ezin duela utzi erakunde baten esku, helburuak bidean galtzeko arriskua dagoelako bestela. “Soziolinguistika Klusterrak, Elhuyarrek edo Emunek zergatik ez dute aztertzen lantegietan zein den euskararen egoera?”. Neure buruari askotan egiten diot galdera hori.

Euskara sustatzeko hamaika egitasmotan parte hartu duzu zuk. Atzera begira jarrita, zer balorazio egiten duzu?

Ez dut uste gauza misteriotsurik egin dugunik, eta hanka sartze handirik ere ez. Baina lantegietako azterketa horren falta sumatzen dut. Onartu egin behar al dugu egoera hori? Tripako mina ematen dit zuzendariren bat euskaraz egin behar dugula eta etorkizuna hori dela esanez entzuteak. Zer gertatzen da, ordea, fabriketako egunerokoarekin?

Leave a Reply

Your email address will not be published.