Hiriaren ohiko fokuetatik ihesean

Hiriaren ohiko fokuetatik ihesean

Unai Zubeldia

Donostia ez da Jazzaldia bakarrik; ez da Zinemaldia soilik; eta Musika Hamabostaldiaz harago ere hirian badago bestelako kultur eskaintzarik. Donostiaren arnasguneetako bat da Kristinaenea parkea. “Eta musika eskaintza horretan ere arnasgune moduko bat da Glad is the Day jaialdia”, azaldu du Jon Aizpuruak, Donostia Kulturako Kultur Ekintza Sailaren zuzendari teknikoak. “Zinemaldiaren eta Jazzaldiaren ondoan, aurrekontu eta baliabide aldetik proposamen apalagoa da Glad is the Day, baina jaialdi desberdina da. Formatuarekin asmatu dugula uste dut”.

2015. urtean jaio zen jaialdia, Dabadaba eta Le Bukowski aretoen ekimenez. “Baina lehen urte hartan, jada, Donostia 2016 fundazioak ere lagundu zien antolaketa lanetan”, zehaztu du Aizpuruak. “Helburua beti izan da familiako kide guztientzat egun osoko programazioa egitea”. Etzi, 12:00etan hasiko dira lehen musika emanaldiak —Susmara ariko da agertoki nagusian, eta Joven Mata eta Bellaca agertoki txikian—, eta 21:00etan amaituko dira The Limboos taldearen eta Merca Bae DJaren emanaldiak. “Batetik, hemengo taldeen eta kanpotik ekarritakoen zuzeneko kontzertuak izango ditugu agertoki nagusian, eta DJ emanaldiak agertoki txikian. Musika urbanoa, hip-hopa… Hiriko kultura irudikatuko dute DJ emanaldi horiek”.

Glad is the Day ez da musika jaialdi soil bat, ordea, eta, urtero bezala, Mercadabadillo bigarren eskuko merkatua ere antolatu dute aurten ere, 70 posturekin. “Horrez gain, haur jolasak eta tailerrak ere izango dira egun guztian, haurrek musikarekin eta jolasekin disfrutatu ahal izateko”, zehaztu du Donostia Kulturako Kultur Ekintza Sailaren zuzendari teknikoak. Gladys del Estal ekintzaile ekologista Tuteran (Nafarroa) tiroz hil zutenetik berrogei urte bete dira, gainera, aurten. “Eta, horren harira, erakusketa bat ere jarriko dugu Kristinaenea parkean”.

Baldintza bereziak

Aurten, lehen aldiz, antolaketa lana Donostia Kulturaren gain gelditu da; baina Aizpuruak argi azaldu du eurentzat “ezinbestekoa” dela Dabadabak eta Le Bukowskik ondoan jarraitzea. “Eurak gabe ez luke zentzurik izango, euren ekimenez sortu zelako jaialdia. Egia da aurten, jada, gure esku dagoela antolaketa, baina eurak aritu dira koordinazio lanetan. Donostia Kulturarentzat garrantzitsua da eragile horiekin elkarlanean aritzea, bide horretatik askoz aberatsagoak izango direlako programazioak”. Hori bai, Dabadabak eta Le Bukowskik etziko programazioan esku hartze handia izan arren, Musika Gela proiektuan dauden bi talde ere proposatu ditu Donostia Kulturak: Susmara eta The Bloody Magic Nails. “Eta, Kutxa Kulturrekin ere elkarlanean aritzen garenez, hemengo talde bat ere sartu dugu: Grande Days. Guretzat, garrantzitsua da hemengo harrobiari ere bultzada ematea”.

Alex Lopez Dabadaba aretoaren programatzaileak jakinarazi duenez, hemengo taldeek “oso gustura” jasotzen dute Glad is the Day jaialdian parte hartzeko gonbidapena. “Produktore handiagoei edo kanpokoei, berriz, behin baino gehiagotan deitu behar izaten diegu jaialdiaren berri emateko, eta batzuei kosta egiten zaie doako jaialdiei baiezkoa ematea. Baina lehen lau urteetan oso gustura amaitu zuten talde guztiek”.

Dabadabako kideak onartu du taldeentzat baldintzak ez direla izaten onenak. “Adibide moduan, ezin izaten dituzte egin soinu frogak. Horregatik, etortzeko prest egoteaz gain, agertokira igo, gailuak piztu eta kalitate oneko emanaldia eskaintzeko gai diren taldeak bilatzen ditugu beti”. Abuztu hasiera ere ez da egokiena talde asko lotzeko. “Baina, zailtasunak zailtasun, urtero osatzen dugu oso egitarau ona, eta aurten ere lortu dugu”. Hori bai, jaialdia “erronka moduko bat” dela azpimarratu du. “Parke bat izanik, ez dugu izaten denborarik muntaketa lanetarako, eta oso estu ibiltzen gara beti”.

Taldeei dagokienez, Potato lotzeagatik dago bereziki gustura Lopez. “Denbora asko da Potatok Donostian emanaldirik eskaini ez duela, eta polita izango da”. Horrez gain, Le Bukowskitik eta Dabadabatik urtero “hirurehun bat talde” igarotzen direla azpimarratu du Lopezek. “Eta horien artean The Limboos da, zalantzarik gabe, jendea gehien piztu duen taldeetako bat”.

Aterperik gabeko jaialdi bat izanik, urtero zerura begira egoten dira antolatzaileak. “Baina badirudi eguraldi ona izango dugula”, azaldu du Aizpuruak, pozik. Horren jakitun, “eta izugarrizko plana dela ikusita”, Lopezek hara agertzeko gonbita egin die herritar guztiei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.