Elixabete Perez Gaztelu: “Bizirik dagoen seinale da hizkuntza aldatzea”

Elixabete Perez Gaztelu: “Bizirik dagoen seinale da hizkuntza aldatzea”

Udane Arbeo

“Betidanik” izan du interesa hizkuntzaren idazkerarekin eta ahozkotasunarekin lotura duten gaietarako. Euskal Filologian irakasle gisa aritutakoa da Elixabete Perez Gaztelu (Errenteria, 1961), eta Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean Komunikazio graduan Komunikazioaren Teoria, Ahozko komunikazioa eta Prentsa idatzia irakasten ditu egun. Idazketa akademikoa, berriz, Bizkaiko campusean, Euskal Hizkuntza eta Kultura graduan. Gazteen hizketaldiak Interneten hitzaldia eman zuen asteartean, EHUren udako ikastaroetan, Gazteak eta eleaniztasuna gaia hizketagai hartuta. Euskal Herriko gazteek Interneteko hizketaldietan, bereziki, “beste aldaera bat”, beste kode moduko bat sortu dutela uste du errenteriarrak.

Zein oinarriri heldu zenion astearteko hitzaldia osatzeko?

Gazte hizkerez hitz egin nuen, gazte guztiek ez baitituzte erabiltzen hizkera modu berak eta gazte berak ez baitu komunikatzen modu berean komunikazio egoera guztietan. Zein hizkuntza praktikaz ari garen bereizi behar da hizkera aipatzean: praktika idatziaz edo ahozko praktikaz. Hirugarren bat ere bada egun, eta, hain zuzen ere, horixe da gure aztergunea: txatetako mintzidatzia; hau da, mintzatzetik eta idaztetik zerbait duen idazkera berria. Txatetan ez da idazten idazkera arautuaren arabera, baina idazkera arautua dago oinarrian; eskolan ikasitakoa. Gazte euskaldunek Interneten, txatetan bereziki, beste aldaera bat sortu dutela erakustea zen xedea. Hau da, harreman informaleko txatetako mintzidatziaren bitartez, beste komunikazio esparru bat irabazi dugu euskararen komunikaziorako, ez baitu ordezkatzen idazkera edo ahoskera formala.

Gaur egun, gazteek nola kontsumitzen dute Internet?

Guztiok kontsumitzen dugu Internet, ez gazteek soilik, eta ez helburu bererako. Guk, adibidez, ezinbestekoa dugu lanerako, hainbat ariketatarako, informazioa bilatzeko, idazteko, egunkariak edo testuak irakurtzeko… Euskadiko Gazteen Behatokiaren aurtengo txostenaren arabera, erkidegoko gazte guztiek (%99,7) egunero erabiltzen dute sare sozialen bat.

Garai batetik aldatu egin al dira gazteen hizketaldiak?

Hizkuntza beti ari da aldatzen, eta bizirik dagoen seinale da hori. Hiztun bizirik ez duen seinale da aldatzen ez den hizkuntza. Beste kontu bat da hizkuntza aldatzeko modua, eta hizkuntzaren ideologiaren araberakoa izaten da hori. Egun, estandarizazioaren eta eskolatzearen ondorioz, ikaragarri zabaldu da hiztun profila, eta aldaketa asko etorri da horrekin.

Puri-purian daude sare sozialak. Zein iritzi duzu hizkuntzaren zuzentasuna kontuan hartuta?

Hiztunek zein sare sozial eta zertarako erabiltzen duten jakiteko, zuzena zer den zehaztu beharko genuke lehenengo. Sare sozial guztietan ez dut uste zuzentasunaren kontzeptua modu berean aplikatu behar denik. Lagunarteko txat talde batean, adibidez, ez dut uste zuzentasunak funtzio handirik duenik. Baina, herrian kartelen bat jarri behar bada, zaindu egin behar da hori. Pribatua eta publikoa zer den ere kontuan hartu beharko litzateke.

Hizkuntzak elkarren artean nahastu egiten direla uste duzu?

Hori ez da gauza berria. Denok elebidunak gara gutxienez; eleaniztunak gara denok. Hizkuntzen artean harremana dagoenean, ezinbestekoak dira hizkuntzen arteko nahasketak. Kode aldaketa horri norberak jarri behar izaten dio muga, eta komunikazio helbururen bat ba ote duen aztertu behar izaten da. Kike Amonarriz soziolinguistak ere esana du hizkuntzak nahastea dela, agian, gazte hizkeraren ezaugarrietako bat. Eleaniztunen arteko jolasetako bat izan daiteke hitz nahasketena. Baina gazte guztiek ere ez dute hizkuntzarekiko sentiberatasun bera. Gure azterketan ikusi dugu badirela kode aldaketarik apenas egiten duten gazteak ere.

Irakasle zarenez, zein ikuspegi daukazu ikasleekiko?

Kezkati samar nago, nire belarriek campusetan bertan ez dutelako entzuten euskara gehiegi. Ez dakit ez ote garen erlaxatu; indar pixka bat galdu dugu. Zorionez, azken inkesten arabera, etxean gehiago hitz egiten da euskaraz.

Zein ahulezia nabari dituzu komunikazioan?

Ahozkotasunari dagokionez, desberdintasun handia sumatzen dut lekuaren arabera. Gazteek unibertsitatean, zeregin akademikoetan, ez lukete adierazi beharko kalean, lagunartean bezala. Hizkuntzaren erabilera zainduak eskatzen duen hizkera ere indartu beharko genukeela uste dut. Bestalde, joera bat ere badago zenbat eta itxiago hitz egin, orduan eta euskaldunago sentitzekoa edo, baina, horrela jarraituz gero, elkar ez ulertzera irits gaitezke. Elkar ulertzeko sortu zen euskara batua, ezta?

Zein aldaketa espero dituzu gazteen hizketaldietan?

Gazteen bizimoduan hainbesteko tokia duen komunikazio esparrua, sare sozialen mundua, baliagarri izatea itxaro dut. Bere buruarengan konfiantza handirik ez duenarentzat, euskaraz ongi, erdipurdi edo gaizki dakien horrentzat, testuinguru mesedegarria izan daiteke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.