Hogei urteren ostean, ausartago

Hogei urteren ostean, ausartago

Iñigo Terradillos Gaztañaga

Musika talde baten helbururik zailenetakoa lortu du Alos Quartetek: soinu bereizgarria izatea. Taldekideek nabarmendu dutenez, atzean duten hogei urteko bideari eta lan egiteko moduari esker iritsi dira helburu horretara, eta “ezaugarri horren adierazle argia” da urteurren borobilaren harira kaleratu berri duten Lau diskoa.

Xabier Zeberiok, Lorena Nuñezek, Francisco Herrerok eta Ivan Carmonak osaturiko hari laukotearen laugarren diskoa da Lau. Izenburua hautatzeko prozesuan “nahikoa buruhauste” izan eta gero, “sinplera” jotzera erabaki zuten. Musika sortzean ere, zailena hori izaten dela azaldu du Zeberiok, “gauza sinpleetara jotzea, eta gauza sinpleak eta ederrak lortzea”. Sinplea izateak ez baitu esan nahi erraza denik: “Agian, gauza sinpleak egitea da zailena, eta gutxirekin, artifiziorik gabe, entzulea hunkitzen saiatzea; hori da gure helburua”. Musikagileak horrela arrazoitu du zer leku duen euren lanean isiluneak edo soinurik ezak. “Musika iradokitzailea” da emaitza, “irudiekin bat doana”, eta, Zeberioren ustez, badira soinu mota hori bereziki gustuko dutenak. “Gaur egungo bizitza aldrebes eta azkar honetan, jendeak eskertu egiten du poliki eta mimoz egindako lan bat entzuteko denbora hartzea. Badakigu gozatzen duten zale leialak ditugula, eta asko betetzen gaitu horrek”.

Hamasei abestik osatzen dute lan berria, eta Tolosako musikariak sortu ditu gehienak. Lan berrian taldearen “ohiko kolorea eta dinamismoa” nabari dela azaldu du Zeberiok, baina baditu berritasunak: “Ñabardura eta soinu berriak topa daitezke. Izan ere, elektronikarekin jolasean ibili gara, eta soinu diseinuari ere garrantzia eman diogu”. Taldearen ibilbide luzearen bilakaeraren adibide da hori: “Pixkanaka, hausten ari gara geure buruari jartzen dizkiogun trabak eta mugak, eta diskotik diskora nabaritu egiten da hori. Lehen diskoa egin genuenean baino ausardia handiagoa dugu orain benetan sentitzen duguna egiteko”.

Hala, “tradiziotik ere edaten duen taldea izaki”, eta abesti gehienak berriak diren arren, tartean badira moldaketaren bat jasan duten doinu ezagunak ere: “Bi bertsio dira: bata, Oi Pello Pello, Mikel Laboari omenaldi txiki bat egiteko; haren ahotsa ere sartu dugu. Bestea, berriz, Jean Baptiste Elizanburuk sortutako Ikusten duzu goizean Iparraldeko kantu ezaguna”. “Kantu indartsuak” ere entzun daitezke erritmo lasaiekin batera, lan berri guztietan “oreka” lortu nahi izaten baitu Alos Quartetek. Hain justu, Zeberiok azaldu du “atmosfera horiek guztiak elkartuta” sortzen dela taldearen soinu bereizgarria.

Musikagilearentzat, ez da oso erraza soinu bereizgarri hori kokatzea: “Leku askotara egokitu gaitezke; hori da gure arazo edo bertuteetako bat. Getxofolk jaialdian izan gara, adibidez, folk talde bat izan gabe. Baina folketik edaten dugu, baita popetik eta rocketik ere. Inprobisaziorako tartea ere bada gure doinuetan. Bi musika mota ulertzen ditugu: ukitzen edo hunkitzen duena, eta hori lortzen ez duena”.

Urteurreneko ospakizuna

Taldeko lau kideek baino gehiagok parte hartu dute Lau diskoan. “Gure lanetan, ohikoa izaten da hori. Zorte ikaragarria izan dugu urte hauetan guztietan, hainbat esparrutako artista ugarirekin lan egiteko aukera izan dugulako”, nabarmendu du Zeberiok. Euskal musikari askorekin aritu izan dira; hala nola Ken Zazpi, Niko Etxart eta Kepa Junkerarekin. Eta nazioarteko elkarlanak ere izan dituzte, Dulce Pontes portugaldarrarena, esaterako. “Lagun asko egin ditugu bidean, eta gehiago egiten ari gara. Guk euren lanetan parte hartzen dugun moduan, eurak ere gonbidatzen ditugu gure lanetara”.

Hala gertatu da azken lanean ere. Taldeak Iñigo Egia izan du perkusioan, Ivan Alzate baxuan, Aitor Etxebarria programazioetan, Oreka Tx-ren txalaparta ere izan dute, Izaro Andresen ahotsa, Juan Carlos Cambasen pianoa, Enrique Solinisen antzinako tresnak eta Pablo Martin Camineroren kontrabaxua.

Alos Quarteteko kideek argi dute eurena ez dela boladan dagoen taldea, “etorkizunera begirako taldea baizik”. Horri esker, “modu naturalean” egin dute bidea. “Inurri lana izan da gurea; presarik gabe konposatu dugu, poliki, baina geratu gabe”. Horrela lortu dute hogei urte betetzea. “Eta, hogei urteren ondoren, ibilbidearen une gorenean egotea. Inoiz baino kontzertu eta proiektu gehiago dauzkagu”.

Getxon eta Iruñean, dagoeneko, eskaini dituzte disko berriko piezak jendaurrean. Dantzarekin uztartu dute ikuskizuna, eta emaitza “oso berezia” izan dela azaldu du Zeberiok: “Dantza garaikidea eta gure musika elkartu ditugu, eta Amaia Elizaran tolosarra eta Leire Otamendi donostiarra izan ditugu bidelagun”. Ikuskizun hori eskainiko dute datozen kontzertuetan ere, Alos Quartet 20 urte izenburupean. Abendurako eta urtarrilerako zehaztu dituzte Donostiako, Gasteizko eta Tolosako emanaldiak, eta “ibilbidearen errepaso modukoa” izango dela zehaztu dute, gonbidatu askorekin: “Berezia da hogei urte betetzea, eta, horregatik, behar den bezala ospatu nahi dugu urteurrena, gure lagun musikariekin eta zaleekin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.