Mari Jose Altube: “Motibaziorik gabe, obligazioa da dena, eta inork ez du gustuko”

Mari Jose Altube: “Motibaziorik gabe, obligazioa da dena, eta inork ez du gustuko”

Beñat Alberdi

Hezkuntza metodologiak eta irizpideak auzitan jarriko ditu Mari Jose Altubek (Oñati, 1966). Gaiari buruzko iritzi bat eta bakarra ez dagoela oinarri hartuta, oñatiarrak eztabaida sustatu nahi du Zer ebaluatu hizkuntza batean? Nola ebaluatu? ikastaroarekin. UEUk antolatu du, 30 ordukoa izango da, eta sarean eskainiko dute, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Beteta daude toki guztiak, baina itxaron zerrendan izena eman daiteke irailaren 18ra arte.

Hizkuntzaren ebaluazioa landuko duzue ikastaroan. Orain arte ebaluatu izan dena ez al da zuzenena?

Sistema bat ezarrita dago non orokorrean nota bat lortzea den helburua. Edukiak barneratu behar ditu ikasleak, baina beste gauza asko ere bai. Integralagoa, pertsonalizatuagoa eta etengabekoa izan behar du hezkuntzak. Orokorrean ari naiz hizketan, beti egongo baitira bestelako sistemak erabiltzen dituzten irakasleak.

Zer sistema izango litzateke egokiagoa?

Prozesu bat da ebaluazioa. Irakaslearen planifikazioa, ikasleen ikasketa, curriculumaren garapena… Hobekuntzaren bidean horiek denak behatzen ditu heziketa prozesu horrek. Pertsona aditua behar du izan irakasleak, ikasleak bideratzeko eta zuzentzeko. Bere egitekoa, jada, ez da hainbeste materia azaltzea, ikasleen ahalegina babestea baizik; hau da, ikasleek euren kasa azalpenak eman ditzaten laguntzea eta ekarpenak egitea.

Ikasleak aktibo bilakatzea al da gakoa?

Ondorengoak behar du izan hezkuntza proiektu baten helburu nagusia: ikaslea motibatzea, bere ahaleginak onartzea eta dituen hizkuntza abileziak —irakurtzeko, idazteko, entzuteko eta mintzatzeko gaitasuna— mailaz maila dibertsifikatzea, erregistro batez hornituz.

Hizkuntzetarako metodologiak pertsonalizatua izan behar duela babesten duzu. Zergatik?

Metodologia pertsonalizatu hori orokorrean behar dela uste dut, ez hizkuntzen kasuan bakarrik. Kasu jakin batean, hizkuntzan, aplikatuko dugu etengabeko ebaluazioaren ideia hori. Baina beste edozein kasutarako balio dezake gerora.

Ikastaroan ere ebaluazio jarraitua erabiliko duzue? Zertan igarriko da?

Sei aste iraungo du ikastaroak, eta gai bat landuko dugu aste bakoitzean. Eduki jakin batzuk ditu bloke bakoitzak, baina ez da gauza itxi bat. Hemen ez dago Bibliarik; eztabaida sortzeko edukiak dira, azken batean. Horrez gain, jarduera batzuk izango ditu bloke bakoitzak, txat saioetatik hasi eta foro irekietara arte. Ikasle bakoitzak bere proiektua garatu beharko du, hala ere.

Zein proiektu izango dira?

Ez dakit; bakoitzak aukeratu beharko du hori. Azken bi asteetan landuko dugu proiektua gehienbat, eta ikastaroa bukatu baino lehen jarri beharko dute praktikan.

Parte hartzeko foro irekiak aipatu dituzu. Foro horiek zertarako balioko die ikasleei?

Euren iritziak eta esperientziak eskatuko dizkiegu. Denok daukagu esperientzia hezkuntzan. Akaso ez irakasle lanetan, baina bai gaztetan eskola garaian bizi izandakoa. Orain ezin da jakin zer lortuko dugun, baina, bakoitzak ideia bat azaltzen badu, ideia asko bil ditzakegu.

Zer ikasiko dute ikastaroan izena eman dutenek?

Denon betebeharra da belaunaldi berriak heztea. Eginbehar horietan haien protagonismoa behar dute haurrek. Kontua ez da curriculumeko baloreetan heztea bakarrik. Beste balore batzuk ere behar dira; tolerantzia eta adimen emozionala, adibidez. Ikasle eta irakasle hierarkia ere hautsi egin beharra dago.

Motibazioaren garrantzia nabarmendu duzu. Zer dela eta du hainbesteko garrantzia?

Motibazio horrek berak bultzatzen zaitu gauzak ondo egitera. Motibatuta zaudenean, dena ondo ateratzen da ahalegin handirik egin gabe. Motibaziorik gabe, berriz, obligazioa da dena, eta inork ez du ezer gustura egiten obligazioz. Motibatuta gaudenetan, askoz hobeak izaten dira emaitzak.

Hizkuntza eta generoa ere kontuan hartuko dituzue ikastaroan, ezta?

Alor hori ez da kontuan hartu izan orain arte. Hizkuntzak matxistak dira oro har; batzuk beste batzuk baino gehiago. Denon artean landu beharreko erronka bat da, ez baitut uste gai hori ofizialki inork lantzeko asmorik duenik. Astindu bat emateko aprobetxatuko dugu: nola aurkitu adierazteko ahalik eta modurik neutroena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.