Musika urbanoaren trostan

Musika urbanoaren trostan

Eider Goenaga Lizaso

Iritsi da Donostia Festibala, urteotan jende askorentzat huts egin ezinezko zita bihurtu dena. Bederatzigarren ekitaldia du aurtengoa, baina jaialdiak ez dauka zerikusirik duela bederatzi urtekoarekin. Izaera propioa hartuz joan da apurka-apurka, eta Zubietako hipodromoa (Donostia) musika urbanoaren agertoki bilakatu da azken urteetan. Bestalde, duela hiru urte, jaialdia Igeldoko jolas parkean antolatzeari utzi eta tokiz aldatu zuten.

“Igeldotik Zubietara aldatzearen arrazoia ez zen jende gehiago erakartzea: Igeldon egin zituzten obrek beste toki bat topatu beharrean jarri gintuzten. Hasieran, pentsatzen genuen ezinezkoa zela Igeldoko jolas parkearen nortasuna izango zuen beste gune bat topatzea. Baina hipodromoak badu nortasun hori”, azaldu du Sergio Cruzado Donostia Festibala jaialdiko zuzendariak. Europan hainbat tokitan egiten dituzte kontzertuak hipodromoetan.

Jende gaztea erakarri

Eskaintzari dagokionez, Cruzadok dio iaz hartutako bidean sakondu dutela. “Izan ere, iaz bira moduko bat egin genuen, musika urbanoaren inguruko jaialdi bat osatzeko eta gure nortasuna norabide horretan zehazteko”. Besteak beste, musika urbanoa programatzea ikus-entzule gazteagoak erakartzeko modua izan zitekeelako egin zuten bira hori, eta emaitzek arrazoia eman zieten. “Iaz, 14.000 ikus-entzule bildu ziren, eta aurten jada gehiago saldu dugu; beraz, ziur gaude 18.000 lagun baino gehiago etorriko direla bi egunetan”. Horretarako, espazioa 24.000 metro koadrora egokitu eta handitu dute, jendea aurreko urteetako erosotasun berarekin mugitu dadin.

Ikus-entzule gazteek beste jaialdi mota bat bilatzen dutela dio Cruzadok, jaialdi askotan bildutakoen adinaren batezbestekoa 30 urtetik gorakoa izan ohi dela. “Askok doinu klasikoagoen aldeko apustua egiten dute, edo programatzaileen belaunaldiko musikaren aldekoa. Baina guk uste dugu ikus-entzule gaztea batez ere musika urbano horretan mugitzen dela, eta hor dagoela etorkizuna”. Cruzado ziur da iaz erabaki ona hartu zutela, jendeak ulertu zuela ideia, eta aurten eskaintza “askotarikoagoa eta indartsuagoa” dela nabarmendu du.

Aniztasun hori dela kausa, zaila zaio Zubietako hipodromoan bi egunetan ariko diren taldeetan bakarra nabarmentzen. “Neurgailuaren arabera, talde bat edo beste nabarmendu daiteke. Sare sozialetan duten oihartzunari erreparatuta, argi dago Beret litzatekeela nagusi, haren bideo batzuek 241 milioi bisita gainditu baitituzte Youtuben; historiari eta musikan izan duen garrantziari erreparatuz gero, Mala Rodriguez litzateke kartelburua; sarrera salmentari eta tiradizoari begiratzen badiozu, La Pegatina; eta Euskadi mailan, ukaezina da Gatibuk daukan indarra eta erakarmena”.

Taldeen kartela, beraz, “oso horizontala” dela dio jaialdiko zuzendariak, eta, ikus-entzule bakoitzak bilatzen edo gogoko duenaren arabera, edozein izan daitekeela kartelburu. “Eta, agian, Gatibu eta Beret dira hariaren mutur bietan dauden taldeak, baina ziur nago horietako edozein ikustera doanak gozatu egingo duela La Pegatinarekin, Iseorekin edo Tremenda Jauriarekin. Azken batean, talde asko daude tartean, eta hain muturrekoak diren bi eskaintza horiek hari berean bat egitea lortzen da”.

Lau agertoki

Hipodromoko pistak inguratzen duen belardian gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek jaialdiko eskaintza nagusiaz. Keler eta Donostia agertokiak hor egongo dira, eta bietan txandakatuz joango dira taldeak, elkar zapaldu gabe, bildutakoei musika eskaintzak ahalik eta modu osoenean gozatzeko aukera emanez.

Hortik kanpoan kokatuko dira beste bi agertokiak. Dabadaba/ Bukowski agertokia da horietako bat. Donostia Festibalak hiriburuan urte osoan programatzen duten bi lokal horiei egiten dien omenaldi moduko bat da. Agertoki horretan, Dabadabak egin du ostiraleko programazioa, eta larunbatekoa, berriz, Bukowskik. “Iaz hasi ginen kolaborazio honekin, eta ilusio berezia egiten dit niri; azkenean, urte osoan haiek dira musika programatzen lan egiten dutenak”. Azkenik, Fnac agertokian foru aldundiaren Katapulta Tour zirkuituan parte hartzen duten Donostiako bi taldek eskainiko dute kontzertua: Ro eta Espagueti taldeek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.