“Ahaztuta edo barruan gordeta neukan dena, mina ematen didalako”

I. Saizar Artola

Herriko jardunak eta Alurr dantza taldean egindako lanak eman diote sona Eli Nosellasi, baina urtarrilean bestelako gai batekin agertu zen haren izena lerroburuetan. 1975ean eta 1976an Jesus Muñecas Guardia Zibileko kapitainaren eta beste guardia zibil batzuen torturak jasan zituztela salatu zuten sei lagunek Tolosako epaitegian, eta tartean zen Nosellas ere. 16 urte zeuzkan orduan.

Gaztetan etapa gogorra pasatutakoa zara. Mojetatik langileen aldeko borrokara egin zenuen salto, eta kartzelan ere egon zinen.

Bai, etapa gogorra izan zen. Gogorra diot, oso gauza gogorrak bizitzea tokatu zitzaidalako, eta orain dela gutxi gogorarazi ditugulako. Orain gutxi arte, ahaztuta edo barruan gordeta neukan dena, mina ematen didalako. Baina, era berean, pentsatzen dut gauza guztiek daukatela onetik zerbait, eta etapa horrek ere gauza asko erakutsi zizkidan.

Oso gaztea nintzen, beti borrokatu izan naiz bidegabekerien kontra, eta hala jarraitzen dut orain ere. Sugandila baten parekoa nintzela esaten du amak, ipurtarina, eta zorte txarra izan nuen. Tokatu egin zitzaidan; momentu txarra, pertsona txarra… Tolosan. Hori ere pasatu nuen. Baina, orain, berriro heldu diogu gaiari, eta gaizki pasatzen ari naiz. Mingarria da niretzat, eta nire inguruarentzat ere bai. Gauza asko gordeta eduki izan ditut orain arte, eta ez dut inor mindu nahi orain, niretzat mingarria bada inguruarentzat ere hala izango delako. Agian, ez nuen nahi besteek niretzako zein gogorra izan den ikus zezaten; gauza asko ez dut nahi haiek jakiterik.

Etapa hori amaitzeko, ordea, hasi beharra zegoen noizbait. Salatzeko beharra sentitu zenuen?

Egin beharra zegoela esaten zidan nire kontzientziak, baina saiatuko naiz ahalik eta gutxienek sufri dezaten.

Alde positiboa bilatzen saiatu beharko da halakoetan, ezta?

Hala da, bai. Asko ikasi dut. Sufrimendua izan da, zoritxarrez, baina gauza asko erakusten ditu sufrimenduak. Orain, agian, sentiberagoa naiz gauza askorekin. Nik borratu egingo nuke etapa hori, oso-oso gogorra izan zelako, 16 urte nituelako, gauza asko ez nituelako ulertzen, eta gauza askotan markatu egin nauelako. Baina, tira, hori tokatu da, hori bizi izan dut, eta aurre egin diot bizitzari; familia zoragarri batekin, gainera. Beti esaten zidaten ez nuela lortuko ama izaterik, baina lortu dut, amona ere banaiz, eta, oraintxe bertan, alabaz, bilobaz eta amaz disfrutatzen ari naiz ahal dudan guztian.

Momentu horiek igaro eta bizitza eraikitzea tokatu zitzaizun…

Bai. Kanpora joan nintzen, eta 20 urte ingururekin bueltatu nintzen. Dantzaren munduan hasi nintzen jarraian. 27 urterekin alaba izan nuenean, lan arloan ez genuen izan zorterik eta bi urte igaro genituen Zegaman. Dantza utzi nuen, baina berriro heldu nion herrira bueltatzean.

Dantza lagungarri izan zaizu zure bizitzan?

Ez dakit lagundu didan, gauza asko kendu dizkidalako. Baina oso garrantzitsua izan da nire bizitzan. Balio izan dit, agian, etapa gogor hori alde batera uzteko; zerbaiti heldu, eta buru-belarri horretan murgiltzeko. Egin dudan guztiarekin disfrutatzen saiatu izan naiz, eta horrela ari naiz orain ere, bestela ere sobera izaten direlako gauza txarrak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.