Olatu gainean

Olatu gainean

Unai Zubeldia

Musika jaialdi bat baino askoz gehiago da Atlantikaldia; itsasoarekin aurrez aurreko elkarrizketa bat, kresal ukituko kultur topaketa bat. 2014an antolatu zuten lehen aldiz, “Errenteriaren itsas memoria berreskuratzeko, eta herria mundura begira eta mundua herrira begira jartzeko helburuarekin”. Eta, seigarren urtea beteta, jaialdia “sendotuta eta egonkortuta” dagoela azpimarratu du Iker Tolosak, Atlantikaldiaren zuzendariak. “Urte osoko lanketaren motorra izango da Atlantikaldia, eta ez lau eguneko jaialdi soil bat”.

Aurten 90 ekitaldi baino gehiago izango dira, zortzi gunetan banatuta. “Eta bereziki gustura gelditu gara Itsasargi Nagusian [areto nagusia] izango diren musika emanaldiekin”. Abdul & The Gang eta Agus (Korrontzi), The Skatalites, Isheba & Rakel Koroma eta Nathy Peluso izango dira Itsasargi Nagusiko ikuskizunetako batzuk. “Beste hainbat kontzertu txikiago ere izango dira, ordea, herrian”. Marea biziak izango da lelo nagusia, eta abestia ere izango du jaialdiak, Nogen taldearena: Mareak.

Atzo iritsi ziren Atlantikaldiaren lehen zipriztinak Errenteriara. Erraldoi txikien erakusketa, Gurseko kontzentrazio esparruan jazotakoak gaur egungo migratzaileen errealitatearekin alderatuta egindako argazki erakusketa, Basoa ikuskizuna, Nogen eta Nosa Marshalen musika emanaldiak, Oreka TX eta San Salvador bandak elkarlanean prestatutako ikuskizuna… Ekitaldi ugari izan zen lehen egunean, eta are gehiago izango dira gaurtik igandera bitartean.

Tolosarentzat, ez da samurra ekitaldi bat bestearen gainetik jartzea, baina Atlantikaldiaren zuzendariak azpimarra berezia egin dio Sukaldian egitasmoari. “Arrakasta handia izan zuen duela hiruzpalau urte, eta Nepal, Mexiko, Nigeria, Armenia, Pakistan eta Peruko sukaldaritza bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da aurten”. Niessen, Gure Toki, Gau Txori, Bukagaitz, Alkartasuna, Euskaldarrak, Arditurri, Beraun Bera, Zintzarri eta Txepetxa elkarte gastronomikoekin elkarlanean ariko dira herrialde horietako sukaldariak, eta hainbat tailer ere antolatuko dituzte. “Gastronomia kultura horiei guztiei beren balioa ematea da erronka”.

“Sorkuntzarako plaza da”

Ekitaldi jakin batez harago, ordea, “sorkuntzarako plaza” izan nahiko luke Atlantikaldiak. “Hasieratik saiatu izan gara bertako artistak kanpokoekin harremanetan jartzen eta diziplina anitzeko ikuskizunak sortzen. Horregatik, emanaldi bakarrak eta bereziak izango dira aurtengoak ere”.

Tolosak aholku bat eman die egunotan Errenteriara agertzeko asmoa dutenei: “Garraio publikoa erabili. Autobusa edo trena da herrira etortzeko garraiobiderik egokiena”. Zalantzan dagoenari, berriz, parte hartzeko deia egin dio zuzendariak. “Kulturen arteko jaialdia da, eta aukera paregabea da kultura desberdinak ezagutzeko eta festan murgiltzeko. Kultur aniztasunaren ideia oinarri hartuta, hausnarketa bultzatzea da gure erronka”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.