Zahartzaroari musika jarrita

Zahartzaroari musika jarrita

Aitziber Arzallus

Musika egitea gimnasia egitea da garunarentzat”. David Bueno neurozientzialari katalanaren hitzak dira, eta hitz horiek bere egin ditu Xabier Lizaso pianista eta ikerlariak (Orio, 1965). Esperientziak erakutsi dio hala dela. Hogei urte baino gehiago daramatza haurrekin lanean. “Halabeharrez” hasi zen, baina bidean ikusi dituen “emaitza harrigarriek” ikertzera eta ikerketan sakontzera bultzatu dute oriotarra. Do Re Ni elkartea sortu zuen duela hiru urte, bai eta musika-terapia metodo propioa ere haurrei euren garapen pertsonalean laguntzeko.

Bide horretan beste pauso bat emanda, musikak helduengan duen eragina neurtu nahi du orain. “Erronka da zientifikoki frogatzea gure musika-terapia metodoak zahartze aktibo eta osasungarria izaten laguntzen duela”. Ikerketa gauzatzeko, 55 urtetik gorako berrehun boluntario behar ditu hilaren 30erako, ahal izatera Urola Kostako herrietakoak; Aia, Getaria, Zarautz, Zumaia eta Oriokoak. Ez da beharrezkoa euskaraz jakitea.

Pianista profesionala izandakoa da Lizaso. “Nire proiektuetan musika nuen helburu, agertoki handietan jotzea”. Baina bizitzak jarri zuen eskoletan haurrentzat pianoa jotzen. “Halabeharrez hasi nintzen. Behin-behineko kontua izango zela uste nuen, baina bidean ikusi ditudan gauza miragarriek beste zentzu bat eman diote nire ibilbideari”. Hasieran, ez zuen ulertzen psikologoek zergatik bidaltzen zituzten behar bereziak zituzten haurrak bere saioetara. “Emaitzak ikusten hasi nintzen arte. Konturatu nintzen saio horietan sekulako momentuak eta esperientziak bizi izaten genituela, eta haietako askok zerikusi txikia zeukatela musikarekin”.

Ikerketaren munduan sartu zen, pixkanaka, prozesu horietan zer gertatzen den jakiteko. Hala aurkitu zituen Alemanian, Japonian edota Kanadan egindako azterketa neurozientifikoak: “Oso antzekoak ziren haien emaitzak zein ondorioak eta nik nire kabuz ikusitakoak”. 2016an sortu zuen Do Re Ni elkartea, eta izen bera jarri zion erabiltzen duen musika-terapia metodoari ere.

Azken urteetan musika terapiaren inguruko azterketa dezente egin dira munduan. “Ikerketa zientifiko batzuek erakutsi dute hiru egoeratan besteetan baino askoz lan gehiago egiten duela garunak: lo gaudenean, begiak itxita ditugunean, eta musika sortzean”, azaldu du Lizasok. Ondorioz, oso leku garrantzitsuan jarri dute musika. “Harrigarria dirudi, baina musika sortzen ari zarenean, garunak askoz lan gehiago egiten du hizkuntza bat ikasten ari zarenean edo matematikako ariketa bat egiten ari zarean baino”. Eta gauza zenbat eta gehiago zaildu, orduan eta lan gehiago egingo du garunak. “Estutasun bat daukazunean musika entzuten baduzu, lan asko egiten du garunak; baina musika entzuteaz gain, kantatu egin behar baduzu, instrumentu bat jo behar baduzu eta partitura bat irakurri behar baduzu, are lan handiagoa egingo du garunak”. Musika sortzen ari den pertsonak erabaki asko hartu behar izaten dituela azaldu du Lizasok. “Asko eta azkar”. Eta hori, gero, bizitzako esparru guztietan izango zaiola lagungarri. “Musika sortzeko gaitasuna landu dutenek hobeto irakurriko dute, hizkuntzak errazago ikasiko dituzte eta kirolari hobeak izango dira”.

Orain arte, batez ere, haurrei euren garapen pertsonalean laguntzen jardun du Lizasok. Baina ziur da haurrentzat ona dena helduentzat ere hala izango dela. Hain zuzen ere, horixe da datorren hilabateetan gauzatu nahi duen ikerketarekin frogatu nahi dena, musikak lagun dezakeela zahartze aktibo eta osasuntsuagoa izaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiko langile batek bota zion enbidoa Lizasori. “Jakina da Gipuzkoa zahartzen ari dela eta hemendik hamabost-hogei urtera adinekoen beharrei erantzuteko arazo handiak izango ditugula, eta horri aurre egiteko bideak aztertzen ari da aldundia”, azaldu du oriotarrak. “Telebistako saio batean atera ginen Do Re Ni elkartea zer zen eta gure lan egiteko modua zein zen azalduz, eta hortik etorri zen guztia”. Aldundiko kide horrek bilera batera deitu zuen Lizaso. “Galdetu zidan gai izango ote nintzatekeen zientifikoki frogatzeko guk erabiltzen dugun musika-terapia metodoak gizartean funtzionatzen duela. Frogatzen badugu eurek erabiltzen dituzten beste terapiak baino eraginkorragoa dela, sekulako laguntza litzateke etorkizunari aurre egiteko, gainerako terapia metodoak baino merkeagoa delako, besteak beste”.

Harreman sarea sortu dute

Erronka onartu, eta lanean hastea erabaki zuen Lizasok. Ordurako, bazituen harremanak Jose Manuel Lopez Bragado Osakidetzako Ezkerraldeko Osasun Mentaleko buruarekin eta Nicola Molinaro BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Languageko zientzialariarekin, eta haiengana jo zuen laguntza eske. “Ni baino gogotsuago onartu zuten erronka eta buru-belarri hasi ginen lanean”. Horiez gain, EHUko robotika departamentuaren, Urola Kostako Udal Elkartearen eta Orioko Udalaren laguntza ere badu proiektuak.

Parte hartu nahi duten herritarrek Orioko Udalean edo kultur etxean eman dezakete izena, bai eta 644-40 02 18 telefono zenbakira deituta ere, hilaren 30a baino lehen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.