Ilunpetik argitara

Ilunpetik argitara

Aitziber Arzallus

Ondarearen Europako Jardunaldiak abian dira. Azaroaren erdira arte dozenaka ekitaldi izango dira Euskal Herri guztian barrena. Zinema, zirku, feria, dantza, jolas, irakurketa, musika, argazkigintza, irrati, telebista, antzerki, turismo eta kirol arloko ekitaldiak antolatu dituzte, guztiak ere lekuan lekuko ondareari daukan balioa emateko, ondare hori herritarrei ezagutarazteko eta hura zaintzearen garrantzia helarazteko helburuarekin.

Europako Kontseilua 1985ean hasi zen Ondarearen Jardunaldiak antolatzen; 1999an batu zitzaion Europako Batasuna; eta Europako Kultur Hitzarmena sinatu duten 50 estatuetan prestatzen dituzte jardunaldiok. Europak urtero gai bat proposatu ohi die estatuotako erakunde eta eragileei, jarduerak gai horren bueltan antola ditzaten. Hain zuzen ere, arteak eta aisialdia izan da aurten proposatu dien gaia. Proposamen horrekin bat egin dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, eta Euskal Herriko hamaika udaletxe eta kultur erakundek. Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundiek Ondarea plazara! lelopean antolatu dituzte beren egitasmoak.

Herrialde bakoitzak egitarau propioa osatu du gero. Udalek, erakundeek, museoek, eragileek, enpresek eta herritarrek egin dituzte proposamenak. Gaia zabala izanik, era askotako jarduerak antolatzeko aukera izan dute; besteak beste, ikuskizunak, bisita eta ibilbide gidatuak edo antzeztuak, jardunaldi edo lantegi gastrokulturalak, erakusketa fisikoak eta birtualak. Jolas tradizionalek ere badute tartea programazioan: besteak beste, bola txapelketak, ginkanak eta treska estropadak antolatu dituzte. Gipuzkoako ekitaldi gehienak urrian zehar egingo diren arren, irailean ere egin dituzte batzuk, eta badira azarorako antolatu dituztenak ere. 62 jarduera eta 93 ekitaldi egingo dituzte guztira, 32 udalerritan.

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuaren arabera, era guztietako eragile publiko eta pribatuetatik iritsi zaizkie egitaraua osatzeko proposamenak, eta denak hartu dituzte kontuan. “Horrek erakusten du ondareak interesa pizten duela herritarrengan”. Hiru aldundien eta Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, gainera. “Bete-betean asmatu dugu programetan beste herrialdeetako jardueren berri emanda, elkarren berri izateko aukera ematen digulako”. Jardunaldiotan parte hartzeak Gipuzkoari nazioartean ematen dion oihartzuna ere azpimarratu du, “gure jarduerak Ondarearen Europako Jardunaldien webgunearen bidez zabalduko baititu Europako Kontseiluak”.

Ikasturtea hasteko bultzada

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela lau urte erabaki zuen Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzea, eta, hasieratik, bidelagun izan du Topic Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa. Maria San Sebastian museoaren arduradunaren esanetan, jardunaldiok “bultzada paregabea” dira eurena bezalako proiektu batentzat. “Museoa ezagutarazteko bide berriak jorratzea beti da aberasgarria, eta jardunaldiok aukera hori ematen digute”. Ikasturte hasieran martxa hartzeko ere baliagarri zaizkiela esan du. “Iraila eta urria nahiko hilabete motelak izaten dira, jendea museora erakartzeko zailak. Beraz, guri primeran datorkigu jardunaldi hauek garai honetan izatea”.

Gainera, normalean Topicera joaten ez den publikoarengana iristen laguntzen diete jardunaldiok. “Familiak eta bilobekin datozen aitona-amonak etortzen dira gehien Topicera. Gazteengana eta helduengana iristen saiatzen garen arren, zailtasun handiagoak izaten ditugu”. Aurten, baina, haientzako ekintzak ere antolatuko dituzte. Ondarea plazara! leloak dioen moduan, biltegian duten ondarea herritarren aurrera aterako dute, edo, hobeto esanda, biltegiko ateak ireki eta herritarrei hara sartzen utziko diete, talde txikietan eta bisita gidatuetan. Urriaren 26an izango da hori. Biltegian ondare ikusgarria dagoela nabarmendu du San Sebastianek. “Museoan 500-600 txotxongilo inguru daude ikusgai, eta biltegian, 2.000 inguru”. Hori izango da gazteentzako eta helduentzako jardueretako bat. Arratsalderako, berriz, familiei zuzendutako jarduerak prestatu dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.