Pakita Mateos: “Nerabearentzat ez da transgresioa alkohola kontsumitzea”

Pakita Mateos: “Nerabearentzat ez da transgresioa alkohola kontsumitzea”

Eider Goenaga Lizaso

Pakita Mateos (Givors-Rhone, Frantzia, 1961) prebentzio taldeko arduraduna da Agipaden (drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako elkartea). Gazteak, jaiak eta alkohola izenburupean, hiru hitzaldiko zikloa antolatu du elkarteak Zarautzen, eta atzo eskaini zuten bigarren hitzaldia Mateosek berak eta Amaia Barcenillak. Zertaz kezkatu behar dugu? Zertaz arduratu behar dugu? galderei erantzun zieten.

Zergatik hitzaldi ziklo hau?

Agipadek 25 urte daramatza Zarautzen lanean, eta urriaren 6an Kilometroak jaia egingo dute bertan. Nerabe askorentzat alkoholarekin lehen hartu-emana izateko gune bihurtu da Kilometroak; arrisku gune bat da, eta gu 2013tik ari gara Gipuzkoako ikastolekin elkarlanean, Tolosako ikastola gurekin kontaktuan jarri zenetik. Estrategia batzuk diseinatu genituen, eta, ordutik, gehiago edo gutxiago, beti egin izan dugu zerbait.

Hitzaldiez gain, zein izaten da zuen esku hartzea?

Formazio saioak egin izan ditugu txosnetako boluntarioekin, topaketak ikastolako gurasoekin… Kasu honetan, Zarauzko Udalak nahi zuen gure esku hartzeak ikastolaren eremua gainditzea, hitzaldiak herri mailan antolatuz. Bestalde, DBH 1, 2 eta 3ko ikasleekin ere ari gara, geletan.

Familiek, kezkatu baino, arduratu egin behar dutela diozu.

Seme-alabek festa eremu batean alkoholarekin izango duten harremanak kezka sortzen du, eta hori normala da, baina, hori baino gehiago, zerbait egiteaz arduratu behar dugu. Gure errealitatearen eta, ondorioz, haienaren parte da alkohola, eta errealitate horri aurre hartzea da bidea. Alkohola hor dago; nerabeek edatea saihestu ezin bada, gure ardura da tresnak ematea harremana ahalik eta hobekien kudeatzeko.

Nola joka dezakete gurasoek?

Ez da erraza, baina egin daiteke. 15 urteko nerabe kontsumitzaile bati galdetzen badiozu bere adineko zenbatek edaten duten, esango dizu %99,9k edaten duela, eta hori da pertzepzioa. Egia ez den arren, haren ustez denek edaten dute, eta, edaten ez badu, tributik at gelditzen da. Hori da nerabeek edateko arrazoietako bat, eta gurasoek lagundu behar diote uste hori gainditzen, ez kontsumitzea aukera gisa ikusten.

Ez dirudi erraza, ez.

Inork ez du esan erraza denik, baina guraso askok hor hartzen dute aterpe; ez dute sinetsi nahi beren hezteko gaitasunean edo beren seme-alaben balioak eraikitzerakoan duten eraginean. 12, 13 eta 14 urterekin, gurasoak ez dira hezkuntza iturri bakarra, baina oraindik oso garrantzitsuak dira, eta adin hori oso inportantea da. Nerabeari arriskuak hartzen uztearen eta arriskugune izan daitezkeen horietan babestearen arteko oreka bilatu behar da

“Gero eta gazteago hasten dira edaten”. Egia da?

Badira lauzpabost urte edaten hasteko adina ez dela jaitsi. Baina batez bestekoa 13 urtekoa da, eta oso baxua da. Kontsumoa hasteko adina atzeratu ahal izatea garrantzitsua litzateke, ez baita berdina 12 urterekin edo 16rekin hastea. Oso kontuan hartu behar da nerabe hauen heldutasun biologikoa, alkoholak garapenean eragiten baitu. Zientifikoki frogatuta dago 12 urterekin garapen fisiko, neurologiko eta psikologikoa kaltetzen duela. Erabaki egokiak hartzeko heldutasun eta gaitasunean ere aldea dago.

Gurasoen jokabideak eragina du nerabeen kontsumoan?

Noski. Kontraesana izugarria da. Batetik, gure mezua da edatea txarra dela, ez dutela edan behar; bestetik, ikusten dute helduon aisia, gure ospakizunak, gure irteerak erabat alkoholaren inguruan egiten ditugula. Kontsumoa errepikapenez gertatzen da; nerabearentzat, alkohola edatea ez da transgresio bat, aisia eredu bat da, lagunekin egoteko modu bat. Diskurtsoan fariseu samarrak gara: nahi dugu beraiek zerbait egitea, baina gu eredu izan gabe. Buelta bat eman behar zaio familiaren aisia ereduari.

Gizarte arazo gisa definitu duzu.

Askotan, neska-mutilak ikusten ditugu kalean, egon behar ez duten orduetan, beraiei ez dagokien giro batean, kudeatzen ez dakiten diru kantitate batekin… Horretan, gurasoek badugu zeresana, baina ardura ez da soilik gurasoena edo seme-alabena. Gizartearen ardura da. Islandian, nerabeen alkohol kontsumoaz kezkatzen hasi zirenean, administrazioak izugarri handitu zuen nerabeen aisialdi eskaintzari zuzendutako inbertsioa, ordutegiak ere adinari egokituz. Adibidez, gazteak larunbatetan 21:00etan irteten badira, ez itxi kiroldegiak 20:00tan. Denak ez dira joango kiroldegira, baina seguru badagoela talde bat kalean edaten aritu beharrean rokodromora joan eta eskalatzen ibiliko dena. Aukera izan behar dute beste aisia eredu bat sortzeko, alternatibak behar dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.