Puntadaz puntada ahalduntzen

Puntadaz puntada ahalduntzen

Ikerne Zarate

Joskintzan trebatu eta, aldi berean, ahalduntzea. Hori du helburu Josiz Jabetu tailerrak, bertan parte hartzen duten emakumeen arteko harreman sareak sortu eta sendotzea. Bigarren ikasturtea du hau, eta urriaren 4an abiatuko da. Berrikuntza bat du; Iztieta auzoan egin zuten iaz, eta aurten, berriz, Emakumeen Etxeak hartuko du. Tailerraren atzean: Ehuna elkartearen Berrehuntzen egitasmoa, Aran Garmendia zuzendaria, Asun Erasun trebatzailea eta Tytti Thusberg ekodiseinatzailea. Bidean, Malika Kamel batu zaie proiektura. Marokoarra da jaiotzez, eta duela hamabi urte heldu zen Euskal Herrira; 30 urte baino gehiago daramatza joskintzan lanean.

Hausnarketa sakona dago Josiz Jabetu egitasmoaren atzean. “Ehun soziala” interesatzen zaiola dio Garmendiak: “Kontsumo ohiturek lurra kutsatzen dute. Zehazki, oihalgintza da bigarren jarduera kutsakorrena. Joskintzan, gainera, esklabotza dago. Migrazio mugimenduak eragiten ditu egoera horrek, mundua antzutzen ari garelako eta pertsona asko esklabotza egoeran daudelako. Kontsumo sisteman, bazterketa arriskuan daudenak emakumeak dira, indigenak, beltzak eta pobreak”. Emakume horiek joskintzaren bidez lan mundura integratzeko aitzakia da Josiz Jabetu. “Helburu horrekin sortu nuen”.

Halako profila duten emakumeak badira ikastaroan, baita bestelakoak ere. “Jatorriz askotarikoak dira, eta bizi esperientzia ere halakoa dute parte hartzen duten emakumeek. Batzuk ez dakite irakurtzen edo idazten, eta beste batzuk arkitektoak dira. Askotariko emakumeak ari dira bertan, eta horrek egiten du interesgarri eta aberasgarri”.

Hurbilarazteko aitzakia

Aniztasun horrek kolorez jantziko du Emakumeen Etxea, eta ikastaroak zubi lana egingo du emakume ugari Emakumeen Etxera hurbilarazteko. “Ikastaroa bazterketa arriskuan dauden emakumeak bertaratzeko modua ere bada; eta bertan badaude abokatua, psikologoa… laguntzeko prest”.

Ideia horretan sakondu du Amaia Cuesta Emakumeen Etxearen dinamizatzaileak: “Josiz Jabetu tailerraren aniztasuna Emakumeen Etxean edukitzea izugarri interesgarria iruditu zitzaigun. Harrituta gaude joskintzak emakume pila batentzat duen indarrarekin. Izugarri polita da ikustea antzinako lanbide batek, emakumeei lotutako lanbide honek, zenbat emakume mugitzen dituen”. Argi du: beste ikastaroekin lortzen ez dutena joskintzarekin lortu dute; beste emakume mota batengana heltzeko bidea da.

Tailerra ostiralero egingo dute, 10:00etatik 13:00etara, euskaraz, gazteleraz eta arabieraz. Urrian hasiko da, baina jada egin dute aurkezpena. Iaz bezala, arrakastatsua izan da izen ematea: 35 emakumek parte hartuko dute tailerrean.

Nagore Aguado errenteriarra da horietako bat. Ikastarora kasualitatez heldu dela aitortu du. “Eskuorria ikusi nuen, eta informazio gehiagoren bila hurbildu naiz Emakumeen Etxera. Bat-batean topatu naiz Josiz Jabetu tailerraren aurkezpenarekin, eta polita iruditu zait ikusi dudana”.

Goi mailako diseinatzailea

Ana Martinek ere lehenengo aldia du ikastaroan. Sare sozialen bidez izan zuen horren berri: “Joskintza gustuko dudalako animatu naiz parte hartzera, interesgarria iruditu zait oso. Ikastaroak biltzen duen aniztasuna ere primerakoa iruditzen zait; polita da elkar ezagutzea eta gure artean laguntzea”.

Ikastaroaren motorrak Thusberg eta Kamil izango dira. Thusberg finlandiarra da, baina Donostiako Egia auzoan bizi da, eta ekodiseinuaren erreferente bat da. Tailerrari bere diseinatzaile esperientziarekin egingo dio ekarpena, bigarrenez. Kamilek, berriz, 28 urte eman zituen joskintzan Marokon, baldintza benetan gogorretan, esklabotzan: “Lan egiteko baldintzak oso ezberdinak dira Marokon eta hemen; oso gustura nago hemen, eta tailer honetan beste emakumeekin elkarlanean aritzea aberasgarria da oso”. Euskal Herrian jostun lanetan zortzi urte daramatza Kamilek, eta iaz ere aritu zen Josiz Jabetu egitasmoan. Azkar josten du, teknika ezin hobearekin, eta hala erakutsi du ikastaroaren aurkezpen ekitaldian.

Aurkezpenean lanean jarri dituzte parte hartzaileak; nezeserra edo poltsa, bietako bat egin behar zuten. Oihal mordoa zuten aukeran. Askotarikoak ziren haiek ere: lodiagoak batzuk, meheagoak besteak, kolore askotakoak edo kolore bakarrekoak… taldea bezala. Aurkezpenean, lehen joskintza lana egin dute, baina, batez ere, emakumeen arteko sarea josten hasi dira, ahalduntzeko bidean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.