“Zuzendari ikasketarik ez dut inoiz egin; nik jotzeko ikasi nuen”

“Zuzendari ikasketarik ez dut inoiz egin; nik jotzeko ikasi nuen”

Rebeka Ruiz

Musika ikasten txikitan hasi zen Alazne Alberdi (Irun, 1976), eta tronpa jotzailea izango zela oso argi izan du betidanik. Barakaldoko Udal Musika Bandan lan egiten du. Goiz esnatzen da egunero, 05:30ean; autobusa hartu, eta Barakaldora (Bizkaia) joaten da lanera. Bidasoaldera itzuli, eta Hondarribiko eta Irungo musika bandak zuzentzen ditu. Are gehiago, Luis Mariano lirika elkartearen operetan kolaboratzen du. Festarako umorea duenean, Jostallu txarangarekin ere aritzen da. Egunak beretzat zenbat ordu dituen galdetuta, “zureak bezainbeste” erantzun du, barrez, “baina egia da ia beti korrika nabilela”.

Ibilbide luzea du bidasoarrak musikaren munduan. Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Iruñeko Pamplonesa bandarekin, Bilboko Bandarekin eta abarrekin aritu izan da urteen joan-etorrian. Hondarribia Hiria musika bandaren 200. urteurrena ospatzen ari dira taldekideak aurten; baita Urrezko Intsignia eta zuzendari lanetan hasi izanaren hamargarren urteurrena ere.

200. urteurrena ospatzen ari zarete Hondarribia Hiria musika bandan, eta, horrekin batera, Urrezko Intsignia jaso duzue bandaren ibilbidearen aitortza gisa. Aurten zuen urtea dela dirudi.

Egia esateko, bai. Dena oso ondo ateratzen ari zaigu. Otsailean hasi ginen ospakizunekin, eta musika eskolako dantza taldearekin kolaborazio bat egin genuen. Irakaslearekin hitz egin nuen ea zerbait egin genezakeen, zerbait desberdina. Eta baietz esan zidan. Txikiekin egin genuen proiektu bat, La sirenita [Sirenatxoa] filmaren eta antzeko beste batzuen musika landuz.

Martxo aldera, Amuarekin hitz egin genuen. Disko eta Musika Festibala egiten du taldeak. Oso jatorrak dira, eta haien bigarren urtea da. Elvisen [Presley] inguruko ziklo bat egin zuten lehen ekitaldian, eta bigarrena runba katalanari eskaintzea erabaki zuten. Oso interesgarria da, eta oso ondo moldatzen dute lana. Kontua da udalera deitu zutela Elvisen istorioaren harira eta, kasualitatez, bandarekin egin zitekeen ikuskizun bat prestatzen ari ziren. Egiteko prest ginen galdetzeko deitu ziguten, eta, noski, egin genuen.

Hainbat emanaldi egin dituzue 200. urteurrenaren harira…

Martxoan 200. urteurreneko kontzertua eskaini genuen, ekainean beste kontzertu bat, eta, uztailean, Donostiako Orfeoiarekin aritu ginen. Kristorena izan zen. Guk eskatuta etorri ziren. Urtebete eman genuen horren atzetik, eta, azkenean, lortu genuen. Hori izan zen urteko kontzertua, Orfeoia zure herrira etortzea 200. urteurrenean parte hartzera… Sekulakoa izan zen benetan.

Orain, aurrera begira, urriaren 5ean dantzaldia egingo dugu. Izan ere, bere garaian ez zegoen diskotekarik, eta dantzaldiak musika bandarenak ziren. Zumardiko kioskoan joko dugu.

Ondoren, Santa Zezilia eguneko kontzertua izango dugu. Hori banatu egingo dugu Nagore Iridoi zuzendariordearen eta nire artean. Eta, Gabonetako kontzertuan, manta buruan jarri, eta, agian, erokeriaren bat egingo dut, baina ez dakit.

Zerbait berezia pentsatzen ari al zara Gabonetarako?

Bai, baina Gabonetako kontzertua abenduaren 14an egiten dugu, eta hori Gabonetatik oso urrun dago; beraz, zerbait bitxia egin nahiko nuke. Gainera, aurten egitea lortu ez dugun emanaldiak hurrengo urtean egin nahiko genituzke, eta, horrela, 201. urtea ere ospatu. Egia esan, kontzertu guztiak urte berean sartzen baldin badituzu, azkenean eromena izan daiteke. Eta, gainera, saturazioa eragin dezake jendearengan.

Beraz, lasaiago hartzea erabaki duzue.

Nahiago dut lasaiago hartzea, bai guk jotzeko garaian, baita gu ikustera etortzen den jendearengatik ere. Gutxika-gutxika joatea nahiago dut. Santa Zeziliako kontzertuan solista bat ekarriko dugu. Bilboko Orkestra Sinfonikoan jotzen du tronboia, eta Irungoa da: Miguel Arbelaiz.

Kontent al zaudete?

Noski, oso gustura gaude. Jendeari gustatu egin zaizkio egin ditugun emanaldiak. Zer gehiago eskatuko dugu?

Noiztik zara Hondarribiko bandako zuzendaria?

Duela hamar urte. Ez dakit ziur, baina 1992tik edo 1994tik daramat bandan jotzen. Betidanik etorri izan naiz Hondarribiko bandan jotzera. Irungo bandan ere garai haietan hasi nintzen parte hartzen. Kontua da duela hamar urte Jose Antonio Irastorza Hondarribiko gure zuzendaria zenak emaztea galdu zuela, eta ezin zen bakarrik egon, hark ere gaixotasun bat zuelako. Hala ere, hainbestekoa zen bandarekin zuen lotura sentimendua, etortzen jarraitzen zuen denbora batean. Baina ezin zuen horrela jarraitu, eta, azkenean, utzi egin zuen banda. Haren semea, gainera, Madrilen bizi zen, eta hara eraman zuen bizitzera. Joan zenean, zer gertatuko ote zen galdetu nion neure buruari.

Nagore Iridoi zuzendariordeari egin zioten kargua hartzeko eskaera, baina, denbora falta zela medio, ezetz esan zuen. Eta nik egin ote nezakeen galdetu zidaten ondoren. Pentsatuko nuela erantzun nien, egia baita konplikatua dela. Azkenean, kontuan hartu behar da hau ez dela banda profesional bat, ez duzula lan kontratu bat, ezta soldata bat ere. Udalarekin hitzarmen bat dugu sinatua, eta diru kopuru bat jasotzen dugu. Horrekin egiten dugu dena: instrumentuak erosi, mantendu, atrilak… Gero, zerbait sobran gelditzen baldin bada, agian, banatzen da. Baina ez da ezer finkoa; ezin da horrekin bizi.

Duela hamar urte hasi nintzen zuzendari lanetan, eta beti gustatu izan zait, baina inoiz ez dut zuzendari izateko ikasketarik egin. Nik jotzeko ikasi nuen. Horrela hasi nintzen; hamar urte pasatu dira, eta ez naiz ohartu ere egin.

Alde handia dago jotzearen eta zuzentzearen artean, ezta?

Bai. Nik ez nuen uste hainbestekoa zenik. Jendeari pixka bat laguntzeko sartu nintzen, baina nik ez nekien zuzendari lanak egiten. Ikasi egin behar izan dut haiei nola esan eta nola egin nik ez dakidana. Eta haiek ni nola tratatu ikasi behar izan dute. Hartu-eman bat izan da, eta oso atsegina, gainera. Azken finean, egin behar dudana da obra bat hartu eta obra horri maketa bat eman, moldatu, guk dugun jendearekin jotzeko.

Gainera, ez dira profesionalak, beren lana egin eta gero etortzen dira, eta zaletasun moduan egiten dute. Oso ondo egiten duten zaletasun bat da, hori bai. Musika ikasketak badituzte, baina ez dira hortik bizi. Ez dut pazientzia hitza erabili nahi; haiekin ikasi dudana da tratua, harremana nola eraman. Hau da, batzuetan haiei egiten uzten diet, eta besteetan, iruditzen zaidana hartzen dut. Harreman hori ikasi behar izan dut, eta, egia esan, asko lagundu dit.

Arrunta al da emakumeak zuzendari lanetan aritzea?

Ez da arrunta, baina arruntzen hasi da dagoeneko. Adibidez, Elizondoko, Ordiziako eta Galdakaoko bandetan emakumeak dabiltza edo ibili izan dira zuzendari lanetan. Beraz, egon badaude. Horietako asko musika eskolen bitartez iritsi dira kargura.

Bandetan arruntagoa da emakumeak zuzentzen aritzea orkestra profesionaletan baino?

Ez pentsa. Orkestretan probak egin behar dira, horiek gainditu, eta onena sartzen da azkenean. Jotzera joaten zarenean ere gertatzen da; berrogei lagunekin aurkitu zaitezke probetan, eta, ondo egiten baldin baduzu, sartu egingo zara. Bandetan, berriz, lana eta emanaldiak aurrera ateratzea da egin behar dena. Momentu honetan, adibidez, eta kakotx artean esango dut: ikasketa gehien zituena eta mundu honetan zebilena ni nintzen. Nik mundu honetan lan egiten dut, nire lanpostua Barakaldon dago, eta nire bizibidea da. Mundu honetan sartuta nago. Hala ere, inor ez da behar-beharrezkoa, eta hau aurrera doa. Alde horretatik, zeinek ditu ikasketa gehiago edo zeinek ahal du kargua hartu? Neska bada, neska; eta mutila bada, mutila. Aurrera egitea eta denboran zehar mantentzea da kontua.

Barakaldon lan egiten duzula esan duzu; zein da zure lanpostua zehazki?

Tronpa jotzeko postua lortu nuen. Barakaldoko banda udalarena da, eta nik uste dut udal banden artean zaharrenetarikoa eta bakarrenetarikoa dela. Garai batean, banda asko udalen menpe zeuden, baina, denborarekin, hori aldatuz joan da, eta elkarte kultural bihurtu dira. Nik Barakaldon funtzionario azterketa egin behar izan nuen tronpa-jotzaile postua lortzeko.

Tronpaz gain, beste instrumenturen bat jotzen al duzu?

Ez. Pianorako prestakuntza egin nuen, baina ezkerreko eta eskuineko eskuekin galdu egiten naiz. Koordinazioa ez daramat oso ondo, eta dezente haserretzen nintzen. Asko gustatzen zaidan instrumentu hori, baina… Nahiago dut nola jotzen duten ikusi, partitura entzun eta zer-nolako gauza harrigarria den disfrutatu. Tronparekin oso kontent nago.

Txikitan hasi al zinen musikaren munduan?

8 urte nituela hasi nintzen solfeoa ikasten. Ana Mari Gaztelumendirekin ikasten nuen hasieran. Bere etxean ematen zizkidan eskolak, eta azterketak modu librean egiten nituen. Eta, 12 urterekin, tronpa ikasten hasi nintzen Pedro Martinez Irungo Udal Kontserbatorioko irakaslearekin.

Musika ikasketak egitea erabaki zenuen orduan.

Bai. Oso burugogorra nintzen, eta txikitatik esan nuen musika egingo nuela eta musikatik biziko nintzela. Eta hala da eta hala izan da: musikari esker bizi naiz. Kristoren aukera da nahi duzun horretan lan egitea eta hortik bizi ahal izatea: hori argi esan beharra daukat. Gainera, musika den bezala; esker onekoa da, jaiegunetan jendea kontent egon dadin egiten den zerbait da. Egia da jaiegunetan lan egin behar dela, baina eskertzekoa da, edozein modutan.

Beste alde batetik, gogorra ere badela esan behar dut, egunero ikasi behar delako eta egunero azterketa bat egitea bezala delako; zeure buruarekiko, zure nagusiarekiko eta, kontzertua ematen duzunean, jendearekiko, noski. Azterketa batean bazeunde bezala da egunero, eta, emanaldietan jendearen aurrean zaudenez, publikoari begira ere bazaude, eta keinu guztiak ikusten dituzu. Egun oso txarra baduzu ere, bete-betean egon behar duzu. Ez da jendeak uste duen bezain erraza.

Zirrara handia eragiten al du publikoa hor egoteak?

Bai. Antzokia goraino dagoela ikusten duzunean, bai, zirrara sortzen du. Errespetua beti eduki behar zaio aurrean dagoenari, ez bakarrik sarrera ordaintzen duelako —horrek ez du inporta—, gure kontzertua ikustera etortzen delako baizik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.