Maite Balmaseda: “Internetek aukera izan behar du merkatari txikientzat”

Maite Balmaseda: “Internetek aukera izan behar du merkatari txikientzat”

Eider Goenaga Lizaso

Singular Dendak proiektua gizarteratzeko kanpaina betean dabil Maite Balmaseda (Tolosa, 1969), Gipuzkoako Merkatarien Federazioko zuzendari nagusia. Berezi egiten dituen zerbait duten komertzioek osatzen dute talde hori, eta, une honetan, 163 dendak osatzen dute proiektua. Gipuzkoan merkatari txikiak 6.000 inguru direla dio Balmasedak, baina datu zehatzik ez dagoela, Eustatek ez dituelako kontabilizatzen.

Ni Singular Naiz kanpaina jarri duzue martxan. Zein da xedea?

Singular Dendak egitasmoa borobiltzeko eta gizarteari ezagutarazteko helburua dugu. Nahi dugu jendeak ezagutzea zer diren Singular Dendak, eta zein balore, zein ezberdintasun, zein ezaugarri dauden izen horren atzean.

Eta zer dira Singular Dendak?

Duela lau urte hamazazpi dendak jarri zuten martxan proiektu pilotua, eta haiek izan ziren, adibidez, izena erabaki zutenak. Singular Dendak izena jarri zioten, denda horien singulartasuna azpimarratu nahi zutelako. Taldea zabalduz joan da pixkanaka, eta orain iritsi gara sektore guztietan eta Gipuzkoa osoan egotera.

Eta zein motatako dendak biltzen dira?

Denda oso ezberdinak daude: bitxi dendak, arropa dendak, elikagai dendak, kafetegiak… Baina ez da luxuzko denden elkarte bat; prezioari dagokionez, gama altukoak, ertainekoak zein baxukoak daude. Zerbait berezia duten edo eskaintzen duten dendak dira.

Proiektua irekia da bertan parte hartu nahi duen ororentzat?

Bai, erabat irekia da, ez da eskatzen Merkataritza Federazioko bazkide izatea ere. 163 denda daude jada, eta beste 44 daude bidean. Hori bai, ezaugarri batzuk bete behar dira, singulartasun hori frogatu behar du dendak.

Eta nola frogatzen da hori?

Denda bat etortzen denean, jabeari eskatzen dioguna da esan dezala zer den singular egiten duen ezaugarria, zergatik uste duen bezeroek pena hartuko dutela berak denda itxiz gero. Bere errelatoa egiteko eskatzen diogu: nolakoa den denda, nola lan egiten duen, zein den produktu izarra…

Eta nork ziurtatzen du hori?

Bezero misteriotsu bat bidaltzen diogu, eta dena begiratzen du: erakusleihoak nola dauden, denda nola dagoen antolatuta, nolako esperientzia bizi izan duen, eroso sentitu den, tratua ona izan den… Eta beste faktore garrantzitsu bat da nola sentitu zaren produktua bueltatzerakoan, eta hori ere egiten du bezero misteriotsuak. Hortik balorazio bat egin, eta txosten bat prestatzen da, dendari horri hobekuntzak proposatuz eta aldaketak egiteko epe bat emanez.

Hobekuntza horiek egin behar ditu Singular Denda izateko?

Bai, baina, horretarako, laguntza eta aholkularitza eskaini, eta jarraipena egiten diogu. Horrela joan da, pixkanaka, taldea handitzen. Eta, orain, kopuru polita osatu dugula ikusten dugunez, iruditu zaigu badela garaia Singular Dendak ezagutarazteko.

Tokiko merkataritza indartzeko proiektu bat da hau?

Bai, konturatu ginen gero eta zailagoa zela Donostiara joatea eta han denda ezberdin bat aurkitzea; gero eta gehiago dira kateak. Nola nabarmendu hemen baditugula beste mota bateko dendak? Betiko dendak dira, baina egiteko modu berriekin, garaira egokituta egiten dute lan; hori bai, lehengoek bezala, bezeroa beti erdigunean jarriz.

Nola daude, egun, merkatari txikiak?

Ziurgabetasun garai batean gaudela esango nuke. Dendak kokatzen saiatzen ari dira, garai berri hauetan euren lekua zein den topatu nahian: nola konektatu bezeroekin… Belaunaldi zailagoak dira, gazteek beste era batera kontsumitzen dutelako; ez dute zertan dendara joan erosketak egitera… Singular Dendak proiektuan ideia hori nabarmendu nahi dugu: eguneraketa behar dugu, adibidez, komunikabide berrietan eta sare sozialetan. Bestetik, asmoa dugu hiru bat urteren buruan ebaluazio bat egiteko, kanpaina honek eta lan egiteko modu honek izan duen eraginaz, zerk funtzionatu duen edo zerk ez.

Merkatari txiki askorentzat, hala ere, ez da erraza izango sarera jauzi egitea, ezta?

Ez, baina horretan laguntzeko gaude, aholkularitza espezializatuarekin. Gerta liteke denda batek webgune baten beharra ez izatea, baina Instagram tresna baliagarria izatea bere produktua saltzeko. Taldean Singular arrandegi bat dago Instagram bidez pila bat saltzen duena. Oso erraz egiten du, gainera. Bere produktuen argazkiak eta prezioak bidaltzen dizkie bezeroei egunero, freskoa eta ona zer dagoen aholkatzen die, eta bezeroak eskaera egiten du; arrandegira joan, eta dena prest izaten du, itxaron beharrik gabe. Arrandegi batek egiten badu, zergatik ez besteek?

Beraz, arriskua izateaz gain, Internet aukera ere izan daiteke.

Izan behar du. Ondo pentsatu, eta asmatu egin behar dugu. Ematen zaigun edozein aukera baliatu behar dugu. Merkatari txikiak ezin du berrikuntza guztien erritmoa jarraitu, baina horretan lagundu nahi diegu guk, ez dezaten olatua galdu.

Bere garaian, saltoki txikiei kalte handia egin zieten merkataritza gune handiek. Kaltegarriagoa da Internet bidezko salmenta?

Biak dira kaltegarri. Azkenean, hor jarraitzen dute merkataritza guneek. Egia da beraiei ere kalte egin diela Internet bidezko salmentak, baina guretzat biak dira etsai. Gune horiek eraldatzen ari dira; kontsumo gune baino gehiago aisiarako gune bihurtzen ari dira, baina hori ere bada arriskutsua, kaleak husten dituelako, eta merkatariek jendea kalean behar dutelako.

Hor dago Hondarribiko Zaldunbordako outlet saltokiaren kasua. Administrazioak tokiko merkataritzaren aldeko mezuak zabaltzen ditu, baina politikak ez al doaz kontrako norabidean?

Bai, kontraesan bat badago hor. Aldundiak nahiko argi esan du proiektua ez zaiola gustatzen, baina Hondarribiko Udalak du eskumena, eta maiz gertatzen dira halako kontraesanak. Sistema ez dago antolatuta lurralde ikuspegi batekin, ikuspegi global batekin baizik, eta, Hondarribiko Udalaren erabaki horrek min handia egin lezake, eta ez Hondarribian edo eskualdean bakarrik, baizik eta Gipuzkoa osoan.

Administrazioaren babesa sentitzen duzue?

Uste dut ari dela sentsibilitatea handitzen; ohartu dira zenbat kalte egin den, zenbat denda itxi diren… Eta galdu den hori jada ezin da berreskuratu; beste denda bat irekiko da, agian, baina galtzen da kalitatean, zerbitzuan, xarman… Jaurlaritzak oraintxe jarri du indarrean saltoki handiak mugatzen dituen legea ere. Baina, noski, Hondarribiko Udalak, justu hurrengo egunean onartzen zela jakinda, bere proiektua aurkeztu zuen. Eta onartezina da hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.