Irakaspenez betetako herriko zutabeak

Irakaspenez betetako herriko zutabeak

Beñat Alberdi

Izan herriaren beste ikuspuntu bat eskaintzeko edo izan teknika ezberdinekin jolasteko, Oñatiko Ilunpetan argazki taldeak argazkiz bete ditu herriko plazako zutabeak, Oñati begi bistan erakusketarekin. Argazkiak, finean, asko esan dezake plano bakar batean; eta are gehiago, kasu honetan bezala, bertsoak lagunduz gero. Aurten, emakume kirolariak dira protagonistak; hamahiru kirol diziplina hartu dituzte, eta horietan jardun diren edo jarduten diren emakumeen argazkiz bete dituzte beste hainbeste zutabe.

“Gai jakin bati heldu nahi genion aurten, argazkilari guztiok gai hori aintzat hartuta lanean hasteko”, nabarmendu du Katia Madina Ilunpetan argazki taldeko kideak. Aurreko urteetako argazkietan, herriari buruzko ikuspunturen bat aurkeztea izan dute ardatz, eta egokiena iruditzen zitzaiona aukeratzen zuen argazkilari bakoitzak, nahi zuen eran. Oraingoan, ordea, nahiago izan dute fokua gehiago itxi. “Iaz, argazkietan, teknika bakar bat erabili genuen denok, argazki guztiek loturaren bat izan zezaten”, argitu du Madinak. “Ikusleentzako, hala ere, konplexuegia zela iruditu zitzaigun”.

Ilunpetan taldeko kidearen hitzetan, gai gisa emakume kirolariak aukeratu izana ere ez da kasualitate hutsa. Azken finean, “askoren lana ezagutarazteko” balio izan du erakusketak. “Ez da hain erraza hamahiru diziplina aukeratzea”, zehaztu du Madinak. Baina zutabe kopuru hori dago Oñatiko plazan erabilgarri. Alpinismoa, eskalada, automobilismoa, mendi lasterketak, futbola, igeriketa, pilota, patinajea, sokatira, eskubaloia, tenisa, igeriketa eta txirrindularitza aukeratu dituzte Oñati begi bistan erakusketarako.

Hainbat belaunaldi

Protagonisten adina ere asko aldatzen da argazkitik argazkira. Bere garaian lehen urratsak egin zituzten emakumeak sartu dituzte argazki batzuetan, eta baita orain gutxi hasi diren beste batzuk ere. Eskaladaren kasuan, berriz, argi ikus daiteke belaunaldien arteko harremana. Aurrez aurre jarri dituzte Lukene Igartua urte askoan eskaladan jardundakoa eta Ilia Uriarte hasiberria. Eskaladarako sokarekin eskuak elkarri lotuta dituzte biek, magnesioa aireratuz. Pare-pareko bertsoa jarri diote ondoan, neurri txikian: Gure herrian sokak ezin dira eten.

Alpinismoaren kasuan, berriz, Arantzazu Ibarrondo da protagonista. Kultur etxeko arduraduna da egun, eta 7.000 metroko mendiak igo zituen bere garaian; altuera horietatik urrunduta dabil aspaldian. Hari zazpi puntuko berezian gehitu diote bertsoa: Nahiz ta gure buruari hamaika alditan galde / badakigu ez garela berdintasunaren jabe. / Gure armak hartu eta guazen suabe-suabe, / tontorrean sentitzeko tontorrean egon gabe.

Ez dute izan aparteko lanik aukeratutako diziplinetan argazkia nori atera aukeratzeko. “Taldean egin dugu dena; elkartu, eta izen zerrenda prestatu genuen lehenengo”, zehaztu du Ilunpetan taldeko kideak. Kirol bakoitzean zeuzkaten erreferenteak hautatu zituzten lehendabizi. Baina, badaezpada ere, hiruzpalau izen zeuzkaten sail bakoitzerako. Denen baiezkoa jaso dute, hala ere.

Argazki bakoitzak protagonistaren edo protagonisten historia dauka atzean, eta baita argazkia ateratzean bizi izandakoen informazioa ere. “Argazkiak ateratzeko gelditzen ginenetan kontatzen zizkiguten euren kirol ibilbidean bizi izandakoak”, azaldu du Madinak. Ehunka pasarte dauzkate azkenean; sokatirako soka lotzeko sekretuetatik hasi, eta lasterketa elkarrekin amaitu nahi zuten bi atleten istoriora arte. “Oso polita izan da esperientzia”.

Izen zerrendarekin egin bezala, talde lana baliatu dute beste hainbat gauzatarako ere. “Ez du axola argazkia ateratzeko nork sakatu zuen botoia; azken batean, talde lan izugarri baten fruitua da hau”. Ilunpetan taldearen izenean izenpetu dituzte argazkiak. Izan ere, Madinak zehaztu du askotan ez zeukatela argi argazki bakoitza nork ateratakoa zen. “Trukatu egiten genituen lanak”. Taldekideek lanak banatu egiten zituzten estudioan. Bertsoak, berriz, Txinparta bertso eskolakoek idatzitakoak dira; kasu horretan ere, bertso bakoitzak ez dauka egilearen izenik.

Aurrera begira

Behin erakusketa amaituta, orain arte zozketa bidez banatu izan dituzte argazkiak; interesa zuen orok nahikoa zuen posta elektroniko bat bidaltzea. Aurten, ordea, protagonistei oparituko dizkiete argazkiak. Ilunpetan taldean pozik daude emaitzarekin. Madinaren hitzetan, “oso erantzun ona” eman dute herritarrek. Azken batean, herritar askok aurkitu dute ezagun edo gertuko duten pertsonaren bat ezagutzen ez zuten kirol diziplinaren batean.

Antolatzaileak gustura daude aurtengo egiturarekin, eta jarraitzeko asmotan dira: “Ez dakigu zein gai aukeratuko dugun hurrena. Ikusgaitasun txikia dutenak, akaso”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.