Atsekabeak eraman du esnea

Atsekabeak eraman du esnea

Hegoi Belategi

Zortzi urteotan Trintxerpeko biztanleek bazekiten baserriko esnea non erosi. Hala nahi zuenak aski zuen Euskadi etorbidean dagoen Bordazar baserriko makinara joatea; “esne freskoa, merkea eta tokikoa” eskaintzen zuten han. Baina, behi antzuak bezala, makinak ez du esne gehiago emango, eta herritarrek mendira igo beharko dute baserriko esnea zuzenean erosi nahi badute.

Zortzi urtez Trintxerpen egon ondoren, duela hiru aste esne makina itzaltzea erabaki zuen Errenteriako Bordazar baserriko Iñaki Zapirainek, lapurreta baten ondorioz. “Ez dut izan beste aukerarik. Diru gutxi lapurtu zuten, diru gutxi biltzen nuelako esne makina horretan. Ehun euro inguru eraman zituzten. Konponketak, ordea, 3.000 eurotik gora balio du, eta ezin diot aurre egin horrelako gastu bati”. Ez da izan lapurreta egin dioten lehen aldia. Baserritarrak lau lapurreta jasan ditu zortzi urteotan, eta, nekatuta, makina hornitzeari utzi dio; ez du ikusten beste irtenbiderik. Lapurreta egin dioten bakoitzean matxura eragin diote makinan, eta Zapirainek azaldu du milaka euro inbertitu dituela makina berriz ere martxan jartzeko. “Nahiko konplexua da makinaren egitura elektronikoa, eta ezin du edonork konpondu, teknikari berezi batzuk behar dira. Makina, gainera, Italiakoa da, eta handik ekarri behar izaten dira pieza batzuk”.

Alde horretatik, nahikoa da palanka baten matxura inbertitutako diru, baliabide eta ahalegin guztiak zapuzteko. Urte osoko irabaziekin amortizatzen du matxura baten konponketa. “%20ren irabaziak izaten ditugu saldutako litro bakoitzeko, hogei zentimo, hain zuzen ere. Pentsa ezazu, beraz, zenbat litro saldu behar diren etekinak izateko”.

Lapurretek eta salmentek Trintxerpen izandako beherakadak behartu dute Zapirain esne makina itzaltzera, eta kexu da oztopoak baino ez dituelako izan azkenaldian. Etorbidean egiten ari diren lan batzuk direla medio, Pasaiako Udalak lekuz aldatu zituen zenbait edukiontzi, eta Bordazar esne makinaren parean kokatu zituen. Ez dira edozein edukiontzi, azokako hondakinak biltzen dituztenak baizik. Zapirain bezala, bizilagunak haserre dira edukiontzi horiekin, “arrain kiratsa bereziki jasanezina baita”. Esne ekoizlearen aburuz, edukiontzi horiekin du zerikusia salmenten beherakadak. “Onartezina zela esan nien Behemendi elkarteko kideei, ez duela zentzurik elikagai fresko bat zabor artean saltzeak”.

Zapirainek Behemendi Landa Garapenerako Elkartea izan du bidelagun zortzi urteotan, eta haiek jarri dira harremanetan Pasaiako Udalarekin. Udalak ez du azalpenik eman nahi izan edukiontzien kokapen berriaren inguruan, baina udalarekin elkarlanean aritu da Mikel Zendoia Behemendiko teknikaria, egoerari irtenbide bat emateko. “Erabakita zeukaten makina lekuz aldatzea, eta behin betiko kokapena ere lotuta geneukan Pasaiako Udalarekin eta Iberdrolarekin. Geure gain hartzekoak ginen leku aldaketaren kostuaren zati bat, eta Iñakik ordaindu beharko zuen beste zatia, ez baita aldaketa merkea. Baina azken lapurretak bertan behera utzi du dena”, azaldu du Zendoiak.

“Atsekabetuta eta erakundeen babesik gabe” itzali du gailua Zapirainek; dirudienez, betirako. Oraingoz, Donostian dituen bi makinekin egingo du aurrera.

Esne makinen gainbehera

Funtsean, tokiko administrazioen eta nekazarien elkarteen eta sindikatuen arteko lotura lana egiten du Behemendik. Bidasoan, Oiartzualdean eta Buruntza aldean egiten du lan, baina Gipuzkoako beste eskualde batzuetan ere badira oinarri bereko landa garapenerako elkarteak. Nafarroako lehen esne makinek izan zuten arrakastari segika, Gipuzkoako ekoizle askok esne makinak jartzeko interesa agertu zuten bere garaian, ekoizle txikiei beren irabaziak banatzeko eta beren produktuari balio erantsi bat emateko bidea eman ziezaiekeelakoan. Euren begietara, lana duintzeko modu bat zen, azken finean. Gaur egun, Gipuzkoako herri askotan daude makinak: Tolosan, Lazkaon, Errenterian…

Hasierako gorakada hura “ilusio hutsa” baino ez zela izan azaldu du Zendoiak. “Berritasuna izaki, indarrean hasten dira makinak, baina, denborak aurrera egin ahala, behera egiten dute salmentek”. Epe jakin bat igarota, “orekatu” egiten dira salmentak eta “bezero fidelek bakarrik” jarraitzen dute erosten. Bide horretan, itzali egin behar izan dituzte gailu gutxi batzuk; Villabona-Amasakoa, kasurako. “Halako etekin urriekin, lapurreta edo matxura bat nahikoa izan daiteke makina behin betiko gelditzeko”. Eta, hain zuzen ere, horixe gertatu da Trintxerpen. Beste kasu batzuetan, gainera, gailuak jasandako kalteei aurre egin ezinik, luzaz gelditu behar izan dute makinaren jarduna. “Astigarragan egindako lapurretaren ondorioz, ekoizleak hainbat hilabetez itzali behar izan zuen makina”, azaldu du Zendoiak.

Makinen kalteberatasuna eta herritarren kontsumo ohiturak direla eta, ez dirudi hurrengo urteetan herri askotan makina berriak jarriko dituztenik. Egoera “ziurgabea” da nekazarientzako. “Eta bestela ere badugu nahikoa ziurgabetasun”. Baserriko esneak, baina, badu etorkizunik herrietan. Erakundeen babesa eta produktua saltzeko gailu sinple eta erakargarriagoak eskatu dituzte ekoizleek, “besterik ez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.