Lapatxen, organikorik ere ez

Lapatxen, organikorik ere ez

Aitziber Arzallus

Hiri hondakinen kudeaketa jada ez da arazo Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Urtea bukatzerako martxan izango dira Zubietako azpiegitura guztiak: TMB hondakinen tratamendu mekaniko-biologikoko planta, erraustegia, biometanizazio planta eta zepak tratatzeko planta. Gipuzkoarrek sortzen duten hondakin guztiari aterabidea emateko makineria propioa izateak azken urteotan izan ez duen lasaitasuna emango dio erakundeari, kanpoko baliabideen mende egoteari utziko diolako. Eta, itxuraz, etxea txukuntzeko eta erdipurdiko tresneria erretiratzeko ere baliatuko du aukera. Izan ere, Zubietan hondakin organikoentzako biometanizazio planta abian jarri eta bi astera, Azpeitiko Lapatxeko konpostatze gunea behin betiko ixtea erabaki du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak.

Lapatxeko konpostatze plantak ekainean utzi zion Urola Erdiko Mankomunitateko hondakin organikoak jasotzeari, eta abuztuan egin zuen konposta azken aldiz. Behin-behinean geldirik zegoen ordutik, azpiegiturak hobekuntzak behar zituelako. Azpeitiko Udalak iaz egin zion konpostatze gunea egokitzeko eskaera GHKri, eta bideragarritasun plana eskatu zuen hark, hartu beharreko neurriak zeintzuk ziren eta zenbateko inbertsioa egin beharko zuen jakiteko. Kontsortzioaren arabera, txosten teknikoek eta ekonomikoek ondorioztatu dute Lapatxeko planta egokitzeko aukera ez dela bideragarria; alegia, garestiegia dela.

Konpostatze plantak ahalik eta usain gutxiena sortzeko eta ur lixibatuei tratamendu egokia emateko egin beharreko egokitzapena, gutxienez, bost milioi eurokoa litzatekeela dio txostenak. GHKren arabera, 188 euro litzateke han ekoitzitako bio-hondakin tonaren kostua. Ostera, Bergarako Epeleko konpostatze plantan tona bakoitza 117 euro kostatzen dela dio, eta Zubietan 84 euro kostako dela aurreikusi du. Txostenaren arabera, Lapatxen hondakin organikoak kudeatzeak eragingo lukeen kostua “beste alternatiba batzuen bidezko kudeaketa baino %223 handiagoa” litzateke. Horregatik hobetsi du irtenbiderik merkeena: Lapatxekoa itxi, eta hara eramaten zituzten hondakinak Epelera eta Zubietara bideratzea. Bi gune horiek Gipuzkoan sortzen den hondakin organiko guztia tratatzeko gaitasuna dutela dio txostenak.

Lapatx ixteko erabakiak ezustean hartu du Urola Erdiko Mankomunitatea. “Egokitu eta berriz martxan jartzea” espero zutela aitortu du Aitor Bereziartua mankomunitateko lehendakariak. “Beste planta batzuetan ere izan dira arazoak, eta haietan behar besteko inbertsioak egin ditu GHK-k”. Erabakia gaitzetsi du, besteak beste, aurreikusten ez zituen kostu ekonomikoak eragingo dizkiolako mankomunitateari. Aurrerantzean mankomunitateak bere gain hartu beharko ditu hondakinak transferentziaguneetara garraiatzearen kostuak. “Lapatxera arteko garraioa ordaintzen genuen orain arte; Elgoibarko transferentziagunera artekoa ordaindu beharko dugu, ordea, hemendik aurrera”, zehaztu du Bereziartuak. GHK-k aukerarik merkeena hobetsi duela esatean, beraz, “merkeena, norentzat?”, galdetu du Bereziartuak. “Kontsortzioak Urola Erdiko Mankomunitatearen lepotik aurreztuko du aurreztuko duena. Udalen aurrekontuetatik datoz mankomunitatearen baliabideak, eta herritarren poltsikotik udalenak. Beraz, mankomunitateko udalerrietako herritarrak izango dira kaltetu nagusiak”.

Egoera “desatsegin”horren erantzule nagusia GHK dela uste du Bereziartuak. “2009ko hitzarmenean hartu zituen konpromisoak bete izan balitu, orain ez ginateke egongo egoera honetan”. Urte hartan, Lapatxeko zabortegiaren itxiera atzeratzea ez ezik, zabortegia handitzea ere onartu behar izan zuen Urola Erdiko Mankomunitateak. “Zabortegia ixterako transferentzia zentroa eta konpostatze planta egiteko konpromisoa hartu zuen, berriz, GHK-k”. Haren hitzak “haizeak” eraman dituela esan du Bereziartuak. “Konpostatze planta egin, egin zuen, baina ez agindutako baldintza teknikoekin, eta hortik etorri dira usain txarrak eta arazoak. Transferentziagunerik, berriz, ez du egin, eta horren ondorioak ordaindu beharko ditugu orain, garraio kostuak geure gain hartu behar ditugulako”.

Ixtea, aukera

Hainbat zehaztapen egin ditu GHK-k. Haren arabera, Azpeitiko Udalak jarri zuen mahai gainean Lapatxeko konpostatze planta ixteko aukera, “egokitzeko edo ixteko” eskatu ziolako GHKri. Eta egokitzea bideragarria iruditzen ez zaionez, ixteko aukeraren alde egin du. Bereziartuaren zenbait baieztapen ukatu ditu, gainera, GHK-k. “2009ko hitzarmena bete du GHK-k, hala baieztatzen baitute epaitegiek hartutako erabaki guztiek”. Hitzarmen hark transferentziagunea egiteko “aukera” aipatzen zuela argitu du GHK-k; “aukera bat zen, eta ez betebeharra”.

Udalerrietatik transferentziaguneetara arteko hondakinen garraioaren kostuak, berriz, mankomunitateei dagozkiela dio GHK-k. “Horrela dago aurreikusita; mankomunitateen eskumena da udal hondakinen kostua, eta baldintza horiek berberak dira mankomunitate guztientzat”.

Lapatxeko gunearen inguruan bizi diren Azpeitiko Elosiaga auzoko bizilagunek “pozik” hartu dute konpostatze plantaren itxierari buruzko berria. “Albiste ona da, zabortegia eta konpostatze planta ondoan izatearen eraginez urteetan sufritu behar izan ditugun ondorioak bukatuko badira, behintzat”, adierazi du Josune Lazkanok, bizilagunen ordezkariak. Dena den, ez du egin nahi izan balioespen sakonagorik. “Oraindik ez daukagu behar adina informazio”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.