Pantailatik eskua luzatuta

Pantailatik eskua luzatuta

Unai Zubeldia

Bidania-Goiazko baserri batean garatu dute proiektua, Mirtaren eta Braulioren bizitokian. 80 urte baino gehiago dauzkate biek, eta, besteak beste, mugikortasun eta arlo emozionaleko arazoak tarteko, mendekotasuna daukate eguneroko jardunerako. “Teleasistentzia sistema aurreratu bat garatu dugu, pertsona horien autonomia eta ahalduntzea lantzeko, eta etxean modu autonomo batean bizi ahal izateko”. Hala azaldu du Ana Mongek, Tolosako Inmakulada lanbide ikastolako zuzendariak. Hilabete bateko iraupena izan du esperientziak, eta aste honetan bertan aurkeztu dute emaitza.

Adineko pertsonak euren etxean ahalik eta erosoena egon daitezen eta kalitatezko zerbitzua jaso dezaten bermatzeko proiektua da Teleadin. Bideo bidezko esperientzia pilotua da, eta Tolosako Inmakulada lanbide ikastolak garatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri programaren barruan. EHUk, Tolosaldea Lanbide Heziketak, Ideable Solutions enpresak eta Harrobia Bizkaiko lanbide heziketako ikastolak ere parte hartu dute egitasmoan.

Bidania-Goiazko baserria arlo teknikoan kamerekin, wifiarekin, pantailekin eta gainerako gailuekin egokituta, Inmakulada lanbide ikastolan call center moduko bat, deiak jasotzeko gune bat jarri zuten. “Eta hilabete osoan gure ikasleetako bat arduratu da Mirtarekin eta Brauliorekin zuzeneko harremana izateaz”. 24 orduz izan dute konexioa. “Baina adinekoen beharrak kontuan hartuta, gauetan deskonektatu egiten genuen gailua”. Ikasleek 09:00etatik 21:00etara eskaini diete zuzeneko telelaguntza sistema adineko bi pertsonei.

“Belaunaldien arteko proiektua” da Teleadin. “Eta, horren erakusgarri, ikastolako hainbat profesionalen laguntzarekin zerbitzuen katalogo zabal bat sortu dute ikasleek”. Hainbat arlotako bideoak egin dituzte, Mirta eta Brauliori hainbat esparrutan nola jokatu behar duten azaltzeko. Elikadura osasuntsua, arlo kognitiboa lantzeko ingeleseko oinarri-oinarrizko klaseak, jokoak eta eskulanak, eta kirola izan dituzte ardatz bideo horiek. “Gosaria, bazkaria eta afaria nola prestatu behar dituzten, koloreen izenak ingelesez nola esaten diren, jarduera fisikorako ariketak nola landu ditzaketen… Euren beharretara egokitu dugu zerbitzua, eta jarraipena egin diegu hilabete osoan”.

Alde horretatik, medikamentuen kontrola ere zorrotz zaintzen saiatu dira. “Askotan ez baitute zehatz betetzen medikuak agindutakoa”. Mongek zehaztu duenez, lanbide heziketako farmazia alorreko eta gizarte integrazioko ikasle askok parte hartu dute, “nahiz eta lauzpabost aritu diren zuzeneko jardunean”.

Inmakulada ikastolako arduradunek argi zeukaten landa eremuko herri bat nahi zutela proiektua garatzeko. “Hirietan ere bakartuta dauden adineko pertsona asko daudela jakin arren, horrelako egitasmo bat landa eremurako oso egokia izan zitekeela uste genuen. Bakartuta bizi dira, ez daude hain integratuta herriaren eguneroko jardunean, gizarte zerbitzuek ez dutelako egiten jarraipen zorrotzik…”.

Bideo bat osatu dute proiektuan parte hartu duten alde guztien ekarpenak jasota. “Eta izugarri emaitza onak lortu ditugu. Emozionalki, mugikortasun eta pisu aldetik, motibazio arloan… zoratzen daude Mirta eta Braulio, eta zoratzen ikasleak eurak ere, oso proiektu aberasgarria delako guztientzat”.

Proiektu gehiago buruan

Lehen pausoa emanda, ez dute gelditu nahi proiektu pilotu hutsean. “Kameren bidez egindako lehen esperientzia izan da, eta adinekoei kosta egiten zaie pauso hori ematea, baina oso ondo barneratu dute proiektua”. Uztail erdialdean amaitu zen hilabeteko esperientzia pilotua, eta Mongek azaldu du garrantzitsua dela orain arte egindakoari jarraipena ematea. “Erakundeen babesa behar du horrelako proiektu batek, eta gizarte zerbitzuek hartu beharko lituzkete euren gain, baina urrian bertan Teleadin 2 jarriko dugu martxan, hainbat hobekuntza txertatuta”. Lanbide heziketako zentroa izaki, horrelako proiektuak “ikasleen ikaste prozesuan txertatzea” da Inmakulada ikastolaren erronka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.