Yoana Mendez eta Edurne Gartzia: “Gatazka atzean utzi, eta aurrera begiratu beharra daukagu”

Irati Saizar Artola

Auzibideak albo batera utzi, eta elkarbizitzaren alde lanean jarraitu nahi du Gazteluko EH Bilduk. Zazpi urte bete dira oposizioko Udaberri taldeak Erbian Errekako etxebizitzen proiektuaren aurkako salaketa jarri zuenetik. Martxoan atera zen epaia, eta Gipuzkoako Auzitegiak absolbitu egin zituen Gazteluko lau hautetsi ohi. Horietako bat da Yoana Mendez zinegotzi ohia (Tolosa, 1977). “Aurrera” begiratu behar dela; horretaz ziur daude Edurne Gartzia egungo alkatea (Tolosa, 1974) eta biak.

Zazpi urte igaro dira Erbian Errekako proiektuaren aurkako auzia hasi zenetik. Aurretik, ordea, izan duzue tirabira gehiago.

YOANA MENDEZ: Herria beti izan da gatazkatsua. Bi posizio egon dira, EAJren babesean plataforma moduan aurkeztutako taldea, batetik, eta ezker abertzalea, bestetik. Oso pleno gogorrak bizi izan ditugu; duela hogei urte inguru, adibidez, kultur etxea itxi zutenean. Orduan ikusi genuen EAJk nolako babesa ematen zion plataformari. Adibide gisa, Xabier Arzalluz Gaztelun izan zen haiei babesa ematen.

EDURNE GARTZIA: Garai hartan, orain oposizio esaten dioguna zegoen udal gobernuan, eta kultur etxea ixtea erabaki zuten. Oso martxa ona zeraman, barnetegi funtzioa zuen, eta haur mordoa joaten zen euskara lantzera. Hantxe zeuden jatetxea eta liburutegia ere. Sekulako bizitasuna zuen, eta, hori itxita, hilda geratu zen herria.

Harrobi baten irekierarekin ere izan dituzue arazoak.

Y.M.: Udal gobernuak berriz ere martxan jarri nahi izan zuen herrian dagoen harrobi bat. Orduko hartan, asko elkartu ginen aurka geunden herritarrak. Udalean aldaketa etorri zen gero, eta gu sartu ginen gobernura. Ondoren, geldiarazi egin zen proiektua.

E.G.: Udalak itxi egin zuen ustiategia, eta betelana egiten hasi zen Goiherri enpresa, aurrez harrobia ustiatzen zuena; hortik etorri zen beste auzia. Enpresak 14 miloi euro eskatzen zituen kalte-ordainengatik. Udalak irabazi zuen epaiketa hori, baina, hala ere, udalak berak ordaindu behar izan zuen gastuen zati bat, proportzioan zegokiona.

Udalera iritsi aurretik, espero zenuten auzi horiekin topo egitea?

Y.M.: Urte gogor asko bizi izan nituen udalean sartu aurretik. Baina urte haietan ere ez zen izan halako judizializaziorik. Gu udalean sartu ginen, gauzak aldatu nahi genituen, oposizioko kideei parte hartzeko aukera ematen genien, baina ez zuten nahi izan, eta gure aurka egiten zuten nahi ez zuten horretan.

2011n Erbian Errekako etxeen eraikuntza salatu zuen Udaberri taldeak. Prebarikazioa eta funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatu zizueten.

Y.M.: Administrazio epaitegiek askotan itxi zuten kasua. Urteak joan, urteak etorri, salaketak jartzen zituzten, eta epaitegiek esaten zieten ez zeukatela arrazoirik, dena ondo zegoela.

E.G: Denbora asko pasatu dugu gai honekin. Tolosako epaitegian lehenik; Tolosatik Donostiara eraman zuten gero. Inon ez zieten egiten kasurik, baina ez zuten amore ematen. Epaile batek esan zuen, ordea, zerbait egon zitekeela, eta, badaezpada, aurrera eraman zuten kasua. Baina gure aldekoa izan da ebazpena.

Y.M.: Kasua zazpi urtez egon da zabalik, eta zigor eskaerak ez ziren nolanahikoak. Sei urteko espetxe zigorra gure kasuan, eta, idazkariaren kasuan, hamabi urtekoa. Hamabi urte inguruko inhabilitazioa ere eskatzen ziguten.

Denok geunden haurrak edukitzeko abagune egokian, edo haur txikiak geneuzkan, eta funtzionarioak ziren batzuk. Pentsa nola eragiten duen norbere bizitzan auzi hori irekita edukitzeak, horrelako zigorrak zintzilik edukitzeak. Baina, tira, berriro ere ikusi da arrazoi eman digutela.

Aurten, estreinakoz, EH Bilduk lortu ditu Gazteluko eserleku guztiak. Zer balorazio egin duzue?

Y.M.: Adierazlerik onena izan da ezker abertzaletik etorri denak, orain EH Bildu denak, gauzak ondo egin dituela. Jende berria sartu da herrian, eta guk, oraindik, badaukagu gaitasuna udalera aurkezteko; eurak, berriz, aurkeztu gabe geratu dira. Oso adierazgarria da hori; izan ere, bazen garaia guztia amaitzeko.

Gazteluko herria bi zatitan banatuta dagoen irudipena duzue?

E.G.: Uste dut bi zati eginda dagoela herria, baina ez dut uste familien arteko arazoetatik datorrenik. Uste dut batzuei gustatu egiten zaiela liskarretan ibiltzea.

Y.M.: Bi bando zeuden lehendik, eta bi aldeetan dago aurrera begiratzen ez duen jendea. Herritar berriak etorri dira, ordea, Gaztelura bizitzera, eta beste ikuspegi bat dute horiek. Herriarentzat ona da hori; izan ere, gatazka atzean utzi, eta aurrera begiratu beharra dago herri hau aurrera atera nahi bada eta hilik geratu nahi ez bada.

E.G.: Ni askotan saiatzen naiz jendea ulertzen eta haien lekuan jartzen. Oso minduta daude asko, baina prozesu pertsonal bat da hori. Gaztelun, asko sufritu dute batzuek, eta, gaur egun, beste jarrera batekin ikusten ditugu horiek; plazara ateratzen dira, eta gogoa daukate gauzetan parte hartzeko. Beste batzuek, ordea, euren minarekin jarraitzen dute, eta ez dira ateratzen plazara.

Egoera horri buelta eman nahi diozue zuek?

E.G.: Ziklo bat itxi nahi dugu, eta aurrera begira jarri. Bere garaian, herrian afari-merienda bat egin genuen epaituak izan zirenekin. Prentsaurreko bat eman berri dugu eskualdeari begira ere, eta, printzipioz, itxita geratu da etapa.

Jarrera aldaketa bat nabaritu al diezue bi aldeei?

E.G.: Bai. Nik beti esan izan dut udalak gauzak gaizki egiten baditu, kritika daitekeela. Baina, tira, udalak baditu espazio batzuk, lan taldeak, esaterako, iritzi horiek plazaratzeko. Kontua da oposizioa inoiz ez dela etorri lantalde horietara. Etapa itxiera honekin herritarrek hausnarketa bat egin dezaten nahi dugu, ikusteko bide hori ez zela egokia eta beste bide bat hartu beharra zegoela.

Y.M.: Azken batean, herritarrak baitira galtzen ateratzen direnak.