Artearekin, kaletik galeriara

Jon Miranda

Kaleko artea oinarri hartuta, GKo galeria sortu zuten 2008an, Tolosan. Euskal Herrian arlo horretan erreferentziazko gunea izan zedin ekin zioten proiektuari, eta, etenaldi baten ostean, 2013an urrats bat aurrera egin eta aurreko espaziotik metro gutxira zabaldu zuten GKo Concept Store & Gallery, Tolosako Kale Nagusiko 24. zenbakian. Garikoitz C. Muruak (Donostia, 1978) dioenez —egitasmoaren bultzatzaileetako bat da—, “artea, sorkuntza, esperimentazioa, diseinua eta abangoardiako proposamen batzuk biltzen dituen tokia da GKo, elkarbizitzarako eta elkarrekin topo egiteko tokia”.

Egitasmoa haztearekin batera, beharrak ere ugaritu egin zaizkie galeriako arduradunei. Azken bi urteotan garatu dute GKo Art Studio gunea: “Galeriaren osagarri gisa funtzionatuko zuen tailer baten bila genbiltzan, eta Ibarrako herriaren sarreran topatu dugu lekua. Askotariko espazioa da; serigrafiak egiteko balio digu, baina baita bulego edo biltegi moduan erabiltzeko ere”.

Artistentzat egonaldiak antolatuta, GKo galeriako arduradunek beste erabilera bat ere eman nahi diote gune horri. “Aurrez ezagutzen ditugunak gonbidatuko ditugu. Urteotako ibilbidean ezagutu ditugun lagunak ekarri nahi ditugu, aldi berean beren jardun artistikoan izan duten bilakaera ikusi ahal izateko”. GKo-k bere gain hartuko ditu joan-etorriak, otorduak, lotarako lekuak eta oinarrizko beharrak, eta hamabost egunez artistak bere sormen lana gauzatzeko aukera izango du Tolosaldean.

Muruak azpimarratu duenez, ikerketa lan sakona egiteko aukera emango diote artista bakoitzari, eta bitartekoak eskainiko dizkiote proiektu artistikoa bertan ekoizteko: “Prozesua bera eta prozesuan pilatutako bizipenak dira garrantzitsuak guretzat, eta asko zaintzen dugu hori”. Bertako artistekin eta eragileekin harremanetan jartzen dute artista gonbidatua. “Eta saiatzen gara inguruarekin kutsa daitezen, emaitza plastiko eta estetiko horietan ere gero arrastoa suma dadin”.

Laguntzaile lana ere aipatu du Muruak, artista horietako askori hasi berri duten ibilbide artistikoan laguntzeko ardura ere bai baitaukate GKo galeriako kideek. “Beste zenbait egonalditan hala egiten dute, baina guk, oraingoz, gonbidatutako artista ez dugu diruz laguntzen”. Aitzitik, egonaldian ekoitzi duen obra Tolosako Kale Nagusiko galerian erakusteko eta salgai jartzeko aukera ematen diote artistari.

Tolosak erreferentzialtasuna lortu du kaleko artean; 2010etik, Beantatuz izenarekin antolatzen ari dira urte askoan grafiti erakusketa izan zena. Formatu handiko muraletara bideratuta dago topaketa, eta kaleko interbentzioak egiten dituzte eremu zabalagoan, atzerriko zein gertuko artistekin kolaborazioak eginez. 2016an Riaq Miuq Bartzelonako gazteak (1994) parte hartu zuen Beantatuz topaketan, eta, beste hainbat artistarekin batera, horma irudi bat osatu zuen tren geltokiaren aldamenean. Aurretik ere, gainera, ezaguna zuen Tolosa, gurasoekin egindako bidaia batean ezagutu baitzituen GKo galeriako lagunak.

“Kaleko artean eman zituen lehen pausoak, baina azken bizpahiru urteetan izugarrizko saltoa eman du kontzeptualki, eta, zertan zebilen jakin genuenean, gonbidatu eta berekin probatu nahi izan genuen lehen egonaldia”, azaldu du Muruak. Nekazaritza ikasketak ere eginak ditu Miuqek, eta naturan topatzen duenarekin egiten ditu artelanak. “Kritika sakona egiten du. Ingurune guztia kutsatuta dagoela dio, kolonizatuta, baina, hala ere, naturan topatzen duen horrekin osatzen du bere obra; dagoen guztia baliatzen du, garai bateko gizakiek egingo luketen bezala. Aldi berean, ikerketa sakona egin du garai bateko jakintzak berreskuratzeko, eta zuntz naturalak erabiliz asko trebatu da saskigintzan eta halako lanetan”.

Abuztu amaieran egindako egonaldian, jakintza horien berri emateko tailerra ere antolatu zuen Miuqek, eta bere proiektua osatzeko serigrafia batzuk prestatu zituen GKo Art Studio espazioan. Azaroaren 2ra arte galerian ikusgai izango den erakusketaren erdigunea hartzen duten lau maskara dira serigrafien oinarri. “Naturaren ziklo osoa irudikatzen dute maskarek, eta badute ukitu magiko bat. Azti edo xaman itxura dute”. Miuq antzinako erritualen errepresentazioak egindakoa da Bartzelona inguruan, kutsatutako hainbat gune naturaletan, maskara horiek jantzita eta pigmentu naturalak soinean zabalduta. Paul Ventura argazkilariak jaso zituen une horiek, eta hark egindako dozenaka erretratu ikus daitezke Tolosako Omgra erakusketan.

Hurrengo artista, Luce

Ikusgai bakarrik ez, azaro hasierara arte kataluniarrak egindako lanak salgai ere izango dira Tolosako GKo galerian. Azaroaren amaierarako, lekukoa hartuko dio Luce izenez ezaguna den Valentziako artistak (Herrialde Katalanak). 2016an etorri zen lehen aldiz Tolosara, eta egurrarekin egindako lanak erakutsi zituen; orain, bigarren bisitan, 11 proiektu ekarriko ditu besapean, eta horietako batzuk gauzatzen saiatuko da bi astean. “Ari da jada ingurunearekin kutsatzen, kulturalki, bisualki eta estetikoki. Hizkuntzak asko erakartzen duenez, horren inguruko esku hartze artistikoren bat ere egingo du”.