Gaztelekutik lokaletara

Aitziber Arzallus

G azteleku ororen helburua herriko nerabeen topaleku izatea bada, Azpeitikoak ederki betetzen du bere funtzioa. 12 eta 18 urte arteko gazte askok han pasatzen dituzte libre dituzten tarteak. “Asteartetik ostegunera, 30 bat lagun izaten dira egunero, eta, ostiral eta larunbatetan, askoz gehiago”, azaldu du Alex Altolagirre hezitzaileak. Larunbat arratsaldeetan 80, 90 eta 100 gazte ere izaten dituztela adierazi du.

Hainbat gune ditu Azpeitiko Gaztelekuak. Batetik, erdigunea deitzen dioten gune handi bat dago, eta sofa bat, mahai jolasak, mahai tenisa eta abar daude hor; bestetik, ikasgela deitzen dioten gela txiki bat dago; eta, azkenik, sukaldea. “Hori da gure leku fetixeetako bat”, adierazi du Ane Arenas hezitzaileak. Gaztelekuan desberdina da egun bakoitza, eta baita urte sasoi bakoitza ere. “Gazteak arratsaldeetan etortzen dira hona, eta gu hemen egoten gara haiei harrera egiteko”, azaldu du Arenasek. Harremanak eraikitzen hasten dira ikasturte hasieran. “Elkar ezagutzea izaten da lehenengo lana. Haien konfiantza geureganatzen hasten gara gero, eta geure artean loturak sortzen”. Lotura hori baliatuz eta jolasen eta jardueren bidez, gazteen beharrak identifikatzen hasten dira hezitzaileak. “Askok uste dute jolaserako gune bat besterik ez dela hau, baina jolasa aitzakia izaten da beste hainbat gauza lantzeko”, azaldu du Arenasek.

Nerabezaroak etapa asko izaten dituela eta horietako bakoitza oso desberdina izaten dela zehaztu du Altolagirrek. Alegia, 12 urteko gazteek eta 15ekoek zerikusi gutxi izaten dutela elkarrekin. “DBH 1eko gazteak indarrez eta energiaz beteta etortzen dira hasieran; artean ez dugu elkar ezagutzen, eta gure mugak bilatzen ahalegintzen dira”. Heltzen diren heinean beste behar batzuk izaten dituztela adierazi du Altolagirrek, bai espazioari dagokionez eta bai hezitzaileei dagokienez. “Gurekin egon nahi izaten dute, gurekin hitz egin nahi izaten dute, hainbat gairen inguruan dituzten zalantzak argitzeko”.

Aldaketa garaia izaten da nerabezaroa. Arenasen hitzetan, gazteak “erreferentzia bila” ibili ohi dira “gurasoengandiko desatxikimenduaren garai horretan”. Galdera asko izaten dituzte, eta galdera horiei erantzuteko moduko jende gutxi izaten dute inguruan. “Oso epaierrazak dira nerabeak. Kanpotik ez dute fama onik, eta epaituak izango ez diren gune bat sortzen saiatzen gara hemen”.

Era askotako jarduerak gauzatzen dituzte Gaztelekuan. Gazteen ekimenez sortutako proposamen horiei balio handia ematen dietela aitortu du Altolagirrek, eta horiek gauzatzen saiatzen direla. Horrez gain, herriko beste eragileekin harremanetan jartzeko joera izaten dutela azaldu du Arenasek, eta saiatzen direla gazteak herriko ekintzetan parte hartzera bultzatzen. “Adibidez, gerta daiteke zenbait gaztek herriko festen antolakuntzan parte hartu nahi izatea, baina lotsagatik ez ausartzea batzarretara joaten. Lehen batzarrera joateko laguntza eman diezaiekegu guk: bidea ireki diezaiekegu ondorengoetara eurak joan daitezen”. Euren nahia nerabeen eta herriko dinamiken arteko “zubi lana” egitea dela gaineratu du Altolagirrek, “nerabeak herriratzea eta herritarrei nerabeek zer gaitasun dituzten ikusaraztea”. Finean, nerabezaroaren alderdi positiboak indartzen saiatzen dira, eta negatiboei buelta emateko irtenbideak eskaintzen.

Harremanei eusteko

14-15 urte bete orduko, baina, lokaletarako bidea hartzen dute gazteek; hori da joera Azpeitian. “Gaztelekuan bizpahiru urtean egunero haiekin egonda lortzen genuen konfiantza bertan behera gelditzen zela ikusten genuen”, azaldu du Altolagirrek. Hori saihestu nahian, gazteen lokaletara bisitak egiten hasi ziren duela pare bat urte, eta gai hori serioago hartzea erabaki dute aurten. Haien asmoa da hilero hiru lokaletara bisita egitea. “Horrekin lortu duguna da gazte horiekin egindako harremanari eustea eta noizean behin eurak Gaztelekura bisitan etortzea”.

Seme-alabak lokaletan biltzeak kezka eragiten die guraso askori, gune ezezagunak direlako haientzat. Baina Gaztelekuko hezitzaileak lokaletara joateko arrazoia ez zen izan gurasoen kezka. “Geuri sortu zitzaigun beharra”, argitu du Altolagirrek. “Geuk ere ez geneukan gurasoek baino informazio gehiago, eta, gazteekin geneukan harremanari eusteko nahiaz gain, informazio hori izateko beharrak bultzatu gintuen lokaletara gerturatzera”. Arenasek zehaztu du “lokalen inguruan dauden mitoak hausteko nahia” ere bazutela. Eta bisitek horretarako balio izan dietela ziurtatu dute biek. “Euren antolatzeko modua eta arauak dituzte lokaletan, eta euren kabuz kudeatu behar izaten dituzte kideen arteko harremanak eta gatazkak”, azaldu du Arenasek. “Ikusi dugu heldutasunera bidean beste urrats bat direla lokalak, asko ikas dezaketen guneak direla”, ondorioztatu du Altolagirrek.

Gonbidatu gisa joaten dira lokaletara. “Haiekin egotera joaten gara, besterik gabe”, adierazi du Arenasek. Hori bai, bisita horiek baliagarriak zaizkie gazteen beharrak identifikatzeko, eta, zenbait gai lantzeko beharra ikusten badute, horretan saiatzen dira, aurrez beharrezko prestakuntza jasota. Gazteleku bat lau horma eta haren barruan egiten dena baino askoz gehiago dela uste baitute bi hezitzaileek.