“Ia-ia konturatu gabe sartu nintzen telebistaren munduan”

“Ia-ia konturatu gabe sartu nintzen telebistaren munduan”

Loinaz Agirre

Zaldibiako Zubiaurre kale baserrian jaioa da Izaro Iraeta Mendizabal (1973), baina gaur egun Araman bizi da. “Oso toki pribilegiatuan jaio nintzen”, aitortu du. Gurasoak inoiz ez ziren bizi izan baserritik. “Baina baratzea, sagastia, animaliak… eduki izan ditugu beti”. Ganadurik inoiz ez dutela izan gaineratu du. “Baina osabari asko gustatzen zitzaion ehiza, eta animaliak zaintzea ere bai. Arkumeak, indioilarrak, arranoak, txori pila bat… edukitzen genituen zaintzeko”.

Abere artean hazi zinen, baina zuk hasieratik argi izan zenuen kazetaritza ikasi nahi zenuela?

Ez da oso erraza izaten aukeratzeko garai hori, baina argi neukan zer gustatzen zitzaidan: soziologia edo kazetaritza. Egia esan, ni ikasten hasi nintzenetik, asko aldatu da komunikazio mundua. Prentsa idatzia, irratia eta telebista ziren orduko komunikabideak. Gaur egun, sare sozialen sorrerarekin, asko zabaldu da hori. Komunikazioa beste era batera ulertzen dut gaur egun; asko zabaldu eta garatu da, onerako eta txarrerako. Gaur egun, ikaragarrizko indarra daukate komunikabideek eta horiek komunikatzen dutenak. Mundu horretan sartzea erabaki nuen garai batean, eta horretan jarraitzen dut oraindik ere.

Zuk zer zenuen gogokoen, irratia, telebista edo prentsa idatzia?

Ez neukan batere argi. Banekien kazetaritzaren mundua gustatzen zitzaidala; ikertzea, jendearekin egotea… Argi neukan hori. Baina, egia esan, ia-ia konturatu gabe sartu nintzen telebistaren munduan.

ETB1eko Ikimilikiliklik saioan hasi zinen, gazteentzako musika saioa aurkezten, Anuska Lasa, Josu Garmendia eta Carlos Nguemarekin batera, ezta?

Unibertsitateko lehenengo urtean hasi nintzen ETBn, 19 urterekin. ETBk casting erraldoiak egiten zituen orduan, eta curriculumak bidaltzeko eskatzen zuten. Horrela hasi nintzen lanean Euskal Telebistan. Oso kontratu bitxiak egiten zizkiguten aurkezleoi: artista eta toreroena.

Saio berritzailea izan al zen?

Katukale musika saioa izan zen aurretik; Edurne Ormazabalek aurkezten zuen. Oso saio ona izan zen, baina beste formatu batekoa. 90eko hamarkadan, berriz, bideoklipen boom-a gertatu zen. Euskal taldeak ere pil-pilean zeuden, eta gazteentzako musika saio baten aldeko apustua egin zuen ETBk. Niretzat sekulako zortea izan zen lantalde hartan sartzea. Jolas moduan, lanbide bat ikasten hasi nintzen, eta izugarri gozatu nuen. Egia esan, ondo pasatzeko modu bat zen guretzat. Momentu hartan ez nintzen konturatzen zenbat eta zer-nolako abiaduran ikasten ari nintzen.

Kameraren aurreko lehenengo esperientzia izan zen hura, baina saio gehiago ere etorri ziren handik aurrera.

Bai. Nik argi neukan ikasketak amaitzea zela nire lehentasuna. Ikasketekin uztartu banezakeen, egingo nuela esan nuen, baina bestela ezetz. Behin unibertsitateko ikasketak bukatuta, serioago hasi nintzen lanean, aurkezle eta kazetari lanean, telebistan programa desberdinak egiten. La Monda eta Ikusgela saioetan aritu ondoren, Esta es mi gente saiora pasatu nintzen. Haurdun geratu nintzen, eta lehenengo semea jaiotzeko egun gutxi falta ziren arte aritu nintzen ETB2ko saio horretan.

Familia eta lana uztartzeari eman zenion lehentasuna orduan?

Duela hamasei urte, familia eduki nuenean, erabaki nuen ez nuela eguneroko saio batean lan egingo, ez nuela egunerokoak duen erritmo gogor horretan jarraituko. Ilusio handia neukan familia edukitzeko eta nik neronek hazteko. ETBri esan nion familia haztea zela nire lehentasuna eta beste mota bateko saioetan lan egitea gustatuko zitzaidakeela, beste erritmo batean. Beste saio batzuk egin nituen orduan: Bizizaleak, Dokugunea, Goenkale esker 1000... Saio solteak, txapelketak, galak… Denetik egin dut.

Euskaraz zein gaztelaniaz aritu zara telebistan lanean.

Nik euskaraz pentsatzen eta sortzen dut. Euskaraz pentsatzen dugu komunikazio enpresan, euskaraz lan egiten dugu, eta gero itzultzen dugu beste hizkuntzetara. Bi hizkuntzak menderatzea tokatzen zaigu, baina euskara da nire ama hizkuntza. Eroso sentitzen naiz euskaraz lanean. Egia da bi hizkuntzatan aritu beharra dagoela komunikazioaren arloan, baina uste dut garrantzitsuena dela zein hizkuntzatan pentsatzen duzun, zein hizkuntzatan sortzen dituzun gauzak, eta ideiak zein hizkuntzatan etortzen zaizkizun burura; eta niri euskaraz etortzen zaizkit beti.

Gaur egun ez zara hainbeste azaltzen telebistan.

Ikom komunikazio agentzia sortu genuen duela hamar urte. Gustura nengoen ETBn, baina zein programa eskainiko zain egoten nintzen beti, zein ordutegi, hori nola uztartu familiarekin… Zerbait sortzea erabaki nuen azkenean, eta komunikazio mundua menderatzen nuenez, Ikom komunikazio agentzia sortzea erabaki nuen. Bertan egiten dut eguneroko lana, eta kolaborazio jakin batzuk egiten jarraitzen dut ETBrekin: Segurako Dantza Txapelketa, adibidez [bihar], Donostiako su artifizialak…

Komunikabideen ordutegiekin are zailagoa izango da familia eta lana uztartzea, ezta?

Ez da erraza, baina zeinek du antolatuta lan mundua? Gizonezkoek. Beraien modura antolatuta dago lan mundua, orain arte tradizionalki egon diren rolak oinarritzat hartuta. Eta kasu horietan berdin zioten ordutegiek-eta. Emakumea lan munduan sartu denetik, aldatu egin behar dugu hori, eta denon ardura da aldatzea. Komunikabideetan ere bai. Erredakzioa ixtea ez dakit zer ordutan… Prentsa oharrak zer ordutan bidaltzen dira? Zergatik ezin dira bidali goizean lehenengo orduan? Ikomen, momentu honetan, emakumezkoak gara denok, eta saiatzen gara lana familiarekin-eta uztartzeko erraztasunak ematen, malgutasuna izaten. Gaur egun, edozein lekutatik egin daiteke lan.

Azken urteotan asko aldatu dira komunikatzeko bideak, eta zerikusi gutxi izango dute unibertsitatean ikasitakoekin, ezta?

Ikaragarri aldatu da dena. Ikimilikiliklik programan hasi nintzenean, artean ez zegoen Internetik, eta asteroko gidoia Zaldibiako Udalera bidaltzen zuten faxez. Bilbon ikasten ari nintzen orduan, eta aita edo ama udaletxera joaten zen gidoia jasotzera. Pentsa nola aldatu diren gauzak. Gaur egun, ikaragarri aldatu da komunikazioa. Uste dut ona dela gaur egun sare sozialek daukaten presentzia hori, bat-batekotasun hori, jendeak parte hartzeko aukera hori… Hedabideen monopolioetatik ateratzea beharrezkoa dela iruditzen zait. Eta horretan lagungarriak dira sare sozialak. Gu ikasten hasi ginenenean existitu ere egiten ez ziren lanbide asko daude gaur egun: community manager-ak, erreputazioa lantzen dutenak, komunikazio estrategiak egiten dituztenak…

Komunikazio agentziarik ere ez zegoen garai batean, ezta?

Ez, publizitate agentziak edo marketin bulegoak zeuden orduan; beste era batera lantzen zen komunikazioa. Orain hasi gara konturatzen zein garrantzitsua den komunikazioa lantzea. Hemen, Euskadin, eta batez ere Gipuzkoan, albo batera bezala utzi izan dugu alor hori. Egin, egin eta egitekoak izan gara Gipuzkoan, eta, badaezpada ere, inor ez dadila konturatu zer eta nola egiten dudan. Baina krisiarekin hori guztia aldatu egin dela uste dut. Lehen, ez geneukan saltzera atera beharrik: guregana etortzen ziren erosleak. Baina saltzera atera behar dugu orain, eta oso garrantzitsua da komunikatzea zein diren gure balioak, besteengandik ezberdintzen gaituztenak. Azken urteotan garrantzia hartzen hasi dira komunikazioa lantzen duten profesionalak. Ikomen komunikazioa lantzen laguntzen diegu enpresei; zer esan, nola esan, zer bidetatik… Webguneak, sare sozialak, bideoak, ekitaldiak… osatzen laguntzen dugu.

Badute zerikusirik telebistako lanak eta komunikazio agentziakoak?

Ezberdina da lana. Dena den, ni aurkezle eta kazetari lanetan aritu izan naiz telebistan. Orduan, gidoi bat idaztean ere hainbat gauza hartu behar izaten da kontuan: zer esan, nola esan, nola komunikatu, nola iritsi jendearengana, gauza bat edo beste zergatik esan… Lehenagotik ere egin behar izan dut lanketa hori guztia. Jendearengana nola iritsi jakitea da zailena. Eta orain ere berbera da helburua: iritsi egin behar du mezuak, eta ondo ulertu behar da. Askotan, ez da erraza izaten.

Egun, irudiak balio du gehien?

Gaur egun, bisuala da komunikazioa, eta oso zehatzak, argiak eta zuzenak izan behar dute komunikazio bisual horren barruko mezuek. Bonbardaketa batean bizi gara gaur egun, eta ez dugu denbora askorik hartzen gauzak irakurtzeko. Zenbat mezu jasotzen ditugu egun bakarrean? Zenbat inpaktu bisual sartzen zaizkigu nahita edo nahi gabe? Telebista piztean, kalean goazela… Kalean kartelak ikusten ditugu denbora guztian, irratia entzuten dugu, egunkaria irakurri… Gure buruak ez ditu hierarkizatzen irudi horiek guztiak. Eta ez da erraza maremagnum handi horretan norberak bere mezua nabarmentzea edo ezberdintzea.

Krisian daude komunikabide tradizionalak.

Ikusi besterik ez dago gazteak nola bizi diren, pantaila txiki bati begira; hortik iristen zaie ia dena. Irudiak iristen zaizkie sare sozialetatik, Instagrametik, Youtubetik… Formatu txikiko bideoak dira gehienbat. Erabat aldatu da telebista kontsumitzeko modua. Nahi genuen telebista katea jartzera ohituta geunden lehen, zegoena ikustera. Baina egungo gazteek telebista ez dute horrela kontsumitzen; nahi dutena aurkitzen dute Youtuben, Netflixen, HBOn… Uste dut oso aurretik doazela bogan dauden youtuberrak, influencer-ak… eta horien atzetik doazela mass media handiak.

Produkzio propiorik ez dagoela leporatzen zaio askotan ETBri.

Audientziak ikusi, eta harritu egiten gara askotan: izugarrizko audientzia dauka meza santuak, eta hainbestekorik ez, agian, bertan egindako telesail batek. Mentalitatea aldatu behar dugu. Zeinek ikusten du telebista? Zer profiletakoa da? Eta zer ikusi nahi du jende horrek? Telebista ikusten ez duen jendea badago, eta horiek beren denbora librean zer kontsumitu nahi duten aztertu beharko genuke. Beste era bateko formatuak behar dira beharbada, eta horretara egokitu behar dugu.

Euskara non geratuko da bide horretan? Erdarazkoak dira gazteen erreferentzia ia guztiak.

Euskal kirolari programa egiten ari gara Ikomen, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailak sustatuta. Kirolarien bidez gazteen artean euskara sustatzea da helburua; gazteentzat erreferenteak izan daitezkeen kirolari horiek euskaraz aritzen direla erakustea da kontua. Oso bideo motzak dira. Sare sozialetan garatzen dugu proiektua, gazteak hor daudelako eta euskarazko oso eduki gutxi daudelako. Euskarazko edukiak sortzeko ahalegina egin behar dugu euskaldunok; gazteei interesatzen zaizkien edukiak sortzekoa. Ale txiki bat besterik ez gara komunikabideen, Interneten eta sare sozialen munduan. Kontsumo ohiturak dira gazteek orain hartuko dituztenak, eta gero oso zaila izaten da horiek aldatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.