Turismoaren eragin poliedrikoa

Turismoaren eragin poliedrikoa

Eider Goenaga Lizaso

Turismoa Donostian ez da modu orekatuan hazten ari, eta ez da iraunkorra. Donostiako EH Bilduren interpretazioa da hori, prentsaren aurrean aurkeztu berri duen dosierrean jasotako datuekin eginikoa. Datuei eta azken urteetan Donostian hartu diren erabakiei erreparatuta, EH Bilduk salatu du Donostiako Udalak alde batera utzi dituela 2017-2021 aldirako turismoaren gida planean jasotako irizpide eta helburuak. Markel Ormazabal zinegotziak salatu du Donostiako Udalaren diskurtsoa partziala dela, ez dietela erreparatzen turismoak eragiten dituen ondorio guztiei. “Turismoaz hitz egiterakoan ahaztu edo baztertu egiten diren hainbat puntu azpimarratu nahi ditugu. Izan ere, modu integralean aztertu behar da turismoa, eta tranpa egitea da soilik haren onura ekonomikoak eta bisitarien errekorrak aipatzen jarraitzea”.

EH Bilduren dosierra abiapuntu hartuta, Donostia Turismoa udal jabetzako sozietate anonimoak hedabide honi erantzun dio UNTWO Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak saria eman diola berriki Donostiako Udalari “berrikuntza eta iraunkortasunaren arloan egindako lanagatik”. Irailean jaso zuen saria, Love San Sebastian. Live Donostia proiektuagatik. Eneko Goia Donostiako alkateak honela hitz egin zuen saria jasotzean: “Udalaren iritziz, aberastasun eta enplegu-sorrera iturri bat da turismoa, baina ezin dugu baztertu horrek Donostiari kalte ez egiteko ikusmoldea. Horregatik, gure bisitariak kontzientziatzeko bideak bilatzen ditugu, hiria eta herritarrak errespeta ditzaten”.

2018ko European City Tourism Study ikerketa ere aipatu du Donostia Turismoa SAk. “Haren arabera, Donostiak Europako batezbestekoa baino turismo dentsitate txikiagoa dauka. Kalitate iraunkor handiena duen hiritzat jo zuen Donostia ikerketak”.

BISITARI KOPURUA

2018an, %9,3 handitu zen turistek Donostian egindako gaualdi kopurua, eta 1,4 milioi gaualdiren muga gainditu zen hala. Eustaten datuak dira, eta aurten ere goranzko joera dagoela dio EH Bilduk, abuztura arte %8,35 izan baita igoera. Datu horien bueltan, Donostiako Udalari modu orekatuan haztearen inguruko diskurtsoa ahazten zaiola salatu du Ormazabalek: “Gobernuak baztertu egin ditu bisitari kopuruaren egonkortasunaren aldeko hitzak, eta errekorren diskurtsora itzuli da. Izan ere, Eustaten datuak ateratzen diren bakoitzean Donostia ‘EAEn turismoaren buru’ dela adierazten du udal gobernuak”. Bestalde, hazkundea urte osoan homogeneoa dela azpimarratu du, eta horrek erakusten duela ez dela betetzen ari turismo planean jasotako desestazionalizazioa.

Donostia Turismoa SAk erantzun duenez, ildo horretan egin dira sustapen ekintza guztiak, bisitariek Donostiako auzoak eta inguruak ezagutzea eta goi denboralditik kanpo etortzea helburu hartuta. “Udan ez da egiten sustapen kanpainarik”. Desestazionalizazioari buruz, nabarmendu du turismoaren hazkundea jada ez dela soilik udan gertatzen, eta aurtengo urtarrilean uztailean eta abuztuan baino gehiago gehitu direla gaualdiak. “Halere, helburua da hilabete baxuenetan izatea igoerak, eta ildo horretan lan egiten jarraituko da”.

Bestalde, Donostia “izaera turistikoarekin sortutako hiria” dela dio udal erakundeak, eta 1907ko datu bat eman du, iazko 1,4 milioi gaualdietatik gertu dagoena: “44.545 biztanle zituen Donostiak, eta 1.356.019 gaualdi jasotzen zituen”.

HOTELAK

2015etik hainbat hotel ireki dituzte hirian, eta beste hainbat irekitzeko bidean daude —batzuetan, obrak hasita daude, eta, beste batzuetan, jada badago hotela irekitzeko baimena—. Orotara Donostiak 35 hotel (1.573 logela) gehiago izango dituela zenbatu du EH Bilduk. 150 oheko aterpetxe bat ere ireki dute, eta berrehun oheko beste bat irekiko dute.

Udal gobernuak iaz bizitegi erabilera duten eraikinak hotel bihurtzeko aukera mugatu nahi duela iragarri zuen arren, EH Bilduk salatu du araudia ez dela aldatu, tramitazioan jarraitzen dutela. “Udalak ez du azalpenik eman atzerapenari buruz, baina, bitartean, hirian hotel berriei baimenak ematen ari zaizkie”.

Donostia Turismoa SAk nabarmendu du otsailean hasi zela arau berriaren tramitazioa, osoko bilkurak aldaketa onartu zuenean. Araua “hiriko hazkunde turistikoari egokitu” nahi zaiola dio, martxan dagoela, baina epe batzuk bete beharra dagoela behin betiko onartu aurretik: erakusketa publikoa, alegazio epea eta abar. “Behin onartuta, ostatu eskaintzaren hazkundea mugatuko du. Parte Zaharrean ezingo da eman lizentzia gehiago hotelak eraikitzeko, eta hiri osoan mugatu egingo da bizitegi erabilera duten eraikinak hotel bihurtzeko aukera”.

Ireki diren hotelen %70 hutsik zeudela edo hirugarren sektoreko jardueretarako erabilitako eraikinetan ireki direla dio Donostia Turismoa SAk, eta, gainera, hotel txikiak izan direla, “logela kopuru mugatukoak”. EH Bilduk emandako datuen arabera, bost logela ditu ireki den hotelik txikienak, eta handienak, 73; baina 123, 151 eta 325 logelako hiru hotel ageri dira eraikitzeko bidean dauden proiektuetan.

PISU TURISTIKOAK

2018ko urtarrilaren 3an etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantzak izandako eraginaz ere ez dute iritzi bera EH Bilduk eta Donostia Turismoa SAk. EH Bilduk dioenez, 348 pisu ziren lehen, eta 1.306 orain. Haren arabera, ordenantza berria “amnistia bat” izan da “Donostian zeuden legez kanpoko ehunka pisu turistikorentzat”. Donostia Turismoa SAk dio 1.249 etxebizitza turistiko eta alokairurako 126 logela erregistratu direla. Horrez gain, ordenantza atera zenetik hirurehun epaiketa irabazi direla, eta pisu horiek itxi egin behar izan dituztela nabarmendu du. Legez kanpo eskaintzen diren alokairuko etxebizitzen kopuruetan eta datuen iturrietan ere ez dute bat egiten.

Halaber, udal erakundeak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak iruzurraren aurkako postontzia jarri duela martxan; “eta, bertan, baldintzak betetzen ez dituzten erabilera turistikoko etxebizitza edo gelak salatu ditzakete herritarrek”.

PARTE ZAHARRAREN MASIFIKAZIOA
Parte Zaharrera sartzen den jendea zenbatzeko sistema bat du Donostiako Udalak, eta haren datuen inguruan kezka azaldu du EH Bilduk. Auzoan 6.000 lagun inguru bizi direla kontuan hartuta, aurtengo uztailean eta abuztuan egunero 46.000 sartu-irten izan dira Parte Zaharrean; bi hilabeteak batuta, 2,8 milioi. “Auzotar askoren esanetan, jasanezina da auzoak jasotzen duen giza presio handiak eragiten duen estres soziala”.Donostia Turismoa SAk ñabardura bat egin du datu horren inguruan. Batetik, esan du ez direla soilik turistak zenbatu. Zera dio datuei jarraipena egin behar zaiela eta iraunkortasuna bermatzeko lan egin behar dela zalantzan jarri gabe: “Biztanle, txangolari eta bisitarien kontzentrazio bati leporatu behar zaio saturazio pertzepzioa: ezin zaio turistari soilik leporatu”. Horrez gain, sartu-irtenak kontatzen direnean, auzotar batek egunean egiten dituen joan-etorriak ere kopuru horretan sartzen direla nabarmendu du, eta nahikoa dela pertsona batek hiru aldiz auzotik atera behar izatea sei sartu-irten kontatzeko.

Auzoaren masifikazioari aurre egiteko neurriez ere hitz egin du udal erakundeak. Mugikortasun arauen aldaketa aipatu du horien artean. “Turista eta txangolariekin datozen autobusek Donostiako Autobus Geltokian utzi eta hartu behar dituzte bidaiariak. Eta Miramar jauregian bidaiariak utzi eta hartzeko doako gune bat sortu da, gune horretako trakzio eremu bilaka dadin”.

Horrez gain, Parte Zaharra eremu ase gisa izendatzea aipatzen du neurrien artean. “Ezin dira abiarazi ostalaritza edo ostatu jarduera berriak, edozein motatakoak izanda ere, eta zorrotza da etxebizitza turistikoen gaineko kontrola ere”.

SUSTAPEN KANPAINAK

Donostia Turismoak nabarmen gutxitu du sustapenerako diru saila. 210.000 euro ziren 2016an, eta 75.000 eurokoa izan da diru saila 2019an. EH Bilduk salatu duenez, ordea, zeharkako bideak erabiltzen dira sustapen kanpainei eusteko. “Woody Allenen filma da azken adibidea. Gutxienez 60.000-120.000 euroko diru laguntza publikoa jaso du ‘hiriaren promozioa’ egiteagatik”. Horrez gain, urtarrilean Donostiak Madrilgo Fitur azokan izandako erakusmahaia eta martxoan Berlingo ITB turismo azokan egindako sustapena —Basquetourren eskutik— aipatu ditu EH Bilduk.

Aurrekontuaren jaitsiera nabarmena izan dela azaldu du Donostia Turismoa SAk, eta soilik gida planean onartutako bost ardatzen inguruan egiten dela sustapena: biltzar turismoa, kirol ekitaldien turismoa, kultur turismoa, turismo gastronomikoa eta premium-a. “Turismo masiboa, itsas bidaia handiak, festa turismoa, egokitzen ez diren bidaiariak, talde handiak eta abar ez dira inondik inora sustatzen”.

ENPLEGUA

Turismoaren sektoreak eragiten duen azpikontratazioa eta prekaritatea aipatzen ditu EH Bilduk txostenean. Batetik, adierazi du Gipuzkoako ostalaritza sektoreak hamar urte daramatzala lan hitzarmenik gabe, eta horrek eragin zuzena duela lan baldintzen prekarizazioan; bestalde, hotelek zerbitzuak azpikontratatzeak eragiten duen prekarizazioari jarri dio arreta berezia.

Donostiako udal elkarteak erantzun du 15.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituztela turismoarekin lotutako jarduerek, Donostia Turismoa SAk 325 enpresa bazkide dituela, eta turismoarekin lotutako enpresen %95 tokiko enpresa txiki eta ertainak direla. Lan hitzarmenari dagokionez, ostatuen hitzarmena aurten bukatzen dela erantzun du, eta beste bi urtez luza daitekeela. Hitzarmen horren arabera, Donostia Turismoa SAk dioenez, azpikontratatutako langileen baldintzek hoteletakoen “berdin-berdinak” izan behar dute.

ETXEBIZITZAREN ARAZOA

Alokairuaren prezioa Donostian “inoizko altuena” dela dio EH Bilduk, eta Idealista.com webgunearen datuak aipatu ditu horretarako. Donostiako datuak eta auzoetakoak ematen ditu, eta, horien arabera, Donostian ehun metro koadroko etxe baten alokairua, batez beste, 1.440 euro kostatuko litzateke hilean.

Alokairuen igoera “orokorra” dela erantzun du Donostia Turismoa SAk. “Zalantzagarria da igoera hori turismoari leporatzea. Idealista-ren arabera, metro koadroaren prezioa %4,2 igo da Donostian, baina beste hiri ez-turistikoetan igoera antzekoa edo altuagoa da: %4,2 Irunen, %16,7 Arrasaten, %11,8 Azpeitian, eta %4,1 Elgoibarren”.

Parte Zaharrak (-%7,07) eta Grosek (-%7,06) galdutako biztanle kopuruari buruz, gauza bera esaten du; zalantzan jartzen du hori zuzenean turismoari lotu dakiokeenik. “Kontuan izan behar da 18 urtetik gorako pertsonak bakarrik kontabilizatzen direla azterketa horretan; beraz, bertan bizi diren pertsona zaharrak zendu eta umeak dituzten familiak sartzen badira, kontabilizatzeko orduan ez lituzkete kontuan hartuko 18 urtetik beherakoak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.