“Inorentzat ez da ona greba”

Unai Zubeldia

Egoera onean” dago arte grafikoen sektorea. Eta langileek horregatik eskatzen dute “lan hitzarmen duin eta justu bat”, Arantxa Jauregi sektoreko langilearen esanetan. Aurreko lan hitzarmenaren epealdia amaitzear zegoenez, sindikatuek eta Adegi patronalak urte hasieran ekin zioten ituna berritzeko prozesuari, baina, bederatzi hilabete geroago, ez aurrera ez atzera dago egoera. LAB, ELA eta UGT sindikatuek deituta, ekainerako egin zituzten lehen greba deialdiak; zortzi greba egun eginak dituzte jada, eta, konponbiderik ezean, beste bost egitekoak dira azaroaren 4tik 8ra.

“Urte hasieratik zortzi-bederatzi bilera egin ondoren, erabateko ezezkoan dago Adegi”, azaldu du Jauregik. Ez du ulertzen patronalaren jarrera. “Proposamenik jaso gabe irten gara ia bilera guztietatik”. Sindikatuek eta Adegik uztailaren 2an egin zuten azken bilera. “Eta soldatetan KPIaren igoera besterik ez ziguten eskaini. Berdintasun kontuak aztertuko zituztela esan ziguten, baina horretan gelditu zen dena”. Hitzarmena negoziatzen ari diren bitartean, Adegik nahiago izan du adierazpenik ez egin.

Sindikatuek, oraingoz, ez daukate zehaztuta bilerarik Adegirekin. “Eta argi daukagu eurei dagokiela pausoa ematea; ahoz beti esaten digute negoziatzeko borondatea daukatela eta hitzarmena nahi dutela, baina…”. Soldata KPItik gora igotzea, lizentziak gaurkotzea, kontratazio sistema hobetzea eta Espainiako hitzarmenaren mehatxuaren aurrean Gipuzkoako hitzarmena blindatzea, horiek dira langileen eskaeretako batzuk. “Eta argi utzi nahi dugu hitz egiteko eta negoziatzeko prest gaudela; azken batean, inorentzat ez delako ona greba”. Ardo botilen etiketak, egunkarien errotatibak, aldizkariak, gutun azalak, inprentako mandrilak… hainbat esparrutan dauka eragina arte grafikoetako grebak.

1.300-1.400 langile

Langileek uztailaren 2an argi ikusi zuten irtenbide zaila zeukala egoerak, eta “zerbait” egin beharra zeukatela sentitu zuten. “Borroka da gure esku dagoen tresna bakarra, eta horri heldu diogu guk”, zehaztu du Jauregik. “Baina norberaren egunerokoan tentsio handia sortzen du horrek. Horregatik, irtenbideren bat eskatzen dugu”. 1.300-1.400 langile inguruk osatzen dute Gipuzkoako arte grafikoen sektorea, tamaina txikiko 140-150 enpresak, gutxi gorabehera. Sindikatuei dagokienez, berriz, sektoreko langileen %52 ordezkatzen du LABek, %46 ELAk eta %2 UGTk.

Egungo errealitateaz hizketan hasita, bere egunerokoari heldu dio Jauregik. “Emakume asko ari gara lanean arte grafikoetan, eta guk daukagu soldatarik txikiena; gu ari gara lanean mailarik apaleneko lanpostuetan eta baztertuta gaude; mila euro inguruan gabiltza”. Errealitate horrekin, noski, etxeko ekonomian “eragin zuzena” dauka greba egun bakoitzak. “Eta ez arlo ekonomikoan bakarrik. Ez da erraza grebara joatea”.

Soldatei dagokienez, 1.200 euroko gutxieneko ordainsaria “erreferentzia egokia” dela uste du Aitor Ezeizak. “Eta lege egokitzapenena da eskatzen dugun beste hobekuntzetako bat; urteotako sententziak kontuan hartzea, alegia. Baina patronalak horri ere ez dio erantzunik ematen”.

Erabateko sokatira lana

Argi daukate “betidanik” borroka bidez lortu dituztela lortu dituzten eskubide guztiak. “Eta horretan jarraituko dugu, inoiz ez digutelako eman ezer”. Iker Mujikak zehaztu du eurena, sektore txikia izanda ere, “oso borrokalaria” izan dela beti. “Eta borrokarako kultura barneratuta daukagula uste dut. Langile gehienek badaukate borrokarako jarrera hori; gainerakoan, gaur egun ez ginatekeen hemen egongo”.

Atzera begira jarrita, berriz, arte grafikoena urtez urte “egoera bakoitzera egokitzen” joan den sektorea dela azpimarratu du Ezeizak. “Errealitate jakin batera egokitutako lan hitzarmena sinatu genuen duela hiru urte, baina garai hartan eta gaur egun enpresak ez daude egoera berean, nahiz eta bidean itxi egin behar izan dituzten enpresetako asko”.

Mujikak gaineratu du enpresek langile asko kaleratu dituztela azken urteotan. “Baina moldatu egin ginen orduan, eta gaur egun enpresek dauzkaten irabaziekin baldintza horiek hobetzeko ahalegina egin dezaketela uste dugu. Horregatik, jada ezin dugu onartu duela hiru urteko lan hitzarmen berbera mantentzea, askoz gehiago eman dezaketelako”. Sokatira lan horretan erabat tenkatuta dago soka. “Eta badirudi gure nagusien kontra ari garela borrokan, baina ez da hala. Bidezkoa iruditzen zaiguna, merezi dugula uste duguna eskatzen ari gara, besterik ez”.

Mobilizazioek %70eko erantzuna izan dute orain arteko zortzi greba deialdietan, sindikatuen arabera. “Eta kontuan hartuta zailtasunak ditugula enpresa guztietara iristeko, kopuru handia da hori”, zehaztu du Jauregik. Alde horretatik, Jauregik, Mujikak eta Ezeizak ekainean hasitako bidean irmo jarraitzeko dei egin diete lankideei —LABeko ordezkariak dira hirurak—. “Gogorra da grebara joatea, baina garrantzitsua da hurrengo protestetan ere orain arte erakutsi dugun indar hori berrestea”.

Bizkaiko arte grafikoetan 2011tik daude lan hitzarmenik gabe, Nafarroan 2012tik… Ingurura begiratuta, Gipuzkoan “errespetu pixka batekin” begiratzen diote etorkizunari, baina itxaropenerako heldulekuren bat ere badauka Jauregik. “Gu ez gaude gustura, baina badakigu patronala bera ere egoera honekin ez dagoela erabat lasai, enpresa batzuetan mugimenduren batzuk izaten ari direlako jada. Ez dugu etsiko”.