Beste herrialde baterako atea

Beste herrialde baterako atea

Beñat Alberdi

Bagenekien Senegal bisitatzeak jendea erakarriko zuela”, nabarmendu du Eli Dominguez Bergarako Ndank Ndank elkarteko kideak. Afrikako herrialde hori ezagutu ahal izateko ate bat zabaldu zuen elkarteak, eta Debagoieneko 31 herritarrek baliatu dute aukera hori; 12 urteko gazteak ere bazeuden tartean. Beste mundu bat bertatik bertara ezagutzea zen bidaiaren helburu nagusia, baina garrantzitsua izan da elkarteak isilean eta bidaia antolatzeko egin duen lana ere.

2011n sortu zuten Ndank Ndank elkartea, Mamadou Sarr Bergaran bizi den senegaldarraren ekimenez, eta herritar gehiago inguratuz joan da pixkanaka-pixkanaka. Bi helbururekin sortu zuten elkartea: batetik, euskaldunen eta senegaldarren arteko kultur zubiak sortzea edo kulturartekotasuna; eta, bestetik, elkarlanean garapenerako proiektuak bultzatzea.

Integraziorako bideak erraztea izan da kulturartekotasuna sustatzearen funtsa. “Integrazioa aipatzen dugu beti, baina gutxitan erreparatzen diegu haien portaerari eta ohiturei”, azaldu du Dominguezek. “Euren oinarri sozial eta kulturalak dauzkate, ordea, eta ezagutu egin behar dira”. Bakoitzaren iragana ahaztu gabe, bestearen errealitatea ezagutzea litzateke integraziorako giltza.

Sustapenari dagokionez, azpiegiturak eraikitzera bideratu dituzte proiektuak, hala nola komunak egitera edo eraikinak berreraikitzera. Dionewar herriko komunitatearekin du harremana Bergarako Ndank Ndank elkarteak, eta komunitateak berak zehazten dizkie beharrak. Dionewarren bertan jaioa eta hezia da Sarr.

Zortzi urte pasatu dira elkartea sortu zutenetik, eta ordutik asko aldatu da Sarren eta Dominguezen egoera ere. Senar-emazteak dira, eta 3 eta 5 urteko bi haurren gurasoak. Ekuazioari beste aldagai bat gehitu dio horrek. Bi kulturatan hezten ari diren bi semeren gurasoak dira, eta haurren identitatea eraikitzean eragina izan dezake horrek: “Izugarria da gure semeek nolako naturaltasunarekin bizi duten dena”, adierazi du Ndank Ndankeko kideak.

Dominguezi martxoaren 19an —Aitaren Egunean— otu zitzaion opari ederra izango zela hala nahi zuten guztiei senarraren herrialdea bertatik bertara ezagutaraztea, eta apirilaren 11rako prest zeukaten proiektuaren aurkezpena. Hamabost pertsonarentzako eskaintza egin zuten hasieran, baina aurkezpenera bertaratu ziren guztiek eman zuten izena, eta mugarik ez jartzea erabaki zuten antolatzaileek. 32 pertsonak egin zuten bidaia, azkenean; 24 helduk eta zortzi gaztek. Askotariko jendea zegoen, gainera, izena eman zutenen artean: “Musikariak, erizainak, dantzariak, haurren begiraleak…”.

Bidaia egin aurretik, proiektuarekin kolaboratzeko eskatu zieten izena eman zuten guztiei, baina Dionewarrera zertara zihoazen argitu nahi izan zieten, batez ere: “Argi utzi genien ez zihoazela laguntzera, eta ezta bertako haurrekin argazkiak ateratzera ere; bertako errealitatea ezagutzera zihoazen”.

Zer eginik ez zuten falta izan bi asteko tartean, abuztuaren 4tik 18ra. Hango haur eskola sustatzea zen —eta oraindik ere hala da— Ndank Ndank elkartearen proiektu nagusietako bat, eta eraikin berria egiten jardun zuten, palak-eta hartuta. Igeltseroei lagundu zieten lan horiek egiten. “Igeltseroei bakarrik, eta ez komunitate guztiari”.

Ikusmena aztertzeko makinak eta hainbat eta hainbat betaurreko ere eraman zituzten Euskal Herritik Dionewarrera. Alde horretatik, bidaiaren parte ziren erizainek egin zieten azterketa, eta herritarren artean banatu zituzten betaurrekoak. Eguzkitakoak ere eraman zituzten. “Eta, hain zuzen ere, horiek eskatu zituzten gehien bertako herritarrek. Bakoitzak aukeratzen zituen beretzat politenak zirenak edo bere estiloarekin bat egiten zutenak”. Urteko hilabete gehienetan bero handia egiten du Dionewarren. “Eta gerizpean pasatu behar izaten dute egunaren zatirik handiena”.

Kulturartekotasuna

Senegalgo komunitateak eta Euskal Herrikoak proiektuak elkarrekin sortzea eta gauzatzea zen egitasmoaren gakoetako bat, eta kulturak eta aisialdiak zeresan handia izan zuten horretan. Euskal Herriko musika tresnak —trikitia eta txalaparta—, eta Senegalgoak —djenbea eta kalabazak— nahastu zituzten, “nolabaiteko musika fusioa” sortzeko. Dantzarako tartea ere hartu zuten, noski.

Aisialdi garaian, berriz, haurrentzako hamaika ekintza antolatu zituzten. “Emozioz beteta etortzen ziren, egun horretan zer eramango ote genuen ikusteko gogoz”. Aisialdiarekin lotuta, protagonismo berezia hartu zuten traineruek. Izan ere, herri arrantzalea da Dionewar, eta estropaden gisako lehiak egiteko ohitura daukate han ere. Ohitura hori baztertua izan dute hogei urtez, eta debagoiendarren bisitarekin berreskuratu dute.

Bidaia “oso positiboa” izan dela argitu du Dominguezek. “Partaideak harrituta gelditu dira besoak zabal-zabal eginda hartu gaituztela ikusita. Euskal Herrian oso hotzak izaten gara haiekin”. Parte hartzaile gutxiagorekin, baina argi daukate esperientzia errepikatuko dutela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.