Bi herri, eta mendatea itxita

Bi herri, eta mendatea itxita

Tere Madinabeitia

Eragozpenak sortzen dira errepideetan konpontze lanak egiten dituztenean, eta ez dira izaten gidarien gustuko. Irailaren erdialdean Gipuzkoako Foru Aldundia obretan hasi zen GI-2630 errepidean, eta Legazpi eta Oñati arteko Udana mendatea itxi egin zuten lanek iraungo duten lau hilabeteetarako. Olaran errekaren gaineko lau zubiak konpontzen ari dira, Olabarrieta Oñatiko auzoaren parean. 600.256,88 euroko aurrekontua dute lanek, eta urtarrilaren 15erako aurreikusi dute amaitzea.

Mendatearen mutur banatan daude Legazpi eta Oñati, eta errepide hori da bi herrien arteko lotura zuzena; oñatiarrentzat, gainera, herriak dituen bi irteeretako bat da, errepidea baita bertara joateko eta bertatik irteteko modu bakarra; trena dago Legazpin.

Hainbat kaltetu utzi ditu errepide mozketak, bi herriotako bizilagunak gehienak, jende askok zeharkatzen duelako Udana egunero; beste askok tarteka erabiltzen dute errepide hori. Aldundiaren erabakiak haserrea eragin du bi herriotan, eta, are gehiago, “bakartze eta utzikeria sentsazioa” eragin du Oñatin.

Bide alternatiboa

Lana, ikasketak —Oñatin dago Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Zientzietako fakultatea— eta bestelakoak direla tarteko, herritar asko ibiltzen da egunero mendatean gora eta behera. Moztuta dagoen errepide zatia igaro eta baserri bideak erabiltzeko baimena dute Olabarrieta auzoko biztanleek, eta, Udana itxita, Deskargatik ibiltzeko alternatiba ere eman zaie gidariei. Baina, Udanatik barrena, hamabi kilometrokoa da Legazpi eta Oñati arteko bidea, eta 25 bat minutu behar izaten da toki batetik bestera joateko. Deskargatik joanda, berriz, 28 kilometro pasa dira eta ordu erdi baino gehiago behar da bidaia egiteko. Eta alde hori areagotu egiten da auto ilarak sortzen direnean.

Bi herriotako udalek uztailaren erdialdean jaso zuten itxieraren berri, eta kalteen aurrean eta kaltetuen eskaerei erantzuteko orduan erabakiak hartzeko ia tarterik ez dutela izan adierazi dute. Oñatiko alkate Izaro Elorzak azaldu duenez, “hein batean, oñatiar guztiak” dira kaltetuak, Udana egunero zeharkatzen dutenak batez ere. “Autoan doazenak, batetik, eta garraio publikoa erabiltzen dutenak, bereziki. Eta, noski, kaltetu nagusien artean daude Olabarrietako bizilagunak, enpresak eta bertako langileak”.

Koldobike Olabide alkateak azaldu du Udana mozteak legazpiarrengan ere eragina izan duela. “Baina autorik ez dutenengan batez ere, izan ikasleak, langileak edo Oñatin familia dutenak. Garraio publikoa erabiltzen dutenei egin die kalterik handiena”. Autoa dutenek nolabaiteko alternatiba bat badutela gaineratu du Legazpiko alkateak. “Bergaratik joan daitezke, eta ez da hainbesteko itzulia. Asko aurreratu da Deskargako autobidearekin”.

Gidariak, ordea, ez dira iritzi berekoak. Oñatiko San Martin egoitzan lan egiten du Mari Martinez oñatiarrak, baina Brinkolan bizi da, Udanatik oso gertu. Martinezi “ikaragarri luzea” iruditzen zaio lantokira joateko egin beharreko bidea; haserre dago. “Egunero 15-20 minutu gehiago behar izaten ditut orain lanera joateko. Askotan, gainera, bi aldiz joan behar izaten dut Oñatira. Pentsa zenbat denbora galtzen dudan bidean, eta zenbateko kostu ekonomikoa duen horrek, gainera”.

Antzeko iritzia dauka Jose Mari Beitia oñatiarrak ere. Legazpin egiten du lan hark, Ulma lantegian. “Endredo bat da. Normalean baino lehenago atera beharra daukat etxetik, gero beranduago iristen naiz etxera, trafiko handia dago… Eta lau hilabete horrela!”. Beitiak uste du lanak egiteko tartea luzeegia dela. “Eta aipatu dutenez, ez dute baliatuko aukera errepideko asfaltoa berritzeko, luiziak izaten diren guneak indartzeko edo behera erortzen ari den zatia konpontzeko. Laster gara berriz ere lanekin!”.

Beitiak uste du Oñati “utzita” daukatela, “Gipuzkoaren punta batean gaude, Donostiatik urruti, eta nabaritu egiten da hori. Gurea herri handi bat da; industria asko duena, gainera; orduan, nola egon daiteke hain errepide eskasekin?”, salatu du. “Udana itxita, San Prudentziokoa da orain Oñatitik irteteko bide bakarra. Istripuren bat izaten bada, bakartuta geratuko gara”.

Garraio arazoa konponduta

Garraio publikoan ere izan du eragina Udana ixteak. Obrak hastearekin bat, Legazpi eta Oñati arteko zuzeneko zerbitzua kendu egin zuen aldundiak, eta bidaiatzeko hiru autobus erabiltzea eskaini zuen alternatiba gisa: Legazpitik Zumarragara, lehena; Zumarragatik Bergarako San Prudentzioko bidegurutzera, bigarrena; eta handik Oñatira, hirugarrena. Ia bi ordukoa bihurtu zen Udanatik ordu erdian egiten zen bidaia.

Bidaiarien kexa ugari jaso zuten bi udalek. Elorzak azaldu duenez, “hasieratik” ikusi zuten aldundiaren alternatiba ez zela egokiena. “Ez zen errealista”. Zuzeneko autobus zerbitzu berezi bat jarri zuten azkenean, Udanatik eta Olabarrietako baserri bideetatik barrena ibiltzeko baimena duen mikrobus bat. “Lurraldebusek zerbitzu hori ezin zuen egin bere autobus handiekin, eta ez zegoen denborarik kontratazio berezi bat egiteko”, azaldu du Olabidek. Duela gutxi, Zumarragaraino luzatu dute behin-behineko linea hori; Goierri Bus eta Apaolaza konpainietako bi mikrobusek egiten dute bide hori.

Duela hilabete eta erdi hasi ziren obrak, eta Udanatik joan-etorrian ibiltzen zirenei oraindik ez zaie baretu haserrea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.