Herritarrek irauliko dutelako zaintza

Herritarrek irauliko dutelako zaintza

Aitziber Arzallus

Silvia Carrizo eta Xanti Ugarte. Emakumea eta etorkina da bata; gizonezkoa eta euskal herritarra bestea. Bi muturretan egon zitezkeen, baina borroka berak batu ditu: zaintza sistema iraultzeko beharrak, hain zuzen. Carrizok eta Ugartek Irauli Zaintza plataforma sortu dute Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako beste hainbat lagunekin batera.

Zaintza sistema aldatzeko borrokak berritik gutxi du Carrizorentzat. Zaintza lanez arduratzen diren emakume etorkinen ahotik ederki ezagutzen du auzia, eta dozenatik gora urte daramatza haien lan eta bizi baldintzak hobetzeko ahaleginak egiten. Emakume etorkinei harrera egiteko Malen Etxearen sortzaileetako bat da, esaterako. “Hango eta hemengo ateak jo ditugu, eta eztarriak urratu arte errepikatu dugu onartezina dela emakume horiek jasaten duten egoera”, azaldu du Carrizok. Etxeko emakume egoiliarrena “lan esklaboa” dela dio. “Lan egiteko bizi dira, egunean 24 orduko eta urtean 365 eguneko lanaldiekin, atsedenik gabe, eskubiderik gabe eta erabat kontratatzailearen mende”. Halako lan jardunak legez kanpokoak izanagatik, horretara kondenatuta daudela dio, txiroak, emakumeak eta etorkinak direlako. “Eta erakundeek ezkutatu egiten dituzte, ezkutuko ekonomia horren gainean eraikita dagoelako egungo zaintza sistema”. Plataformaren kalkuluen arabera, Urola Kostako herrietan hirurehun bat emakume migratzaile daude egoera horretan.

Diskurtso horrek, baina, orain artean ez du eraginik izan herritarrengan eta erakundeengan, “emakume etorkinen arazoa bakarrik” zelako. Baina Irauli Zaintza plataforma ez dute sortu etxeko lanetan aritzen diren emakume etorkinek. “Hori da berrikuntza, arazoari beste ikuspuntu batetik helduko diogula”, azaldu du Carrizok. Izan ere, adineko herritarrek osatu dute plataforma, eta Ugarte da horietako bat. “Egoista izanda, adinean aurrera goazen gehienoi gertatzen zaigun bezala, ni ere kezkatu egiten nau nire geroak. Gu ez gaituzte seme-alabek zainduko, eta oraingo sistema ez zaigu gustatzen. Jada kontua ez da emakume etorkinen arazoa, hemengo herritarrona baizik, ez daukagulako kalitatezko zaintza jasoko dugun bermerik”.

Ugarte jakitun da zaintzaren gaia ez dela gai gozoa. Haren esanetan, familietan eta lagun artean ez da zaintzaz hitz egiten, eta beharra sortzen denean “etxean” egiten zaio aurre arazoari. “Erabat galduta sentitzen dira familiak, nora jo ez dakitela”. Eta ekonomiari dagokionez ere, familia guztiek ez dute izaten zaintzaile bat hartzeko baliabiderik, “eta erakundeetatik ere ez zaie iristen laguntzarik. Huskeria baten truke 24 orduz lan egiteko prest dauden emakume etorkin bat hartzea da geratzen zaien bide bakarra”, zehaztu du Carrizok. “Familiek ez dute errurik; sistemak behartzen ditu horretara”.

Hori guztia azaleratu nahi du plataformak, “ukaezina den egia” herritarren eta udalen begien aurrean jartzeko. “Hori onartzea da lehenengo lana, eta gero topatuko ditugu baliabideak”. Horretarako, zaintzaz arduratzen diren langileen lan baldintzei lotutako oinarrizko eskaera batzuk helarazi dizkiete Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako udalei. “Gutxienekoak” direla zehaztu du Carrizok. “Lotsagarria iruditzen zaigu gutxieneko soldata bermatzea eskatu beharra”. Ugartek gaineratu du ez dutela nahi eskumenei buruzko eztabaidetan indarrak galtzerik. “Gauza egingarriak eskatu ditugu, hemen egin daitezkeenak”.

Plataforma indartuz joatea da asmoa, “herri bakoitzean adineko lagun talde bat elkartzea, eta etxeko langileekin harremanetan jartzea”, azaldu du Ugartek. Bi bide daude plataformako kide egiteko edo informazioa jasotzeko: iraulizaintza@gmail.com helbidea eta 633-55 07 29 telefono zenbakia. “Gipuzkoako edozein lekutara azalpenak ematera joateko prest gaude”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.