Larrialdiak, larrialdietarako

Eider Goenaga Lizaso

Astelehena da, urriaren 28a. 10:00ak. Astelehenetan artatzen dute jende gehien Donostia ospitaleko larrialdi zerbitzuetan. Egunez egun ateratzen dituzte datuak, eta goraldirik handienak, normalki, astelehenetan dira. Egunean, batez beste, 240 lagun artatzen dituzte, baina 300 paziente hartzen dituzten egunak ere badira; azken urteetako kopururik handiena 2018ko urtarrilaren 2an izan zen: 360 lagun. Astelehen honetan, berriz, 290 lagun igaro ziren larrialdietatik.

Anbulantziak eta taxiak txandakatzen dira Larrialdietako sarreran; 112tik bidalitako pazienteak dira batzuk, baina larrialdietan artatzen dituztenen erdiak baino gehiago euren kabuz joaten direla dio Arantza Aguillo Larrialdietako zerbitzuburuak.

Sarreran, anbulantzietako langileen kolore biziak ematen du atentzioa. Triaje gela deitzen diotenaren kanpoan daude zain, bakoitza ohatilan etzandako paziente batekin: arnasteko arazoak ditu emakume batek; aieneka ari da, aldamenean, sufrimendu aurpegia duen gizon bat; hirugarrenak botika zainetik sartzeko tramankulua darama besoari lotuta. Hiru horiek anbulantzian igo dituzte ospitalera; bakarrik daude, senideek ezin dutelako anbulantzian joan. Euren kabuz joandakoak beste lauzpabost dira, eta gehienek norbaitek lagunduta egiten dute itxaronaldia, zutik.

“Triaje gelan, mediku batek lehen azterketa bat egin, eta patologiaren arabera sailkatzen ditu gaixoak”, azaldu du Hur Lertxundi medikuak: “A gunean, patologia medikoagoak artatzen dira, pattal samar edo larri daudenak. Behaketa gunea ere A-koek eramaten dute. B gunean daude traumatologia, urologia, otorrinoa… Suspertze gela ere bai. Azkenik, gaixo arinak daude C gunean. Guk beti esaten dugu C guneak ez lukeela existitu behar; salbuespenak salbuespen, gehienak EAG Etengabeko Arreta Guneetan artatzeko modukoak dira”.

Normalki, osasun langile bakoitzak gune bakarrean egiten du bere txanda, nahiz eta badauden mugitzea eragiten duten egoerak. Guardia bakoitzean bina mediku egoten dira B eta C sailetan, eta hiru edo lau mediku A sailean. Erizainek eta laguntzaileek osatzen dute txanda. Hamabi orduko guardiak egiten dituzte medikuek; erizainek eta laguntzaileek, zortzikoak.

Larrialdietan, guztira, 40 mediku, 80 erizain eta 50 bat laguntzaile aritzen dira lanean. Baina Donostiakoa ospitale unibertsitarioa denez, mediku egoiliarrak ere aritzen dira lanean. Lau urte egiten dituzte egoiliar gisa. “Kasu arinenekin hasi, eta pixkanaka joaten dira kasu larriagoak ikusten eta pazienteak bakarrik artatzen. Laugarren urtean ia-ia euren kabuz aritzen dira, eta zalantza kasuetan galdetzen digute guri”.

Kardiobertsio bat

11:00k dira, eta kardiobertsio programatu bat egin behar diote bezperan arritmiarekin iritsitako paziente bati. Ez dute lortu botikekin egonkortzea, eta suspertze gelara daramate. Bihotza geldituta edo suspertze beharrean iristen diren gaixoak artatzen dituzte hor; hiru ohatila daude, eta bakoitzaren ondoan daude bihotzaren erritmoa neurtzeko makinak, arnasketa artifizialekoak, desfibrilagailuak… “Filmetan agertzen diren palak jada ez ditugu ia erabiltzen: itsasgarriekin egiten da. Erosoagoa da, eta eskuak libre uzten dizkigu”, dio Lertxundik.

Bi mediku, egoiliar bat, erizaina eta laguntzailea daude gelan. Pazienteari propofola sartu diote zainean, lokartzeko. Pi, pi, pi… bihotzaren erritmoa entzuten da. “Ez da erritmo normala, konturatu zara?”, galdetu du medikuak. Kazetariaren ohitu gabeko belarriek ez dute ezer antzematen. Lokartu denean, laguntzaileak kardiobertsioaren pausoen eta erabili beharreko tresneriaren errepasoa egin du. Martxan jarri dute desfibrilagailua. Bionboaren beste aldetik argi entzun da kolpea, eta bat-batean esnatu egin da neska. Lasaitu dute: “Ez da ezer gertatzen, dena ondo dago”. Pi, pi, pi, pi, pi… entzun da berriro. “Entzun. Lortu dute erritmoa egonkortzea”, azaldu du Lertxundik. Trebatu gabeko belarrientzat, ezberdintasunik ez.

Suspertze gelako korridore berean daude B guneko box-ak. Ate batekin elkarri komunikatutako gelak dira. Mahai bat, ordenagailu bat, ohatila eta pazienteak artatzeko tresneria daude boxetan. Box guztiak ezberdinak dira, espezializazio jakin bati lotutako tresneriarekin. “Ezinezkoa da box guztietan tresneria guztia jartzea, eta, normalki, beharren arabera, box batera edo bestera eramaten ditugu gaixoak; behar bada, tresneria ere mugitzen da”. Emaitzen zain dauden gaixoentzako itxarongela handi bat dago B gunean. A gunean, berriz, boxez gain, gortinetan ere artatzen dituzte gaixoak, eta behaketan ere gortinetan daude gaixoak.

Paziente asaldatuentzako box bereziak ere badaude: tresneriarik ez dago, eta pazientea lotzeko uhalak ditu ohatilak. “Ez dago inor zauritzeko moduko ezer; ez pazienteak bere burua, ez beste inor. Asaldatuen kasuan, gero eta gehiago saiatzen gara ez lotzen, pazientea lasaitzen. Baina batzuetan ezinbestekoa da lotzea”. C guneko asaldatuentzako gelan, medikuak beste ate bat du bizkarrean, hala behar bada ihes egiteko. “Eta ordenagailuetan ere badugu botoi bat, egoera itsusi jartzen bada segurtasunekoei deitzeko”. Intoxikatuak eta patologia psikiatrikoak dituztenak izan ohi dira paziente asaldatuak.

Gripea eta uda

Donostia ospitalean jada hasi dira lehen gripe kasuak ikusten. “Paziente kopuruaren aldetik, guretzat bi garai izaten dira txarrenak. Batetik, uda, kanpotar asko dagoelako eta istripu gehiago gertatzen direlako. Bestetik, gripe garaia. Gero eta goizago hasten da, eta martxo arte irauten du”, azaldu du Aguillok. Aurtengo abuztuan 255ekoa izan zen eguneko batezbestekoa; urrian, berriz, hilaren 28 arteko datuetan, 245ekoa zen batezbestekoa, berez hilabete “lasaiagoa” behar lukeen arren. “Dena den, Larrialdietan ez dago egun lasairik, eta ezin da ezer aurreikusi”, dio Lertxundik.

Hainbat faktorek eragin dezakete egun bat “lasaixeagoa” izatea edo ez. Batetik, paziente kopuruak; bestetik, pazienteek behar duten arreta motak. Izan ere, urriaren 1ean 257 lagun artatu zituzten; batezbestekotik gertu. Baina egun horretan bederatzi lagunek behar izan zuten suspertzea, eta hiru paziente asaldatu artatu zituzten. Eta, kasu horietan, pazientearen arta ezin du pertsona bakarrak egin: “Lotu beharrekoen kasuan, gutxienez bi mediku, erizain edo laguntzailek egon behar dute harekin, eta inguruan egoten dira segurtasunekoak, eta batzuetan baita ertzainak ere”. Suspertzeak ere taldean egiten dituzte. “Eta, hemen, pertsonal baliabideak berdinak dira txanda guztietan; toki batean zerbitzua indartzeko, beste toki batetik kendu behar da”, azaldu du Aguillok.

Erabilera desegokia

Larrialdietako instalazioak txiki gelditu zaizkiela azaldu du Aguillok, baina zerbitzuaren funtzionamenduarekin, langile kopuru aldetik eta langile taldearen egonkortasunaren ikuspegitik, ondo ari direla dio: “Langileria nahiko finkoa izaten da hemen. Larrialdietako pertsonalak badu pasta edo bokazio berezi bat: hemen dagoena hemen egon nahi duelako dago”. Lertxundik baietz egin du buruarekin. “Oso gogorra da hemengo martxa, larritasun uneak asko izaten dira, eta, bokazio hori gabe, zaila litzateke hemen eustea”. Lankideen arteko giroa ere berezia dela diote biek.

Larrialdi zerbitzuen “erabilera desegokia” da bai zerbitzuburua eta bai medikua kezkatzen dituen kontuetako bat. “Pedagogia egin behar da. Ospitale tertziario bat da hau, eta horrek esan nahi du larrialdi mota batzuk artatu behar direla hemen. Konplikaziorik gabeko gripe batekin datorrena, adibidez, etxera bidali beharko genuke. Eta jende askorekin gabiltzanean, hala egiten dugu. Berez, hona etortzea ez litzateke aukera bat izan behar”, esan du Aguillok. “Ez dugu, agian, zuzenean bidaltzen”, gehitu du Lertxundik, “baina esaten diogu, berea kasu arina denez, asko itxaron beharko duela, eta hobe duela bere eskualdeko EAGra joatea. 24 orduz daude zabalik, eta kasu arinagoetarako prestatuta daude; guk hemen egingo diegun gauza bera egiten diete pazienteei”.

Larrialdiak kolapsatzeko arriskua sortzen dute beharrik gabe ospitalera joaten direnek, eta horrek behar eta larritasun handiagoa dutenen artari eragiten diola dio Aguillok. “Horregatik, norbaitek zalantza badu, onena 112ra deitzea da; han esango diote ospitalera edo EAGra joan behar duen. Edo zuzenean EAGra joan dadila, eta ospitalera joateko modukoa bada, segituan esango diote igotzeko”.

14:00ak dira. Larrialdietako korridore nahasmen horretan lau ordu igaro ostean, eta asaldura handiko unerik pasatu gabe, ondorioztatu daiteke filmetako larrialdiek eta Donostia ospitaleko Larrialdi Zerbitzuek ez dutela antza handirik. “Egia esan, egun lasaia tokatu zaizu azkenean”. Eguna amaitzerako, kontrakoa diote datuek.

Larrialdietatik irten baino lehen, ohatila batean daramaten gizonari begiratu, eta hortxe dago goizean aieneka zebilen gizona. “Koliko bat zen”. Beste aurpegi bat du, irribarrea ere bai ezpainetan. Larrialdietan gorabeherak izaten dituzte, une txarrak ere asko, eta dena ez da ondo bukatzen. Pazientea horrela ateratzen ikusteak merezi du esfortzua.