Musikaren kolore guztiekin

Musikaren kolore guztiekin

Unai Zubeldia

Publiko gisa bila ibilita ere aurkitu ezinik zebilen formatua sortzea erabaki zuen iaz Ernesto Toledo Hondarribiko Amua zinema eta musika festibalaren arduradunak. “Ez nuen antolatu nahi kontzertu soil bat; musikaren inguruan hamaika jarduera sortzea zen erronka”. Toledok argi zeukan egitura horretan musikak egingo zuela zubi lana. “Eta garrantzi berezia eman nahi nion arlo didaktikoari ere”. Besteak beste, Joseina Etxeberria Euskadi Irratiko esatariak zuzeneko irrati saio bat eskaini zuen iazko azaroan, Amua festibalaren lehen aldian. “Eta irratia barrutik nolakoa den azaldu zigun”.

Ordutik, beste bi pauso eman ditu festibalak, “kontzertuen eta arlo didaktikoaren artean oreka bilatu nahian”. Martxoaren 23an antolatu zuten 2019ko lehen jaialdia, Elvis bizi da! lelopean; Elvis Presleyren irudiari eta haren imitatzaileei eskaini zieten programazioa. Eta ekainaren 1ean antolatu zuten bigarrena, Kataluniako runbari buruzkoa —jaiotzez kataluniarra da Toledo—. “Jendeak, askotan, Andaluziarekin lotzen du musika estilo hori, baina Bartzelonako kaleetan sortutakoa da”.

Urteko hirugarren Amua eta ibilbideko laugarrena izango da, beraz, gaur-biharretan egingo dutena. “Urteko festibalik kulturalena izango da, bi egunetan binilo diskoen azoka bat ere egingo baitugu tartean. Gazteenek ez dakite biniloen kontu hori zer den, eta ea, pixkanaka, haiengana ere gerturatzen dugun”. Gaur aurkeztuko dute jaialdia, 17:00etan, Itsas Etxea auditoriumean, eta jarraian ekingo diote Kimuak, Ebrocorto eta Zinegoak sailetako film laburren proiekzioari. “Musikarekin lotura daukaten bizpahiru film labur aukeratu ditu bakoitzak. Eta luxua izango da, hiru sail horietako zuzendariak gurean izango baititugu”. Itsas Etxea auditoriuma, Uxoa taberna eta San Pedro kalea bihurtuko dituzte festibaleko agertoki, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko. “Erakunde publikoen laguntza jasotzen dugunez, herritarrei doan eskaini behar zaie proposamena. Ezin dugu jaso Hondarribiko Udalaren eta aldundiaren laguntza, eta ondoren sarrera kobratzen hasi. Bestelakoa da festibal honen filosofia”.

Irrati saioa berriz ere

Iazko lehen jaialdiaren espirituari eutsita, aurten ere izango da zuzeneko irrati emanaldi bat: Espainiako Radio 3 katearen El séptimo vicio, hain zuzen ere. “Ez dakit ziur zergatik, baina ezinezkoa izan da Euskadi Irratia ekartzea. Pena izan da, baina ezinezkoak ziren baldintzak jarri dizkigute. Eta EITB Musikarekin ere saiatu gara, baina ezinezkoa izan da hori ere. Horregatik aukeratu dugu, azkenean, Radio 3”. Eguna amaitzeko, berriz, Shakin’ Piñas DJ seta jarriko dute, 23:00etan, Uxoa tabernan.

Bete-betea dator festibalaren lehen eguna, eta parekoa izango da biharkoa ere. Antolatzaileek, besteak beste, omenaldi txiki bat egin nahi izan diote Iñigo Muguruzari —joan den irailaren 5ean hil zen, gaixotasun luze baten ondoren—. “Bideo bat proiektatuko dugu omenaldi gisa, Ane Odriozolarekin batera egindako bere azken bideoklipetako bat ere ikusi ahal izango da, eta, azkenik, Indidxabak taldeak bi abesti eskainiko ditu; amaieran, hitz batzuk ere egingo dituzte taldeko kideek. Ziurrenik, hori izango da festibaleko momenturik hunkigarriena”. Ane Odriozolak, Ana Aynetok, Helena Benetek eta Ainara Calderonek osatutako rock taldea da Indidxabak.

Muguruzaren omenaldiaren atarian, 18:00etan, 80ko hamarkadako bideoklipen maratoia egingo dute bihar. “Egia esan, ia zoratu naiz bideoklip horien egile eskubideekin. Gaur egun inork ez du antolatzen bideoklipen maratoirik, eta ez da erraza izan. Baina, tira, ia oharkabean, berritasun hori ere izango du festibalak”. Zine pantailan proiektatuko dituzte bideoklipak, 11 guztira.

Toledok azpimarratu duenez, aurten garrantzi berezia eman nahi izan diete Hondarribiko musika bandei. “Psilocybe kolektiboari, batez ere. Hamarkada askoan, herri honetako eta Bidasoko musikaren motor izan da Psilocybe”. Alde horretatik, Indidxabak taldearekin batera, The Arritmicks, Marmoka eta Scooby Banden emanaldiak izango dira bihar. Eta iluntzean, gaur Shakin’ Piñas DJ setak egingo duen moduan, bihar Amua DJ seta antolatuko dute Uxoa tabernan.

2020rako, aldaketak

Prestatu dutenarekin “gustura eta harro” dago Toledo, baina onartu du zer edo zer bidean gelditu zaiela. “Iaz bezala, aurten ere gurean izatekoa zen Go!azen telesaila, lehen kapituluaren aurrestreinaldiarekin, baina babesle berriak ditu produktoreak; umeei ere eskaini nahi genien euren txokoa, baina ezinezkoa izan da azkenean”.

Festibalaren antolatzaileak emandako datuen arabera, iaz, lehen jaialdian, 2.500 lagun joan ziren Itsas Etxea auditoriumera. “Eta, joan den martxoan ere, Elvisen omenezkoan, jende asko gelditu zen kanpoan, sartu ezinik. Laurehun lagunentzako lekua dago auditoriumean, eta ezinezkoa izan zen denei lekua egitea”. Runbari buruzkoan, berriz, oihartzuna lortu arren “nahi baino jende gutxiago” inguratu zela onartu du Toledok. Jaialdi berean Marmoka, Iñigo Muguruzaren omenaldia eta bideoklipen maratoia elkartuta, aurten “erantzun ona” espero dute antolatzaileek.

Festibal bakarra antolatu zuten iaz, hiru izango dira aurten, eta dagoeneko prest daukate hurrengo urterako egitura. “Hondarribiko Udalaren baiezkoa lortuta, hiru egunetan egingo dugu festibala, urriaren 1ean, 2an eta 3an: Michel Gondry edo beste zuzendariren bati lotuta, bideoklipen maratoi bat izango dugu batetik; musikarekin zerikusia daukaten film laburren eta bideoklipen nazioarteko lehen jaialdia ere antolatuko dugu bestetik, sari eta guzti; eta baita disko biniloen eta musika liburuen azoka eta kontzertuak ere”. Aurrerantzean, Donostiako Dock of The Bay jaialdiarekin, Radio 3 irratiarekin eta Euskal Filmategiarekin elkarlanean ariko da Amua jaialdia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.