Hari bereko katebegi bat gehiago

Hari bereko katebegi bat gehiago

Irati Saizar Artola

Haurrak abesten jarri ditu Juantxo Zeberio musikagile tolosarrak, eta Xomorroak izeneko diskoan bildu ditu haien ahotsak. Urriaren 28an aurkeztu zuten diskoa, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Donostiako Orfeoi Txikiko eta Orfeoi Gazteko ahotsak dira protagonista nagusiak. Aurretik egin bezala, Zeberiok abesbatzekin lan egin du oraingoan ere, baina haurrekin. Aurrez helduekin eginak ditu Umama!!, Umama 2 eta Eguberri Umama diskoak. Abesbatzaren eta jazz laukote baten arteko elkarrizketatik sortuak dira horiek guztiak: “Ibilbide horretako laugarrena da hau, erabat haurrekin egindakoa”, azaldu du Zeberiok berak.

Ez da haurrekin aritu den lehen aldia, ordea. “Nire haurrak ikastolako abesbatzan ibiltzen ziren gazteagoak zirenean, eta kantu batzuk egin izan dizkiet, plazer hutsez kantatzeko modukoak”. Ez du itxitzat eman nahi etxeko haurren haurtzaro fasea. “Baina garai hartan egindako abestiak batu, begizta polit bat jarri, eta disko batean bildu nahi izan ditut”.

11 abesti bildu ditu Xomorroak diskoan. Tartean, Zeberiok berak konposatutako hainbat. Baina zenbait abestiren moldaketak ere sartu ditu: Eñaut Elorrietaren Gernika eta Ilargia, Zea Maysen Negua joan da ta edota Niko Etxarten Euskal Rock N’Roll. Diskoari forma emate aldera, hari orkestra berarekin lotu ditu abesti guztiak: Et Incarnatus orkestra izan du bidelagun. “Moldaketak egin dizkiet orkestrarik ez zeukaten abestiei, diskoa homogeneoa izatea nahi nuelako; instrumentazio berdina izan zezan nahi nuen”.

Orkestraz gain, hainbat musikarik ere hartu dute parte: Itxaso Etxebeste aritu da baxuan; bateriarekin, Antton Telleria; eta, pianoarekin, Zeberio bera. “Oinarrizko egitura osatu dute baxuak, bateriak eta pianoak, eta, ondoren, kanpoko berniza emateko baliatu ditugu saxoa eta flauta. Gorka Benitez eta Jon Arruebarrena aritu dira horretan”. Beste musikari “jazzeroago” batzuek ere izan dute beren lekua: kontrabaxuarekin aritu da Amaiur Cajaraville, eta bateriarekin Asier Oleaga. Karlos Linazasoro idazlearen letrak dauzkate Zeberiok berak konposatu dituen ia abesti guztiek. Bakarrak ez dauka: Sehaska kanta abestiari Leire Bilbao idazleak egin dio testua.

Linazasorok idatzitako kantu baten izenburutik dator diskoaren izena: Xomorroak. Alberto Letamendi artistaren koadro bat da diskoaren azala, eta hark ere badu zerikusirik izenarekin: “Jende multzo bat ageri da goitik begiratuta; urrunetik begiratuta, ordea, zomorroak dirudite. Metafora polita iruditu zitzaidan, haurrei ere askotan deitzen baitiegu zomorroak; eta, era berean, goitik begiratuta, gu guztiok ere bagara zomorroak”.

Ez haur bat eta ez bi, Orfeoi Txikiko zein Orfeoi Gazteko haur guztiak jarri ditu martxan Zeberiok. Etorkizuna eurena dela azaldu du, eta, hori dela-eta, “ardura” sentitzen duela. “Guk asko jaso genuen gure aurrekoengandik, eta, orain, guri dagokigu atzetik datozenei ematea”.

Zeberiorentzat, “zoragarria” da haurrekin lan egitea: “Baina, era berean, konplikatua ere bada; etxean haurrak dauzkanak badaki zer den haurrekin lan egitea”. Txikienen “inozentzia” miresten du Zeberiok. “Badute guk ez daukagun gauza bat: haurrek segituan hartzen dituzte guk ilusioarekin eta pasioarekin egiten ditugun gauzak; zoragarria da haurrek duten ikasteko gaitasuna”.

Hiriburuetan kontzertuak

Haurrekin egindako disko bat izan arren, ez dela haurrentzako soilik gogorarazi du Zeberiok. “Guztiek entzuteko moduko diskoa da”. Haurrek abesteko moduko kantuak prestatu ditu musikagileak, baina guztientzako dira. “Kantu deskribatzaileak nahi dituzte haurrek, eta kantuetan sinpletasuna bilatzea gustatzen zait niri ere, baina ez sinplekeria”.

Behin Xomorroak diskoa kaleratuta, proiektuarekin aurrera jarraitu nahi luke Zeberiok. Euskal Herriko zazpi probintzietako hiriburuetan zuzeneko kontzertuak eskaintzea da asmoa, “izugarrizko energia sortzen delako oholtzan”. Berezitasun gisa, probintzia horretako abesbatzak erabili nahi ditu hiriburu bakoitzean. Datorren urtean hasiko dira proiektua bideratzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.