Tolosan ere badaude izarrak

Unai Zubeldia

Aurkaria mendean hartuko balu, aurrera egitea lortuko balu… Tolosa futbol taldeko jokalariak eta entrenatzailea baldintzazko esaldi guztiei ihes egin nahian dabiltza azken asteotan, baina, nahi gabe ere, “Pontellas” besterik ez dute entzuten batean eta bestean. Espainiako Hirugarren Mailako lehen multzoko taldea da Pontellas, Porriñokoa (Galizia), eta, Tolosaren gisan, historiako balentriarik handienetakoa egiteko aukera dauka hurrengo asteazkenean.

Izan ere, sasoi honetan lehiaketaren egitura aldatuta, Tolosak eta Pontellasek Espainiako Kopako atariko kanporaketa jokatuko dute Tolosako Berazubi futbol zelaian, 19:00etan, eta irabazlea Europako lehiaketaren bat jokatzen ari ez den Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka ariko da hurrengo kanporaketan, abenduaren 18an. Hurrengo astean aurrera eginez gero, Berazubin bertan jokatuko lukete kanporaketa hori, eta balizko aurkarien artean leudeke Reala eta Eibar, Espainiako Lehen Mailan ari diren Gipuzkoako bi taldeak; baita Athletic, Alaves eta Osasuna ere.

Urriaren 16an egin zuten zozketa. “Eta egia da egun horretan oihartzun handi samarra izan zuela albisteak”, aitortu du Ander Avellanedak, Tolosa futbol taldeko entrenatzaileak. Partida etxean jokatzea, hori besterik ez zuen nahi tolosarrak, eta, alde horretatik, “oso balekoa” izan zen zozketaren emaitza. Aurkaria aztertzen hasita dago, jada, Tolosako entrenatzailea. “Ikusi ditugu partida batzuk, eta baloia jokatzeko joera izaten dute Galiziako ligako taldeek. Ez da izaten hainbeste kontaktu eta oldarkortasun. Hori guztia aintzat hartuta, guretzat ona da horrelako talde baten aurka jokatzea”. Hori bai, azken denboraldietan Hirugarren Mailako taldeen igoerak-eta kontuan hartuta, Avellanedak azaldu du Galiziako eta Euskal Herriko taldeak izaten direla, normalean, indartsuenak. “Eta ez da kanporaketa erraza izango”.

Pontellasek 2-0 galdu zuen joan den asteburuan Somozasen zelaian, eta 14. postuan dago sailkapenean, 12 punturekin, jaitsiera postuetatik bi puntura. Tolosak, berriz, hiru porroten ondoren —Portugalete (0-3), Santutxu (4-0) eta Vitoriaren aurka (0-4)—, 0-2 hartu zuen mendean Pasaia joan den ostiralean, eta 11. postuan daude gipuzkoarrak, 15 punturekin. “Garrantzitsua zen bolada txar hori nolabait etetea, eta lortu genuen, zorionez. Lehen zatian sartu genuen lehen gola, eta eurite handia hasi zuen gero. Putzuz bete zen zelaia, eta zaila izan zen jokaldiak lotzea; eroso aritu ginen”. Denboraldi honetan “mailari eustea” besterik ez dauka buruan Tolosak. “Argi dago bi liga daudela liga bakarrean. Gainerakoak baino indartsuagoak dira zortzi-bederatzi talde. Hortik atzerakoa da gure liga. Guretzat final baten parekoa izango da partida bakoitza”.

Hasi da mugimendua

Unai Etxeberria Tolosako jokalariak aitortu du “oso hilabete bereziak” izaten ari direla azken hauek, joan den denboraldiaren amaieran Espainiako Hirugarren Mailara igotzea lortu zuelako taldeak, eta Koparen saria iritsi delako jarraian. Tolosak, Urdulizek eta Ariznabarrak hiruko kanporaketa bat jokatu zuten ekainean, Euskadiko Federazioaren izenean Kopan hiru taldeetako zein ariko zen zehazteko, eta tolosarrak nagusitu ziren azkenean. Azken langa igarotzea bakarrik falta zaie orain sari handia lortzeko. “Galtzeko ezer askorik gabe jokatu genuen kanporaketa, ahal zen mailarik onena emateko erronkarekin, eta ondo atera zen dena”. Eta egun batzuk falta diren arren, Etxeberriak onartu du jada nabaritzen ari direla inguruan mugimendua sortzen ari dela.

Hori bai, oinak lurrean dauzka Mario Zubelzu taldeko kapitainak. “Goiz da oraindik. Ligako partida bat daukagu Pontellasen aurka jokatu aurretik”. Bihar, Reala C-ren aurka, 16:30ean, Berazubin. “Baina ilusioz gainezka gaude. Badakigu partida gogorra izango dela Kopakoa, baina dena emango dugu eta ea aurrera egiteko aukera daukagun; handia litzateke”.

1922an sortu zen Tolosa futbol kluba, eta Espainiako Bigarren B Mailan ekin zion bideari. Hirugarren Mailan aritu zen 1930-1931n eta 1932-1933an, eta horixe izan da taldearen langa ordutik. “Horregatik litzateke hain berezia Lehen Mailako talde baten aurka partida ofizial bat jokatzea”, aitortu du Avellanedak. “Denboraldi-aurreko lagunartekoren bat jokatu izan dugu talde indartsu baten aurka; Realaren aurka, adibidez. Baina beste gauza bat litzateke hau”. Eta hitzez kontrakoa adierazi nahi badute ere, nahi gabe burua hasi da abenduaren 18ko balizko partida hori irudikatzen. “Historikoa litzateke klubarentzat. Tolosak hiru urte barru beteko ditu ehun urte, eta sari zoragarria litzateke Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea, bai jokalarientzat, bai klubarentzat eta bai herriarentzat”.

Denboraldi hasieratik lesio dezente izaten ari da Tolosa, “zortzi bat edo”, eta Pontellasen aurkako partidarako gehienak errekuperatzeko erronka dauka Avellanedak. “Aurreko denboraldian protagonista izan ziren jokalari horietako asko, eta oso garrantzitsuak dira guretzat”. Urrutira joan gabe, Iker Hernandezek min hartu zuen joan den ostiralean, Pasaiaren aurka, eta zail izango du jokatzea; erdilariak haustura txiki bat izan zuen aduktorean. Tolosak Reala C-ren aurka jokatuko du bihar, eta lau egun geroago iritsiko da jokalariengan ilusio berezia eragin duen partida, Espainiako Kopakoa. “Saria da, gozokia, eta ez dugu alferrik galdu nahi”.

Eskatzen hasita, Reala

Zaleen babesarekin Berazubi lepo beteta dela, egun bakarrerako bada ere, Espainiako Lehen Mailara bidaia egiteko erronka dauka Tolosak. Eta, berriz ere baldintzazko esaldiei tokia eginda, gero zer? Burua martxan hasi da berriz ere. “Eskatzen hasita, euskal talde baten aurka jokatzea gustatuko litzaidake niri”, aitortu du Avellanedak. “Realaren aurka jokatu nahiko nuke; zoragarria litzateke. Oso polita litzateke Olentzeroren oparia abenduaren 18ra aurreratzea; orduan gu izango gara umeak”. Badakite Galiziatik zale dezente etortzekoak direla asteazkenean, eta etxeko zaleei ere zelaira inguratzeko eta berotasuna emateko gonbita egin diete Avellanedak, Zubelzuk eta Etxeberriak. “Sufritu egin beharko dugu sari nagusia lortzeko eta disfrutatzeko”.