Beste hauteskunde batzuk alkate bila

Beste hauteskunde batzuk alkate bila

Beñat Alberdi

Azken urtebetean ez da izan hauteskunde gutxi. Espainiako politikariek akordioak lortzeko izan dituzten zailtasunengatik gertatu da hori, gehienbat; hauteskunde kopurua ugaritu egin du horrek: apirilaren 28an, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak izan ziren; maiatzaren 26an, udal eta foru hauteskundeak eta Europakoak; eta, joan den igandean, Espainiako Kongresurako eta Senaturakoak, berriz ere. Leintz Gatzagan, dena den, hauteskundeak izango dituzte berriro. Maiatzeko udal hauteskundeetan ez zen aurkeztu zerrendarik, eta, ondorioz, igande honetara arte atzeratu zituzten bozak. Ezohiko herri bihurtzen duten beste hainbat errealitate berezi ere baditu, gainera, Leintz Gatzagak.

Eustat Euskal Estatistika Institutuaren datuen arabera, 250 biztanle dauzka herriak, eta, hauteskunde legeak zehaztutakoaren arabera, bost ordezkari dituzte 101 eta 250 herritar arteko udalerriek. Bestalde, Leintz Gatzagan ez da alderdi politikorik aurkezten hauteskundeetara. Hautesle Elkarte bat osatzen dute herria ordezkatzeko, herritarren biltzar baten gisako egitura bat.

2015ean sartu zen elkarte horretan Juanito Bengoa egungo jarduneko alkatea eta alkategaia. Ordurako, osatuta zeukaten bost pertsonako zerrenda, baina herrian bertan jaiotako eta hazitako baten beharra ikusten zuten. Izan ere, Leintz Gatzagara bizitzera joandakoak ziren bostak.

Duela lau urte, Eneka Zancada aurkeztu zuten alkategai, eta tarte batean jardun zuen alkate karguan, lan arloko aldaketek uztera behartu zuten arte. Roberto Otazu zinegotzia zen bigarren aukera, baina hark ere uko egin zion karguari, kontziliazio eta lan arazoak zirela medio. Azkenean, Bengoak berak hartu zuen alkate kargua, iaz. “Bost zinegotzi bakarrik ditugu”, azaldu du jarduneko alkateak. “Beraz, norbaitek huts egiten badu, ez dugu ordezkorik; gaudenon artean banatu behar izaten dugu lana”.

Bengoak alkate lanetan bukatu zuen aurreko legegintzaldia, eta hurrengorako ere lanean ari da jada. Hau da, bertatik bertara bizi izan du zerrendak osatu ezineko prozesua. Berez, aurretik udalean lanean aritutako zinegotzietako inork ez zuen izenik eman nahi zerrendan. “Norbait agertuko zen esperantza geneukan”, argitu du Bengoak. “Egoerari aurre egiteko prest zegoen gazte talde bat, baina, azkenean, ez ziren aurkeztu, ez dakit zergatik”. Ez gazte talde hark eta ez beste inork ez zuen eman erreleborik.

Hautesle Elkarteak bilerak egiten ditu zerrendak osatzeko. Bertaratzeak ez du esan nahi joan den horrek zinegotzi izan nahi duenik, eta, alkategaiak jakinarazi duenez, hogei bat lagun joaten dira bilera horietara. Zinegotzi izateko pausoa ematea, hori beste kontu bat da. “Herri txikietan, zaila da aurkitzea halako lanak boluntario gisa egiteko prest dagoen jendea”, azaldu du jarduneko alkateak. Horra hor zailtasunaren beste gakoetako bat: boluntario lana. Leintz Gatzagako Udalean ez dute dirurik jasotzen egindako lanaren truk.

Pasatu ziren maiatzeko hauteskundeak, eta beste aukera bat sortu zitzaien herrian: sei hilabete geroago berriz ere hauteskundeak egitea. Bigarren ahalegin horretan ere hautagairik egon ez balitz, aldundiak hartuko zukeen kudeaketaren ardura, eta, ziurrenik, kudeatzaile bat izendatuko zuketen Leintz Gatzagarako. Egoera horren jakitun, Eugenio Otsoa eta Jon Sasiain prest agertu ziren zinegotzi lanetarako. Bengoarekin batera, hiru izen bazeuzkaten jada Hautesle Elkarterako. Beste bi falta zitzaizkien, ordea.

Hautagai bila

Eguna joan, eguna etorri, inork ez zuen ematen pausorik, eta eurak hasi ziren mugitzen gainontzeko bi hautagaien bila. Norbanakoei deitzen, bilera eskatzen eta prest egongo ote liratekeen galdezka hasi ziren. Alkategaiak azaldu duenez, zerrendak osatzeko egiten dituzten bilera horietan zuzenean ez dituzte aurkitzen zinegotzigaiak, baina jendearen jarrera nolakoa den ikusteko balio izaten dute: “Bi gaztek ez zuten eman ezezkorik”, zehaztu du Bengoak. “Eta azken unean baietz esango zuten itxaropena geneukan”. Beñat Agirreurretak eta Garazi Orobengoak maiatzean, agian, euren burua ez zuten ikusten zinegotzi karguan, baina hautagai izatea erabaki dute azkenean. Urriaren 14an amaitzen zen zerrendak aurkezteko epea, eta urriaren 13an osatu zuten.

Ez dute aurkeztu programarik. “Baina jakina da zer obra, aldaketa edo erabaki behar diren herrian”. Horrek, dena den, ez ditu libratzen herritarren kritiketatik, taldeak berak hartzen baititu hartu beharreko erabakiak. Gainerako hirurak pozik daude bi gaztek pausoa eman dutelako: “Belaunaldi berriekin errazagoa izango da hurrengo hauteskundeetan zerrendak osatzea”.

Hori bai, zerrenda bakarra aurkeztu arren, gutxiengo boto kopuru bat behar dute aurrera egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.