Entrenatzen direnak, eta ez

M. Garate

Izan du Unai Mendizabalek bertso saio jendetsuetan kantatzeko aukera. Ekitaldiren batean, jendetzaren aurrean bertsoren bat edo beste botatakoa da Eñaut Martikorena ere. Final-laurdenetan, bete-beterik zeuden aretoetan kantatu behar izan dute. Alabaina, orain, beste koska bat gora egingo du jende kopuruak, mila lagunetik gorako edukiera baitute aukeratutako pilotaleku eta kiroldegiek. Orain arte, hainbeste jenderen aurrean inoiz bertso saiorik egin gabekoak dira bi bertsolariak, baina horrek ez ditu gehiegi kezkatzen. “Ez dut gehiegi pentsatu horri buruz”, dio Martikorenak. Mendizabalentzat, oholtzara igo aurreko uneak izaten dira okerrenak. “Oholtzan, normalean kontzentratuta egoten gara, geure barrura bilduta, publikoaren erantzuna eta txaloak jasotzen ditugu, baina gehiago egoten gara barrura begira kanpora begira baino”.

Jende kopuruan ez ezik, ariketetan ere egongo dira aldaketak, eta bertsolariak bertso eskolan ari dira horiek lantzen. Zortziko handian beharrean, hamarreko handian hasiko dira fase berrian. “Puntu bakarreko aldea da, baina betetzerakoan-eta igartzen da aldea. Uste dut xelebre samar joan daitezkeela ariketak; neuregan eta ingurukoengan, behintzat, hori sumatzen dut”, esan du Martikorenak. Neurri horretako doinuak bakarkakoan ere erabili ohi direnez, entzuteko ere ofizioak arraro antzera gera daitezkeela uste du. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, finalaurrekoetan bakarrik egongo da ariketa hori.

Puntukako ariketa da fase honetan egin beharreko beste ariketetako bat, orain arte egin ez dutena. “Berez, gustatzen zait ariketa, baina entrenatzeko zail samarra geratzen da bertso eskolan, beste ariketetan baino gehiago eragiten duelako publikoaren erreakzioak, eta bertso eskolan geu bakarrik egoten garelako”. Mendizabalek ere atsegin du lan hori. “Egiten ditudan plaza ia guztiak librekoak dira, eta horietan oso gustuko dut puntuka aritzea. Oraingoan, gaiarekin izango da, eta arrotza egiten zaigu hori, baina ez diot aparteko beldurrik”.

ARRASATEKO FINALAURREKOA

Bertsolariak: Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Unai Mendizabal, Eñaut Martikorena eta Unai Gaztelumendi.

Gai jartzailea. Iker Iriarte.

Non. Uarkape pilotalekuan, 17:00etan.

OIARTZUNGO FINALAURREKOA

Bertsolariak: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi eta Iñigo Mantzizidor.

Gai jartzailea. Inaxio Usarralde.

Non. Elorsoro kiroldegian, 17:00etan.

TOLOSAKO FINALAURREKOA

Bertsolariak: Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Jokin Uranga, Jon Maia eta Oihana Iguaran.

Gai jartzailea. Saroi Jauregi.

Non. Usabal pilotalekuan, 17:00etan.

Egin beharreko lanak: Binaka, hamarreko handian hiruna bertso; binaka, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, sei puntuko motzean, hiruna bertso; binaka, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; kartzela, bakarka, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Leave a Reply

Your email address will not be published.