Besarkadak, telemaratoiak eta mila kandela

Leire Narbaiza

Zenbat aldatu diren albistegiak! Lehen politika eta nazioarteko gatazkek okupatzen zuten lekua, eguraldiak, gertakariek eta albiste bitxiek betetzen dute orain. Lehen, kontu serio eta larriez elikatzen ziren informazio zerbitzuak; orain, ostera, fribolitate hutsenak ere ase lezake minutu behar hori. Gure mundu honen adierazgarririk garbiena dela esango nuke.

Lehengo irudi gordinak ezabatze asmoz edo, gertaera happyagoek absorbitzen dute informatiboen denbora oraingoan, eta beti dago zer aipatua ildo horretatik. Solidaritatea delako gure sasoiko leitmotiv-a. Guaiak gara, jatorrak, eta elkartasunez beteta dakartzagu poltsa eta bihotza.

Gaurkoan hizpidera ekarriko dut pasa den ostiral eta larunbatean Bilboko elizbarrutiak egindako ekimen parea, zeinua, deitu dioten moduan. “Mila led kandela pobreziaren kontra”. Hori zen izenburua. Azalpen askoz gehiago barik, ekitaldian azaldu zuten mila gaztek isiotuko zituztela mila kandela Bilboko katedralean eta Basaurin, pobreekin elkartasuna adierazteko. Atentzioa eman zidan hori izatea helburua, elkartasun hutsa, ez diru bilketa, esate baterako.

Neure kautan pentsatu nuen led kandela hori erosi egin beharko zutela gazteek, modu merkean, eta horrela dirutxo bat batu. Baina euren web orrian sartu eta ez dut halakorik aurkitu, harritzekoa. Hurrengo hau da ematen duten informazioa: “Mundu osoan Aita Santuak deituta ospatzen (sic) dan Pobreen Munduko Egunaren harira. Barikuan [ostiralean] mila ikasle baino gehiago batu ziran Santiago Katedralean itxaropen argiak pizteko. Atzo, Basaurin hirurehun lagun baino gehiagok tailerrak eta alkartasunezko bazkaria euki eben [eduki zuten]. Gaur parrokietan gogoratuko da danon artean itxaropen printzak zabaldu geinkezala [genitzakeela] txarren dagozanen alde. Beti be injustizien kontra eginez eta beharrizanean dagozanei eskua luzatuz”. Kortxete artekoak nireak dira, publiko giputzak hobeto uler dezan.

Beraz, keinu hutsa izan da, beharbada gazteak kontzientziatzeko balio lezakeena, baina ez du diru-batzea helburu (kandela horiek ere diru bat balioko zuten); errepresentazio soila da. Gaur egunean oso boladan dagoen kontua. Datorren igandean ere Bilbon Guggenheimi egingo zaio besarkada solidarioa haur minbiziaren kontra. Besarkada bat museoari? Bai, antza denez, bertaratutakoek elkarri eskua emango diote, eta museoa inguratzen ahaleginduko dira. Bitxia, oso bitxia, zeren parte hartzeko ez da inskripziorik ordaindu behar, ez. Beste keinu bat da, solidaritate adierazpena.

Hori bai, EITBren telemaratoiaren barruan dagoenez, horko merchandising-a salduko dute. Baina museoa besarkatzea? Zein zentzu du horrek? Besarkada batek transmititzen duen pertsonen arteko epeltasuna, indarra, babesa eta afektibitatea titaniozko museoak behar ote du? Minbiziak erasotako umeek eta euren familiek beharko dute beso artean lauskitzea, ez latazko arte-ontziak, ezta? Aitatu barik, jakina, telemaratoi horiek eragiten dizkidaten kezka eta ernegua. Hori esanda dudala uste dut, eta ziur nago atzera ere tokatuko zaidala errepikatzea, zoritxarrez.

Postureo berba asmatu da gaztelaniaz halakoak izendatzeko. Sare sozialetako atsegin dut, eta bertxiokatzeak lortzeko. Ekintza azalutsak inondik inora ere, itxurakeriatik asko, baina sakonean ezer gutxi dutenak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.