Behar besteko zukurik ateratzen ez zaion programa

Hamabost urte bete ditu Gipuzkoako bizitza independenterako programak. Gizarte politiketan dagoen “altxor nagusia” da Elkarturentzat. “Pena da ez diogula distirarik ateratzen”, esan du Mikel Malkorra zuzendariak. Besteak beste, mendekotasun legeak ez bezala, laguntzaile pertsonalak kontratatzearen kostuaren %100 estaltzen du —muga da pertsona batek egoitzan duen kostua ez gainditzea—.

Hala ere, hogeita hamar erabiltzaile inguru ditu gaur egun. “Garai batean esperientzia pilotu bezala sortu zen, eta, gaur egun bere dekretu propioa duen arren, oraindik badu kutsu esperimental hori”. Aipatu du gizarte langileek, udalek nahiz desgaitasunak dituzten pertsona askok ez dutela programa ezagutzen. Era berean, laguntzaile pertsonalak kontratatzeko laguntza izan arren, bizitza independentea izateko beharrezkoak dira beste faktore batzuk ere, hala nola diru sarrera duinak izatea eta etxebizitza egoki bat izatea. “Eta jendeak esaten du: ‘Nola biziko naiz 600 eurorekin?’ Eta uko egiten dio programan sartzeari. Pareta hori izaten da askotan, diru sarrera duinik ez izatea”.

Elkarteak programaren balorazio bat egin behar du laster, ikusteko zenbat hobetzen duen desgaitasunak dituzten pertsonen ongizatea eta ahalduntzea, inklusioa eta zenbateraino den merkeagoa bizimodu independentea egoitzen eredua baino.

Leave a Reply

Your email address will not be published.