Gazteak eta hiztun gutxituak

Gazteak eta hiztun gutxituak

Jon Miranda

Erasmus + programaren bitartez, Europako Batasunak diru laguntzak ematen ditu gazteen eta gazteria arloko profesionalen proiektuak garatzeko. Programak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, Gaztematika sarearen bitartez, udalak bultzatu ditu gazteekin batera trukerako proiektuak gara ditzaten. Zizurkilgo eta Elgoibarko udalek erronkari heldu diote, eta hizkuntza gutxituen inguruko sentsibilitatea duten gazteentzako proiektu bat aurkeztu dute.

Parte hartzen ari diren 32 gazteetako bat da Aitor Arruabarrena (Zizurkil, 2004), eta bere hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituelako eman du izena egitasmoan: “Nire etxean ez dugu euskara erabiltzen, amak ez dakielako, eta lagunekin ere, batzuetan, gaztelaniarako joera izaten dut”. 15 eta 17 urte arteko Zizurkilgo eta Elgoibarko zenbait gazte ari dira parte hartzen proiektuan, herri bakoitzeko zortzi, eta, Europako beste hainbat gazterekin aritzeko Erasmus + programak ematen duen aukera baliatuta, Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) lizeo publikoko eta Galway (Irlanda) herriko Muintearas Teo elkarteko beste hamasei gazte gonbidatu dituzte lanketa egitera.

Ane Artutxa (Tolosa, 1991) hezitzaile gisa aritzen da Zizurkilgo Gaztezulo gaztelekuan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz diseinatu duten proiektuaren helburuak zerrendatu ditu: “Udala kezkatuta zegoen azken urteotan euskararen erabilerak behera egin duelako gaztelekuan ibiltzen diren gazteen artean, eta horregatik sortu dute egitasmoa, gazteek hizkuntzekiko duten ikuspegi kritikoa landu dezaten”. Parte hartzaileek aukera daukate beste herri horietako gazteek hizkuntza gutxituekin duten harremana eta haien errealitatea ezagutzeko.

Arruabarrenak badu harremana beste hizkuntza gutxitu batekin, euskaraz gain galegoa jaso baitu etxean. Udan oporretara Galiziara joaten denean erabiltzen du galegoa, eta bere irudipena da jende askok dakiela eta erabiltzen duela: “Hemen batzuk bakarrik dakite euskaraz, eta dakiten guztiek ez dute erabiltzen”. Arruabarrenak badu euskararen eta galizieraren ezaguera, eta beste hizkuntza gutxitu baten egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du orain, Irlandako Galway herrian egindako egonaldiari esker.

Egonaldi bikoitza

Programan parte hartzen ari diren 32 gazteek urriaren 29tik azaroaren 4ra egin zuten lehen egonaldia Irlandan, eta Hondarribian izango dute bueltako esperientzia, abenduaren 2tik 9ra. Galway hiritik ordubetera, gaelikoa gorde eta bultzatzeko Muintearas Teo elkarteak egoitza duen eremuan egin zuten urriko eta azaroko lehen egonaldia. “Aparteko toki bat zen, irla txikiz osatutakoa, eta ez zen jende asko bizi”, aipatu du Arruabarrenak. Artutxak onartu du gazteak hasieran “desmotibatu” egin zirela, baina gerora izan duten esperientziarekin “gustura” sumatu ditu hezitzaileak. Izan ere, abian daukaten programaren helburuak badira hauek ere: beste kultura batzuk ezagutu eta errespetatzen ikastea, beste herrialde bateko gazteekin harremanetan jartzeko komunikazio gaitasunak lortzea, eta parte hartzea sustatzea.

Gaelikoaren egoera bertatik bertara ezagutzeko eta hizkuntza horren egoera diglosikoa hurbilagotik ulertzeko baliatu dute Irlandako egonaldia. Artutxa eta Arruabarrena bat datoz gaelikoaren transmisioan etena egon dela esatean. Euskararen aldean gaelikoak eskoletan duen “presentzia txikiarekin” harritu da gehien Arruabarrena: “Esan zigutenez, hizkuntza bezala ikasten dute gaelikoa, guk hemen gaztelania ikasten dugun bezala, eta eskola batzuetan hori ere ez omen dute egiten”. Muintearas Teo elkarteko kideen etxeetan hartu dute ostatu gazteek, eta harreman zuzena izan dute bertako gazteekin. “Musikarekin harreman handia dute gehienek, eta hango dantzak erakutsi zizkiguten, baita bertakoak diren kirolak ere”, azaldu du Arruabarrenak. “Bisita bat egin genuen telebistara. Euskarazko kate oso bat daukagu hemen, baina han saio bakarra daukate gaelikoz”.

Inguruko hizkuntzek hizkuntza gutxituei egiten dieten presioaz hitz egin du Artutxak. Irlandako gazteek ingeleserako joera dute, frantseserakoa Donibane Garazikoek, eta gaztelaniarakoa Elgoibarkoek eta Zizurkilgoek. “Programa honek balio beharko luke gure egoera baloratzen ikasteko eta euskarak ematen dizkigun aukerak benetan aprobetxatzeko”, adierazi du hezitzaileak: “Hizkuntza gutxitu bateko hiztun izateak badakartza zailtasunak berekin, baina baita aukerak ere. Hori ikusarazi nahi diegu gazteei”.

32 gazteek, euskal herritarrek eta irlandarrek, Hondarribiko aterpetxean egingo dute hurrengo asteko egonaldia. Artutxak azaldu du hitzaldiak, bisitak eta tailerrak prestatu dituztela, eta nabarmendu du egonaldia “modu dinamikoan” antolatuko dutela. Arruabarrenak aipatu duenez, parte hartzaileek ere izango dute ekintzak proposatzeko aukera. Irlandako egonaldian adina ikasteko prest agertu da zizurkildarra, eta gaelikoz ikasitako hitzak errepikatu ditu: “Mait hú“. Ondo egina.

Leave a Reply

Your email address will not be published.