Igandean zehaztuko da zein zortzi bertsolari ariko diren finalean

U. Zubeldia

Finalerako sei bertsokideen zain jarraitzen dute Agin Rezolak eta Beñat Gaztelumendik. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako lehen bi saioak irabazita, abenduaren 14an Donostiako Illunbe pabiloian jokatuko duten finalerako sailkatuta daude, jada, Rezola eta Gaztelumendi. Eta etzi ilunabarrean zehaztuta geldituko da finalerako zortzikoa. Tolosako Usabal kiroldegian jokatuko dute finalaurrekoetako azken saio hori, 17:00etan, eta Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Jokin Uranga, Jon Maia eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan. Zuzenean finalerako sailkatuko da saio horretako irabazlea, eta puntuen zain egon beharko dute gainerakoek.

Gaur-gaurkoz, Alaia Martin (493,5 puntu), Ane Labaka (472,5), Nerea Elustondo (467), Asier Azpiroz (463) eta Iñaki Apalategi (459) leudeke sailkatuta finalerako. Etziko saioan gailentzen ez den bertsolariak, beraz, 459 puntu baino gehiago pilatu beharko ditu finalean sartzeko. Finalaurrekoek sortu duten ikusminaren seinale, aspalditik salduta daude Tolosako etziko saiorako sarrera guztiak. Illunbeko finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko.

 

Bertsolaria           Puntuak

1. Beñat Gaztelumendi* 506

2. Agin Laburu* 501

3. Alaia Martin 493,5

4. Ane Labaka 472,5

5. Nerea Elustondo 467

6. Asier Azpiroz 463

7. Iñaki Apalategi 459

8. Iñigo Mantzizidor 453

9. Unai Mendizabal 452

10. Unai Gaztelumendi 447

11. Amaia Iturriotz 438

12. Eñaut Martikorena 434

*Zuzenean finalerako sailkatuta. Saio bakoitzeko irabazlea eta puntu gehien lortzen duten hurrengo bost bertsolariak sartuko dira abenduaren 14ko finalean.

TOLOSAKO FINALAURREKOA

Bertsolariak: Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Jokin Uranga, Jon Maia eta Oihana Iguaran.

Gai jartzailea. Saroi Jauregi.

Noiz. Igandean, 17:00etan.

Non. Usabal pilotalekuan.

Egin beharreko lanak: Binaka, hamarreko handian hiruna bertso; binaka, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, sei puntuko motzean, hiruna bertso; binaka, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; kartzela, bakarka, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Leave a Reply

Your email address will not be published.