Artea, edozeinen eskura eta poltsikora

Artea, edozeinen eskura eta poltsikora

Aitziber Arzallus

Parisko Louvre museoan eskegita dauden margolanak, Bilboko Guggenheim museoan erakusgai dauden eskulturak, Amsterdameko kaleak argiztatzen dituzten instalazio erraldoiak… Artea dira horiek guztiak, bai, baina ez dira herritarren eskura dauden artelanak: edonork ikus ditzake, baina inor gutxik erosi. Ordea, badira arteari zentzu herrikoiagoa ematen dioten artistak. Jende arruntaren egunerokoari beste kolore bat emateko piezak sortzen dituztenak. Edozeinen poltsikotik ordaintzeko moduko lanak ere egiten dituztenak. Lagun ezkutuari artea oparitzea baino aukera hoberik ez dagoela uste dutenak. Horietako artista batzuen lanak ikusteko eta erosteko aukera izango da, bihartik abenduaren 22ra, Azpeitian lehenengoz egingo duten Zelai Luze arte azokan, Foru Ibilbideko 14. zenbakian.

Gorka Larrañaga (Azkoitia, 1974) eta Olatz Aguado (Azpeitia, 1972) dira azokaren antolaketan buru-belarri dabiltzan sortzaileetako bi. Ideia nola sortu zitzaien azaltzeko, hilabete batzuk egin dute atzera. “Arte tailer batean topo egin genuen, eta han, beste hainbat gauzaren artean, herrian zerbait egiteko aukeraz jardun genuen”, adierazi du Larrañagak. Azoka egingo duten eraikinaren berri izan zuten gero, “ia kasualitatez, Olatzen bidez”. Eraikin pribatua da; lehen Corrugados enpresako bulegoak zeuden han, baina enpresa itxi egin zuten, eta bulegoak hustu. Geroztik ez da mugimendu handirik egon eraikin horretan.

Espazioak ematen zituen aukerak aztertu zituzten, eta erabaki zuten arte azoka antolatzea, batetik, inguruko sortzaileen lana herritarrei erakusteko, eta, bestetik, herritarren artean artearen kontsumoa sustatzeko. “Inguruko herrietan artisau azokak egiten dira, baina arte azokarik ez, eta beharrezkoa zen bat antolatzea”, Aguadoren irudiko. Horrek artea kontsumogai gisa ikusten lagunduko lukeela uste dute. “Izan ere, jendeak denetik erosten du, baina artea erosteko ohiturarik ez du, eta hori aldatuz joatea da guk nahi genukeena”.

Bailarakoak gehienak

Azokan parte hartzeko proposamena zer artistari egin pentsatzen hasi ziren, eta ingurukoengana jotzea erabaki zuten, ezagutzen zituzten artistengana, hain zuzen. “Oreka mantentzen saiatu gara kalitateari dagokionez. Atzetik ibilbide bat duten artistak dira guztiak, artea sortzetik bizi direnak edo horretan saiatzen ari direnak, behintzat”, azaldu du azkoitiarrak. Bailarako artistak eta artista ezagunak dira gehienak. “Energia handiko jendea” dela iritzi dio Larrañagak, eta hori ezinbestekoa dela, “horrelako zerbait aurrera eramateak energia asko eskatzen baitu”. Larrañagaz eta Aguadoz gain, ondorengo hauek dira azokan parte hartuko duten sortzaileak: Aitor Etxeberria (Mendaro, 1958), Barbara Stammel (Socking, Alemania, 1960), Txiki Agirre Keixeta (Arroa, Zestoa, Gipuzkoa, 1963), Iban Izagirre (Azpeitia, 1985), Udane Juaristi (Azkoitia, 1985), Jon Andoni Martin (Azkoitia, 1964), Cesar Rangel (Mexiko Hiria, 1977) eta Urssy Baterna Art Gruppa.

Artista bakoitzak erabakiko du zer jarriko duen salgai. Larrañagak, esaterako, “formatu txikiko obra bakarrik” eramango du azokara, “paper gaineko obra: serigrafiak, grabatuak…”. Azokara doan jendeari eskuragarri egingo zaizkion lanak izango dira denak, hori interesatzen zaiolako. “Etorri, ikusi, erosi eta etxera eramateko moduko gauzak izango dira guztiak, eta denek izango dute prezioa ikusgai, jendea ohar dadin edozein poltsikotarako artea egiten dugula eta arte hori eskura dutela”.

Eizagirrek ere formatu txikiko lanak eramango ditu azokara: inprimatze digitalak, serigrafiak, margolan bihurtutako skate taulak, akuarelak… Stammelek, berriz, formatu handiko margolanak ere jarriko ditu bere gunean. “Artista bakoitzak kudeatuko du bere gunea; ez da egongo bitartekaririk artistaren eta herritarraren artean”, argitu du Larrañagak. Hori horrela, aukera aproposa izango da elkarrekin harremanak egiteko, eta, herritarren batek artistaren baten obra sakonago ezagutu nahiko balu, gerora izango luke aukera harremana estutzeko.

Azoka “guztiz irekia” izango dela nabarmendu dute Larrañagak eta Aguadok, eta euren nahia dela “ahalik eta jende gehien eta ahalik eta era gehienetakoa” joatea. “Inork ez dezala izan beldurrik azokara etortzeko”, esan du azkoitiarrak. “Museo batean erakusketa jartzen dugunean, sentipen hori izaten dugu askotan, jendea ez dela ausartzen sartzera, ez dakielako zer topatuko duen barruan. Alde horretatik, lasai etor daitezela, guztiak izango baitira ongietorriak”.

Ahalik eta herritar gehien erakartzeko nahi horrek bultzatu ditu azoka hainbeste egunetan zabaltzera. Datozen hiru asteburuetan egongo da irekita, larunbat eta igande, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Asteburuan joan ezin dutenek, astegun goizetan ere izango dute aukera, 09:30etik 13:00etara; artistarik ez da egongo, baina haien lanak bai.

Larrañagak eta Aguadok eskerrak eman dizkiete eraikinaren jabeei, Azpeitiko eta Azkoitiko udalei eta egitasmoan parte hartzea erabaki duten artistei, “guztiek hasieratik erakutsi duten jarreragatik eta laguntzeko une oro izan duten prestutasunagatik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.